"Soñamos con un Bilbao euskaldun"

“Soñamos con un Bilbao euskaldun” –

Ez da nik esana, Bilboko udaleko EHBilduren bozeramaleak baizik.

Bilbao aldizkarian jazo da. Munduko hiriburuko alkateak eta udal taldeek urte berriko zorion gutuna agertu dute bertan.

"Soñamos con un Bilbao euskaldun"

Alderdi abertzaleak hain daude itxurakeriara ohituta ze, noraino heltzen diren eta zein nabarmen geratzen diren ere ez baitira konturatzen.

Aipatutako aldizkarian Alkateak ele bietan egin du.

EAJren bozeramaleak 23 lerro sortu ditu españolez eta 9 euskaraz. PSOErenak 22 lerro españolez eta 7 euskaraz.
EHBilduk 21 lerro españolez, goiburukoa tartean, eta 4 euskaraz…

Euskal ametsik beroenak izozteko moduko ariketa burutu dute bada: Soñamos con un Bilbao euskaldun… ¿en español?

Ez dut zalantzarik EHBilduzale gehienek benetan desio dutela Bilbo euskaldun bat, baina euskaltzale platoniko askori gertatzen zaie, nahi dituztela Bilbo, Iruñea, Gasteiz edo Baiona euskaldunak, eurok euskaraz gutxi edo ezer ez egin arren.

Nahi dute Euskal Herri euskaldun bat, españolez bizi diren arren. Nahi dute beste batzuek, haurrek bereziki, herria euskaldun dezaten, helduok ahaleginik egin barik, inposatu dizkiguten ohitura españoletan eta frantsesetan blai eta gozo dagoeneko. Amets gutxixeago eta hausnarketa sakon xamarra egin beharko genukeelakoan nago.

“Soñamos con un Bilbao euskaldun”

Oinezkoa

14 pentsamendu “"Soñamos con un Bilbao euskaldun"”-ri buruz

  • Arrazoi osoa JJ. Berez etorriko da nonbait!, amets egitea nahikoa balitz bezala.

  • Benat Castorene 2020-01-17 21:23

    Ezbada sinpleki gezur huts bat baizik, zinez Baiona euskaldun desio duena ezin sendatuzko ameslari errabiatu bat da, beraz, ez du balio hausnarketaz hitz egitea harekin, nahiagoko du ametsetan segitu.
    Sentitzen dut JJ

  • Hori ere egia da, bai. Baiona edo Bilbo euskaldunik ez dugu ezagutuko. Baina horrek ez du esan nahi, Bilbo egun dena baino askoz euskaldunagoa izan ezin denik. Eta batez ere, inkoherentzia maila demasekoa da salatzekoa. Aski dugu antzezkizunez.
    Eskerrik asko bioi.

  • Benat Castorene 2020-01-17 22:31

    Bilbo euskaldun egunen batean? ezdakit
    Baionari dagokionez ez atzo ez gaur ez eta bihar ere

  • Arrazoi duzu, Beñat. Baiona ez da sekula izan eta ez da sekula euskaldun izango (zuri ikasia dut hori, eta ados nago). Bilbo ere ez da euskalduna izango, dagoeneko errotik erdaldunduta dagoelako duela mendeak hasitako ordezkapen prozesu baten ondorioz. Baina egun dena baino askoz euskaldunagoa (ez da zaila, ia erabat erdalduna baita) izan daiteke, baldin eta errealitateari aurrez aurre begiratzen bazaio eta hizkuntza politika zintzoa eta aurrerakoia ezartzen bada.
    Baina horretarako egungo itxurakeria eta antzezpenetatik irten beharra dago lehenik.

  • Benat Castorene 2020-01-18 12:47

    Iduritzen zaidanez diferentzia haundia dagoela Bilbo eta Baionaren artean.
    Ulertu dudanez Bilbo da hiri industrial “onjo” bat ezin ukatuzko Bizkaiko probintzia historikoan kokatua. Euskarari dagokionez “arazoa” letorke Espaniatik jindako ( edo jinarazitako) langileez hanpatu zela neurri ezohikoan industrializazioarekin batera.
    Baionak aldiz badu historia bat luzea, aberatsa, dinamikoa, eta ospetsua ere Anglo Normandiarren denboran, bainan Lapurditik at eta kontra Franko-Gaskoiek beraientzat eratu zutena, nahiz askotan interes bera euki Hegoalderekiko zerga dispentsari begira.
    Nahikoa da entzutea 1790ko irailaren 11ko Munduteguyren hitzaldearen parte baten argudioak Laprdiko Auzitegia Baionara ez lekuz aldatzeko. Ez zuen oraindik trahizioa bururaino ereman eta entseiatzen zen defendiatzen Uztaritzeko Auzitegia Iraultzako Estatuari othoitzak inozoki eginez :
    “Baiona jadanik nasaiki hornitua dago, barne eta kanpoko komertzio haundi bat, hainbat erakunde Industri arlo jori honi doakionak, eta, beste batzuei ere ; Hiri militarra denez bezainbatean, Kontsulatuen Gorte bat, Amiraldegi bat, Monetagintza bat, Eskaleentzako Etxe bat, hanbat Ospitale, Garnizio militar bat ; Aldiz, denbora berean, Lapurdiko probintziak, inertzia haundienean eroriak, bere biztanleen kontsumoaren herena ere ekoitzen ez duenak, ez dauka ezer horrelakorik. Horrengatik, Printzipio Berritzaileei begira merezi luke Lapurdiri emaitea intituzio horietarik batzuek, eta, beti euki duen instituzio bakarra hari kentzea Iraultzaren ikusmoldearen kontrakoa litzateke”.
    Ikusten ote duzue zenbat frantziar instituzio peto petoz hornitua zegoen Baiona?
    Frantziako edozein iri inportante bat bezainbat nahiz apenas 10 000inguru biztanle bakarrik eduki.
    Lapurdik bere instituzio propio zaharren arrasto batzu balkarrik gelditzen zaizkiol.

