Surfaren etorkizuna Zarautzen
Betidanik gustatu zait hondarretan jesarri eta itsasoaren pekak kontatzea. Udan itsasoa pekaz betetzen da, gure azala bezala. Giro onagatik, edo kanpotar kopuru handiaren eraginez surflariz betetzen da kosta. Atzokoa ordea harrigarria zen, txapelketa gunetik kanpo ehundaka afizionatu baitzeuden olatu onena hartzeko irrikitan. Itsasoa pekaz beteta, bai jauna. Eta txapelketa gune barruan lau kolore ezberdineko lau peka nabarmentzen ziren, finalera iritsi ziren lau gaztetxoak alegia.
Nik surfaz gehiegi jakin ez, eta han inguruan zebilen antolatzaile bati galdetu nion: “Aupa hi, zemouz jun dek konpetiziyua? Zein deken faborito eo… ba al dakak esatia faorez? Eske enauk enteatzen gehiegi… kar kar!”. Berak azaldu zidan, nola faborito garbia Ramzi Boukhiam marokoarra zen eta espektakulua emango zuenaren hustea omen zuten antolatzaileek. “Finalean, Surflari bakoitzak 15 olatu hartu ditzake gehienez eta bi olatu onenen puntuazioen batura izango dute kontutan epaileek. Olatu bakoitzari 0tik 10erako jartzen zaio”. Nik surfaz gehiegi jakin ez, eta irriparre batez erantzun nion: “eskerrikasko”.
Esango duzue, nola zarauztarra izanda ez dakidan surfaz ezer… baina izan argi “zarauztarra=surfista=pijoa” ekuazioak gehienetan ez duela funtzionatzen.
Beno, finala nahiko pattal hasi zela jakiteko behintzat ez zen aditu bat izan behar. Olatu ertainek ez zuten laguntzen espektakulua sortzen. Hala ere Ramzik egin zituen zenbait saiakera pare bat olaturekin; hori bai, 4 puntutik pasa gabe. Apurtxo bat itxaron ostean, olatuak harrotzen hasi ziren eta marokoarrak ez zion aurkari bati berari ere aukerarik utzi. Serie berri hortako bi olatu hartu eta sekulako hatzaparkada eman zien gainontzekoei; lehenengoarekin sei puntutik gora lortuaz eta bigarrenarekin zazpitik gora. Aurretik zen jada sailkapenean.
Ian Fontaine saiatu zen aurka egiten, behin eta berriz olatuak hartuz, baina ez zuen zorte handirik izan. Azken errematea falta zen ordea. Ramzi, ordura artekoarekin gustura ez eta 9,33ko puntuazioa lortu zuen olatu luze batean… zur eta lur geratu zen ikuslegoa eta txalo zaparrada jaso zuen surflariak. Argi utzi zuen zergatik zen faborito…
Tira zertxobait gehiago ikasteko balio izan zidan niri arratsaldeak. Egia esan gutxitan joan naiz horrelako txapelketetara, aspertu egiten bainaiz normalean. Atzo ordea ez nintzen aspertu; zirraragarria izan zen, konturatu bainintzen, etorkizuneko surflariak Zarautzen ari direla ikasten.