Sortu, Otegi eta presoak Raxoiren buruko minak izango dira datozen hilabeteetan
Sortu, Otegi eta presoak Raxoiren buruko minak izango dira datozen hilabeteetan
Mariano Raxoiren gobernua euskal auziaren konponbidearen inguruan kokatzen hasi beharko da: laster eta derrigorrean. Epe motzera gutxienez hiru hesi gainditu beharko ditu: Sortu, Otegi eta presoak. Jarraian hiru auzi horiek nondik nora jo dezaketen iragartzeko bide batzuk.
Nahi baino lehenago, PPk Euskal Herrian ireki den egoera berrian kokatu beharko du bere burua; poliki eta mailaz maila egingo du. Amaiurrekin hitz egin nahi ez izatea, aurrera begirako paradigma baino, Espainiako sektore erradikalenetan hautsak ez arrotzeko erabakia izan dela dirudi.
Dena den, hurrengo analisia agian okerra izan daitekeen premisa batetik abiatzen da: Gobernua ETAren desagertzearen bidean normalizaziorako urratsak emateko prest dago. Izan daiteke konbentzimenduz edo nazioartetik nahiz Euskal Herritik izango duen presioagatik. Mariano Raxoik du hurrengo hiru gaietan azken hitza.
Hiru dira epe motzean Mariano Raxoik kudeatu beharko dituen gertakizun esanguratsuenak, horien aurrean duen jarrerak marraztuko du Gobernuaren ildoa. Mediatikoki oihartzun gehien izateko itxura dutenak dira hurrengoak, izan ere, iritzi publikoa/mediatikoa alde izatea behar du Raxoik epe ertainerako erabakien aukera esparrua zabaltzeko.
- Sortu legeztatu ala ez erabaki behar du Auzitegi Konstituzionalak
Sortuk otsailaren 10ean aurkeztu zituen bere estatutuak Barne Ministerioan. Martxoaren 24an legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenak bi botoren aldeagatik. El Paisek proposatutako inkestan, zeinetan 38.000 pertsonak hartu duten parte, %80 legez kanporatzearen aurka azaldu zen. EAEko PPk Sortu “benetan” ari bazen “eskuzabalak” izango zirela iragarri zuen.
Orain, ETAren erabakiaren ostean, Sortu legaltzat jotzen dute kiniela guztiek. Izan ere, dagoeneko Espainiak onartu du ezker abertzalea de facto hauteskundeetan egotea Bildu eta Amaiurren bidez. Noiz legeztatu baina? Zabaltzen ari den ideietako bat da Espainiako Gobernua gabonak aldean osatu baino lehen legeztatuko dutela. Hala, PPk legalizazioaren ardura bere gain hartzea ekidingo luke eta epaileen “erabakiarekiko errespetuaren” jarrera erakuskera mugatuko litzateke.
- Arnaldo Otegi kartzelan mantendu ala ez erabaki beharko du Auzitegi Gorenak
2009ko urriaren 14ean atxilotu zuten Arnaldo Otegi. Aurtengo irailaren 15ean “Bateragune Auzia” dela eta 10 urterako zigortu zuten. Abokatuek errekurtsoa aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean eta horren zain daude orain. Patxi Lopez lehendakariak esan zuen erabaki judizialak “frustrazioa” eragin zuela. PPk, ordea, “pozik” jaso zuen erabakia.
Arnaldo Otegi kartzelan gero eta gehiago egon, orduan eta indar gehiago izango du haren itzulerak. Gainera, laster dira Otegi lehendakari hautagai izan dezaketen hauteskundeak. Hausnarketa honek egina behar du izan PPn, baita estatuaren erakundeetan ere. Gorenak aukera du atzera egin eta Arnaldo Otegiren aurkako zigorra baliogabetzeko, baina ez du halakorik egingo Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe. Badu aukera ere Arnaldo Otegi beste 10 urtez itzalean mantentzeko, “eta gero gerokoak”.
Erabakia zigorra mantentzea izan ala bertan behera uztea, Gobernuaren asmoen araberakoa izango da.
- Presoen hurbiltzea
Patxi Lopezek argi esan du El Correoko azalean: “Presoak hurbiltzeko ordua da“. Lehendakariak puntuak irabazi nahi ditu etxean Madrilen euskal herritarren gehiengoaren aspaldiko aldarrikapena eutsiz. Era berean, Raxoiri PSOEren “presio bigunak” lagundu egiten dio erabaki hori estatu erabaki gisa aurkezteko. Hori bai, presoenganako neurriak malgutzeak (gaixotasunak dituztenak, behin behinean atxilo direnak, Parot Dotrina ezabatzea…) Espainiako iritzi publikoan aurkezpen trebea izan beharko du. Baliteke, ETAk armak entregatzearen bidean urratsak eman arte presoen auzia egonean mantentzea. Aieteko Konferentziako kideek bitartekaritza lan isila egin dezakete.
Antonio Basagoiti izan daiteke, eta ziurrenik aste honetan izango du zer esan Lopezen hitzen harira, presoen hurbilketa mahai gainean jartzen lehena. Basagoitiren hitza litzateke Espainian sinesgarritasun gehien izango lukeena auzi honetan urratsak eman behar direla ikustarazteko.