Sinesmenek ez dituzte mendiak mugitzen
Sinesmenek ez dituzte mendiak mugitzen –
44 urte geroago eta higadura handia izan arren, EAJk hauteskundeak irabazten jarraitzen du. Otxandianok iragarri zuen ziklo politikoaren aldaketa zetorrela baina ez da horrela izan, eta momentuz gobernua osatzeko gehiengoak ez dira berrituko. Beharbada, EH Bilduk oraindik ez ditu ordaindu ezker abertzalearen zor guztiak.
Hauteskunde-kanpainaren azken egunetan ETAren itzala agertu da eta, berriz ere, PSE-EEk “zoru etikoaren” auzia suspertu du EH Bildurekin edozein akordio baztertzeko. Anduezak seguruago ikusi du bere etorkizuna EAJren babespean. Eta Madrilen ematen den konplexurik gabeko akordioa hemen, momentuz, ez da “etikoa”
Hautagaien profilak izugarri landu dituzte, distortsiorik ez sortzeko. Zerrenden buruaren gehiengoa gizonak izan dira, 80ko hamarkadan jaioak, Unibertsitate tituluekin eta gizarte borroketan esperientzia gutxirekin. Pentsatzen dut alderdi guztiek garbitu dituztela hautagaien motxilak, azken poltsikoa barne. Jokabide horiek memoria kolektiboaren ezabatze selektiboa bilatzen dute, eta horrela alderdien ibilbideak berrabiarazten dira, zerotik hasiko balira bezala. Aukera bakoitzaren fededunek beren aukeratutakoengan fedea mantendu behar dute, eta sinistu hoberenak izango direla.
“Krisialdi sakon baten atarian, inork ez du azaldu nola egin aurre etorkizunari. Nire ustez, airean geratu dira galdera nagusiak”
Seguru EAJri ez zaiola erraza izan zerrendetan ez sartzea alderdiko bezeroentzat edo ate birakarietako bidaiarientzat negozio onak lortu dituen inor. PSE-EEk ongi zaindu du gerra zikinaren defendatzaile amorratuak ez agertzea (Ramon Jauregi, Ardanzaren panegirikoan bere loriazko minutua izan arren, iraganeko mamua besterik ez zen izan). EH Bilduk lortu du Espainiako terrorismoaren aurkako legeak zigortutako pertsona bakar bat ere ez agertzea boto-paperetan, nahiz eta horrek ia belaunaldi militante oso baten ezeztatzea ekarri.
Baina gure hautagaien komunikazio politikoa haratago joan da. Hauteskunde-kanpainan, gaiak ere oso neurtuak izan dira: Osakidetza, etxebizitza, zaintzak eta Ertzaintza. Esparru horietan enkantean bezala egin dituzte promesak, hori bai, ereduak ukitu gabe.
Krisialdi sakon baten atarian, inork ez du azaldu nola egin aurre etorkizunari. Nire ustez, airean geratu dira galdera nagusiak. Merkatu neoliberala guztiaren jabe egin denean (osasuna, hezkuntza, etxebizitza, zaintza), nola ase pertsonen beharrak? Hiperkontsumo itsua mantenduko dugu, beste herri batzuk esplotatuz? Lurraren babes eta kontsumo energetiko industrialaren dileman, non kokatuko gara? Emakumeok egiturazko indarkeria matxista jasaten jarraituko dugu, legea gure alde izanik ere? Nola lortuko dugu euskara izatea gure komunitateetan nagusi? Pertsona nagusiek non eta nola biziko dute haien bizitzaren amaiera datozen urteotan? Euskal jendartean, garapen digitalak humanismoa eta komunitarismoa desagerraraziko ditu?