  • Estatu Frantziarraren apustua nabari da hor…

  • Ezjakintasunetik eta jakinik galdetzea erraza dela eta ihardestea zaila, baina, Beñat, 1790ean, Baionan euskaldun parrasta bat ere biziko zen gaskoi eta Iparraldeko frantses militar eta funtzionario eta gainerakoekin batean, ezta? Zure mezua irakurrita, kasik soldaduek zaindutako mugak irudikatzen dira; Lapurdiko herria eta Baionako hiria guztiz biga izan balira bezala azken mila urtean…

  • Benat Castorene 2020-01-18 15:10

    Zure “ezjakintasun ustezko edo egiazkotik” bi punduetan arrazoi duzu duzu Patxi:
    Iraultza denboran orai bezala eta beti bezala bazen %10 eta %20 arteko gutiengo bat (artisau, sehi, merkarari, arribistak ere…) zeinaren Herritik azken etorritakoek oraindik euskaraz zakiketen seguraz ere.
    Normal da Euskal Herria Hegaldetik eta Ekialdetik Baionako bortetaraino iristen da. Hiri oso aria zen eta Amerika bezain erakargarria. Euskaldunen portzentaia biziraun du honaino guti gora behera . hanpatu da XX.mendeak baxerri munduaren husteak eragindako emigrazioarekin. Bainan orai geldituko da Herria odolustua delako eta alderantziz Baionatik eta Frantzia guzitik jindako jendeak inbadiatzen gaitu Herrian.
    Bestetik diozun bezala bai”Lapurdiko herria eta Baionako hiria guztiz biga izan …azken mila urtean”
    Mila lekukotasun daude bainan erakasgarriena da aztertzea Iraultzaren denborako gataska zeinetik atera dut Monduteguyren pasarte hura.
    Gaur egungo ikuspuntua da fenomeno sozio ideologiko bat harrigarri bat zeinaren genealogia egitekoa den.

  • Milesker Beñat

  • Benat Castorene 2020-01-19 10:25

    Eznakike egon erakutsi gabe Munduteguyk, laster moralik gabeko traidore bilakatu beharrak, Udaletxean egindako aurreko hitzaldi berean, eman zuen bosgarren argudio linguistikoa Lapurdiko Tribunalaren edo Auzitegiaren exististentziaren alde:
    ” 5) Hiri karesti batean, gastuak emendatuko dira auzilari pobreentzat. Izan ere, Itzultzaile baten beharra izanen dute beren auzian parte hartuko duten funtzionari guziekin mintzatzeko, eta, arratsetan Baionako ateen hestearekin, ahaide, lekuko eta aditu kopuru handi bat usu preso egoiten dira, aldiz, Uztaritzetik atera daitezkeelarik edozoin ordutan.
    Euskaldun gehienek frantsesa ez dute ez ulertzen, ez mintzatzen, eta, Baiones gehienek ezdakite euskaraz. Hizkuntza denek ulerturiko eta mintzaturiko batekin, gaizki ulertze edo gaizki adierazte batek, arreta falta batek, edo, pasioak arriskuan jar baldin balitzakete herritarren fortuna, ohorea edo bizitza, zenbat aldiz gehiago oraindik arrisku larri horiek ez dira gertatuko Baionan euskaldunentzat. Akusatu batek egina zaion galdera gaizki ulertzen badu, edo, jujeak esabide konfusoak erabiltzen baditu, edo, itzultzaile merzenario batek ez badu ongi ulertzen, … zer bilakatuko ote da ordea herritar akusatua ?…Euskal hizkuntza da esapide eta erramolde berezienak dauzkana, gutienik imitatuak, besteenekiko gutienez idurikoak. Herri beraren biztanleek modu desberdinez hitz egiten dute, aurki baidaitezke bospasei elokuzio desberdinak forma alokutiboaren edo erramolde gramatikoen gatik. Itzulpenaren fidelitatea jadanik hain zaila omen baldinda, nola, ikaratu gabe, entrega ditzakegu, eskualde oso bateko biztanleen fortuna, ohorea, eta, bizitza, ez dugu ez erranen onestasun mailari, baina bai itzultzaile merzenario baten ulermen gaitasunari ?
    Nola bada, eskualde honen biztanleek abandonatuko lituzkeen lege horiek, beraientzat eginak, beraientzat hain bereziki eginak, beren interesak sakrifikatu gabe ? Izan ere, emaiten die berek hitz egiteko eskubidea. entzunak izaiteko eskubidea. Lege horiek erreklamatzen dituzte, haienak dira Erreinuko legegileek haientzat eginak baitira, haientzat emanak izan zitzaielako. Zin egin dute Konstituzioa mantentzea. Haientzat hain preziatuzkoak diren Kontituzioneko lege horiek erreklamatu behar dituzte ».
    Aipamen hauek datoz balekibale itzultzen entseiatzen ari naizen “Ustaritz au temps de la Revolution” Michel Duharten uztariztarraren liburutik. ( 24/25/26 orrialdeetan)

  • Esker mila Beñat lan astun edo dorpe hori hartzeagatik.

  • Ez dakit euskara biziraun duen ez Bilbon, ez Baionan ta ezta inon. Baina ahal bada, Baionaren lurrak euskaldunak ziren Frantsesa ta euskaratik datorren gaskoia sortu baino lehen, eukalduna zen. Nahiz ta gero sortu zen Baionatar sentipen aparte hori, zilegitasun osoa dugu ahal badugu bereuskalduntzeko. Euskaldunak ez dira guztiz inoiz desagertu, Baionatar euskaldun ospetsuak egon dira, ez dira isolatuak egon. Arabatik, enkartazionetik, Erribera tik.. baita ere, ia euskara desagerrarazi zuten, ta? EHren parte dira. Beraz, denborak esango du hortik guztiz desagertzen garen ta EH izateari uzten dion. Momentuz da, nahiz ta gero ta frantses gehiago dauden. https://nabarralde.eus/la-conquista-de-lapurdi-el-origen-de-baja-navarra/ https://nabarralde.eus/origenes-de-lapurdi-vizcondado-nabarro/ https://nabarralde.eus/historia-de-baskonia/

  • Benat Castorene 2020-01-21 22:11

    « Baina ahal bada, Baionaren lurrak euskaldunak ziren Frantsesa ta euskaratik datorren gaskoia sortu baino lehen, eukalduna zen ».
    Diozun bezala, Frantsesa, Gaskoia, eta Espainola sortu baino lehen, ez bakarrik Baiona, bainan seguraz ere Akitaniaren parte haundi bat ere Espainako parte bat ere « euskalduna » izango zen, hots, Baiona bezain euskalduna.
    « Nahiz ta gero sortu zen Baionatar sentipen aparte hori,… »
    Ezdakit zergatik diozun « sentipen aparte », beren sentipena da eta kitto, gurea ez dena bainan gurea bezain baliosa dena.
    Artetik erraiteko, guk, ez baniz oker, betidanik erran ohi dugu « baiones » ez eta « baionatar »
    « zilegitasun osoa dugu ahal badugu bereuskalduntzeko »
    Sentitzen dut, Suagaar, bainan hau da iritzi bat tipikoki « inperialista » nola inperialista den frantsesen gu frantsesteko politika. Errangabe doa ez zarela frantsesak bezain danjerosa.
    « Euskaldunak ez dira guztiz inoiz desagertu, Baionatar euskaldun ospetsuak egon dira, ez dira isolatuak egon »
    Beti izan da Baionan, gutiengo tipi bat gure Herritik hara joana arrazoi hainitzentzat. Baiona gure mugan dagoen hiri inportante bakarra, kontrarioa harrigarria litzateke.
    Proposatzen dizut emaitea baiones euskaldun ospetsu horien lagin zenbait.
    Beharbada erranen dizut baiones jatorrak diren edo herritik hara joandako euskaldun batzuen seme alabak. Normalean 2 belaunaldiren buruan asimilatuak dira.
    Arabatik, enkartazionetik, Erribera tik.. baita ere, ia euskara desagerrarazi zuten, ta? EHren parte dira.
    Goragoko irukin batean erran dut ez zela dena nahasi behar.
    Lurrade horientzat badakigu ez dutela hain aspaldi galdu eta nehork ezin uka probintzia historikoetan daudela.
    Dena kontrakoa da Baionarentzat ; Hiri denetik behintzat dokumentatua dago ez zela euskaraz egiten, eta, Baiona eta Lapurdi bi entitate desberdinak zirela.
    Aurretik dizut,( ezagutzen baitzaitut) XI mendean, 150 urtez, Nafarroako erreinuak Lapurtarrei inposatutako Baionako Lapurdiko bizkonde horiek, guk beharrik gabe Baionesek bota zizkigutenek, ez dute ezer aldatzen gure aferari.
    Suagaar, JJk dioen bezala ordu da, denontzat, amets gutiago eta hausnarketa gehiago egitea.
    Azken, gauza bat, ezdakit nun ikusi duzun Gaskoiera Euskaratik zetorrela???