Soldatak jaistea al da irtenbidea?

Soldatak jaistea al da irtenbidea? –

Azken egunotan, eta bizi dugun egoera ekonomikoaren aurrean, hainbat arduradun politiko eta sozialek langileen soldatak jaisteko beharra azpimarratu dute. Hilabeteetako ziurgabetasunaren ondoren, ez da kasualitatea hainbat enpresa eta arduradunek modu koordinatuan “lan gehiago egin behar da eta gutxiago kobratu” edo “gure aukeren gainetik bizi izan gara” bezelakoak berriro ere plazaratzea. Kontua da, berriz ere, 2008an espekulazio kapitalistak sortutako krisiaren ondorioz gertatu zen bezala (eta horren ondorioak pairatzen jarraitzen dugu), herritarren pobretze masiborako bidea prestatzea, kapitalaren etekinei eustearen kontura.

EAEko hauteskunde-kanpainan Urkulluk behin eta berriz murrizketarik ez zela egingo esan zuen. Kanpaina amaitu eta egun batzuetara,  hainbat enpresak lan-baldintzak aldatzeko borondatea agertu dute, kaleratzeekin mehatxatuz. Guztiak EAEn zentro garrantzitsuak dituztenak: Aernnova, ITP eta Tubacex. Modu koordinatuan eta hauteskundeen ondoren, kasualitatea?

Soldatak jaistea al da irtenbidea?Planteamendu horien aurrean, Arantza Tapiak, jarduneko sailburuak, herrialdeko hedabide garrantzitsu batzuetan argitaratutako elkarrizketan, oinarri ideologikoa eman die planteamendu horiei: “Soldatak jaisten saiatu behar da kaleratzera jo aurretik“. Ezer berririk ez du formulatzen. Zein da jarduneko sailburuaren helburu nagusia? Enpresetako zuzendaritzak edozein erantzukizunetatik libratzea, langileak beren enpleguetatik eta lan baldintzetatik babesteko egingo dugun borrokaren aurrean. Tapiaren arabera, irtenbidea sindikatuen esku dago, soldatak arazoa direla onartzen ez badute, kaleratzeak eragingo dituzte eta enpresak ixtea beraien ardura izango da.

Zentzu gutxieneko bat duen edozein pertsonak badaki koronabirusak sortutako abaguneak merkatu falta, lan-karga eta ziurgabetasuna eragiten dituela. Inbertsio egokiak egin ez dituzten eta lehiakorrak ez diren enpresek soldatak ez diren arazo bat dute. Ez dugu ahaztu behar ERTEekin (gizarte osoaren diruarekin ordaintzen ditugunak) enpresek zuzenean uzten diotela langileei soldata ordaintzeari. Langileen kontrako neurriak hartuko dituztela iragarri duten enpresa gehienak ERTEn daude. Adibide bat Aernnova da, azken urteotan milioika euro banatu baititu akziodunen artean. Dibidendua ordaintzeko empresa zorpetzea ere proposatu du, duela urte batzuk Tubos Reunidosek egin zuen bezala, bere zorra enpresak berak sortu baitzuen milioiak banatzeko.

Jarduketa horien aurrean, sailburuari ez zaio analisi zorrotz eta kritikorik entzungo. Elkarrizketa horretan, “Aireportu batera hurbiltzen bazara, egoera ikusi ahal izango duzu” erantzun du, sektore aeronautikoaz galdetzen diotenean. Sailburu, “egoerak” konplexuagoak dira, eta objektibotasunez aztertzeko, ezinbestekoa da abiatzea enpresen erantzukizun soziala ere badagoela, eta, kasu askotan, etekinak lortzeko soilik jarduten dutela, eta erakundeetako arduradunek gizartearen ona zaindu behar dutela, eta ez zati txiki batena bakarrik.

Koronabirusa diru-sarrera gutxiago eta gastuaren igoera handia uzten ari da. Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasun diputatuak adierazi duenez, “ez da zergak igotzeko unea”. Larrañaga jaunaren esaldi hau atenporala da. Ez oparoaldietan, ez garai zailagoetan, ez zaie enpresei zergak igo behar, ezta errenta altuenei ere, diputatuaren arabera.

Urkulluk kanpainan egindako adierazpenek, eta Tapia eta Larrañagaren ondorengo adierazpenek, aurrean dugun errealitatea argitzen dute. Kanpainan esandakoagezurra zen. Soldatak jaisteak diru-bilketaren arazoak areagotuko ditu, zenbat eta soldata txikiagoa, orduan eta diru-bilketa txikiagoa. Gainera, kapitalarentzat, COVID-19 pairatzearen errua ez dute izango kanpoan diru gehiago irabazteko deslokalizazioek (Gamesa-Siemens), inbertitu gabeko eta dibidendu gisa banatutako milioiek (Aernnova), ezta merkatuko egoera koiunturalek ere (Tubacex, ITP). Analisi sinplisten aurka borrokatu eta kapitalaren aurrean jartzen direnen errua izango da. Fiskalitate justuagorik gabe, zorrak gora egingo du eta murrizketa sozialek aurrera jarraituko dute.

Ibilbide-orri horri egin behar zaio aurre. Europan soldata altuenak, lanaldi laburragoa eta presio fiskal handiena duten herrialdeak izango dira, berriz ere, krisiari hobekien aurre egingo diotenak. Epe luzerako politika industrialak martxan jartzeko diru gehiago bilduko dute, sektore berritzaileak eta lurra errespetatzen dutenak bultzatuz. Soldatak jaistea arazoaren zati bat da, ez konponbidea.

Aberastasuna sortuko duen industria baten alde borrokatuko gara, zerbitzu publikoak indartzeko. Zaintzen gaituztenak zaintzeko. Bitartean, Margaret Thatcherrek pozik begiratuko du nonbaitetik, gure Euskal Herri txikian hainbestetan porrot egindako bere politikaekonomikoak, hain zorrotz aurrera eramaten direla ikusiaz.

Soldatak jaistea al da irtenbidea?

Soldatak jaistea al da irtenbidea?  Soldatak jaistea al da irtenbidea?
Unai Martinez

ELAko industria eta eraikuntzako arduraduna

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude