Snobkeriak Oporton
Neuk ere neure snob txikia daukat. Horregatik, agian, joan den asteartean Fernando Pessoaren O banqueiro anarquista e outros contos liburua erosi nuen Oportoko Lello liburudendan. Agian diot, izan ere, Athleticek jokatzen zuen partidua ikustera joan nintzen Portugalera eta agian, neure buruari futbolzaleok ere irakurtzea gustuko dugula gogorarazteko erosi nuen Pessaoren lana. Agian.
Liburua hartzean ez nekien portugalera ulertzeko gai izango nintzen eta esan dezaket, gaztelera menperatzen duen edonork liburu hau irakur dezakeela arazo barik. Egia da irakurketa apur bat nekeza gerta dakigukeela, izan ere, “gaztelera deformatuari” forma eman behar diogulako batzuetan (“ñao = ez” edo “eu = ni”), beste batzuetan hitzen esangura “asmatu” behar delako (“manha = abilezia”) eta zenbaitetan ahots ozenez irakurtzea komeni delako (“Ora o que é” = Orduan zer da…, “Nesta” = honetan), baina, oro har, nahiko ondo ulertzen da Pessoaren lan hau, ingelesezko literatura baino askoz errazago.
Deskubrimenduak portugaleraz idazten den literaturaren atea zabaldu dit, baita seguru aski galegoz idazten denena ere. Era berean beste ate bat zabaldu dit: harridurarena. Zergatik ez gaituzte bultzatzen gizarte honetan, non kulturaniztazuna balio preziatutzat jotzen dugun, latindarrak diren beste literaturak ezagutzera, pazientzia apur batekin ulertzeko gai garelarik? Hona erantzun snob bat: kulturaniztazuna eta unibertsalismoa ingelesez abesten, idazten eta entzuten delako. Edo ingelesera itzultzen delako. Agian.
*Frantsesa, katalana edo italieraren gainean artikulu bera idaz genezake