Sindikatuen arteko eztabaida hezurra aske utzita
Sindikatuen arteko eztabaida hezurra aske utzita –
Gainera, eztabaida negoziazio kolektiboarekin lotuta hasi bazen, ondoren, Santi Martinezek interesa izan du eztabaidagai izan ez diren gaiei buruz aritzeko, eta gai bati buruzko iritzi kontrajarriak kontrastatzen aritu beharrean gure artekoa sare sozialetan oso modan dauden “zaska” txapelketa bat bilakatu da. Onartu beharra dut nekaezintasuna eta ausardia edozein sindikalistatan miresten ditudan dohaiak direla, eta Santi Martinezek biak bete ditu.
Aspaldiko zor bat kitatzen nabil eta Victor Hugoren Les Misérables bukatzen ari naiz, eta Santi Martinezen perseberantzia ikusita Javert polizia ikusten nenbilela otu zait, 30 urte luzez Jean Valjean gaizkile bihozberari segika ibili zena. Zakurrak hezurrari nola, hala eutsi dio Santi Martinezek ELAri. Ez dut oso ondo ulertu ELArekiko tema hau, ez dakit CCOOk nabarmentzeko beharra duen edo zeri erantzuten dion.
Eta ausarta ere bada. Azken idatzian 1983an ELAk jasotako donazio bat aipatzen du (kritikagarria dena). ELAk ez du sekula legezko arazorik izan bere finantziazioaren kontura eta zeinek kritikatuko bere finantziazioa eta CCOOko zuzendaritzako kide batek! Black txartelak, Andaluziako EREak, formazio jarraiarekin ustelkeria kasuak…
Izan bedi hau nire azken guda dantza. Eta azken erantzun honetan idatzitako guztiaren ondorioak atera nahiko nituzke. Nik saiakera bat egin dut denetan, ELAren aurka botatakoei erantzun ematea eta bestelako eztabaida berririk ez irekitzea (agian ez nuen beti lortuko). Santi Martinezen hautua bestelakoa izan da, argumentuei erantzun beharrean ELA kritikatzeko eztabaida berriak ireki ditu eta nik botatako argudio askori eta datuei ez die erantzun. Lehen idatzi haren motibazioa ere oraindik ez dut ondo ulertu, hemen hitzarmen kolektiboek lehentasuna irabazi izana aitzaki hartuta ELAren aurka jotzea erabaki zuen, gaiari buruzko iritzian sakondu beharrean. Pentsatzekoa da kontraargudiorik izan ez duten gaietan botatako aipuak ontzat eman dituela.
Hurrengo baieztapenei, adibidez, ez die erantzunik eman: Europako greba luzeena egin zuten enpresan, Novaltian, CCOOk ordezkaritza sindikala lortu zuela soldata eskala bikoitz baten onuradunak ziren langile eskirolei esker eta enpresak lagunduta; ELAk Hego Euskal Herrian CCOOk estatu guztian deitzen dituen grebak baino gehiago antolatzen dituela; CCOOk estatu mailan sinatu dituen hitzarmenen %80k Hego Euskal Herrian lan baldintzak negoziatzeko mugak ezartzen dituela, legeak horretan derrigortzen ez zuen arren; ELA izan dela hitzarmen kolektiboetan Rajoyren lan erreformari aurre egin dion sindikatu bakarra; ELAk sinatzen dituen hitzarmenak CCOOk ontzat ematen dituenak baino dexente hobeak direla; edo demokraziaren oinarrizko arauak ahaztuta CCOOk EAEn ordezkaritzaren %18a izanik langileen gehiengoa izango balu bezala hitzarmenak edo akordio politikoak adosteko prest dagoela.
Azken idatzian, berriz ere, eztabaidarako ildo berriak ireki zituen. ELAren militantzia antifrankista mespretxatu zuen, ELAren legeztatzea Eibarren poliziaren laguntzarekin egin zela aditzera emanez eta CCOOena Bartzelonan klandestinitatean. Uste dut CCOOko kideek oso harro egon behar dutela bere militanteek diktadura garaian izan zuen jarrera eta ausardiarekin (horiek ere miresten ditut nik), ez da beharrezkoa besteen borroka gutxiestea. ELAko egungo kideak ere oso harro gaude faxismoaren aurka San Andres Gudarostea zuzendu zuten ELAko kideekin, kartzela eta erbestea ezagutu zutenekin, edo klandestinitatean ELA birfundatu zutenekin. CCOOen Bartzelonako asanblada 1976ko uztailan ezkutuan egin zen, ELAren Eubako biltzarra hilabete geroago ezkutuan egin zen moduan. Edonola, 1977an Moncloako Itunak eta horrekin Espainian Trantsizio moduan ezagutu denaren parte izan zen sindikatu bateko kideak, urtebete aurretik ELAk izandako jarrera mespretxatzea ere ausarta, behintzat, bada.
Ondoren, Santi Martinezek gogora dakar 2011an CCOO, LAB eta UGT CONFEBASKekin bildu zirela EAEko hitzarmenek lehentasuna izateko Lanbidearteko Akordio bati buruz hitz egiteko eta ELAk ez zuela bertan parte hartu. Aurreko idatzian adierazi nuen bezala (2013 data oker eman nuen arren, 2011ean izan baitzen) CONFEBASKek ELAri argi esan zion akordio hori sinatuko zuela bake sozialaren truke eta ELAk erabaki zuen ez zuela parte hartuko patronalaren jarrera zuritzeko ariketa batean, jakinik bake soziala lortzea zuela helburu, langileen aurkako neurriak eta lan baldintzen narriadura izugarria bizi genuen testuinguru batean eta narriadura hori ontzat ematea helburu zuen akordio bat lortzeko. Gure aberria langileen lan baldintzen alde borrokatzeko lurraldea da, hori gabe gure izateak ez du zentzurik. CCOOk, LABek eta UGTk gehiengo nahikoa zuten halako akordio bat egiteko, beraiek jakingo dute zergatik ez zuten ezer adostu.
Madrilen sinatzen diren estatuko hitzarmenak miseriazkoak direla esatearren chauvinista naizela dio beste pasarte batean. Estatuko hitzarmenak ez dira txarrak Madrilen sinatzen direlako, oso eduki txarrak dauzkatelako baizik. Estatuan sinatu diren azken hiru hitzarmenak begiratu ditut oraintxe, adibide gisa. Kreditu establezimenduen hitzarmenak 18.703 eta 22.186 euro arteko soldatak aurreikusten ditu langileen lehen 12 lan-urteetarako, notaritzen hitzarmena Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak gainditu du eta Prentsako langileen oinarrizko soldata 16.352 eurotakoa da. Hitzarmen horiek miseriazkoak dira, eta miseria handiena Estatuan hitzarmen horiek aplikatzen zaizkien langileentzat da, denek merezi baitituzte lan baldintza hobeak enpresek historiako irabazi handienak dauzkaten testuinguru honetan. Azken hirurak dira horiek, baina miseriazko lan baldintzak barnebiltzen dituzten estatuko hitzarmenak asko dira (kimikak, adinekoen egoitzak, telemarketing, ingeniaritza bulegoak…). Hitzarmen horiek oso txarrak dira horien atzean ez dagoelako inongo mobilizaziorik eta sindikalismo eredu bati erantzuen diolako, kontzertazioaren ereduari, hain zuzen.
Santi Martinezi ere gaizki iruditzen zaio Hego Euskal Herrian greba orokorrak estatukoekiko egun ezberdinetan egitea. ELAk ez du onartzen Hego Euskal Herria, edo EAE, Espainiako lan harremanen esparruaren azpisistema izatea. Gure araubide propioa nahi dugu, argi dugulako hemengo borrokarako gaitasunak langileen alde arau horiek guztiak hobeto baldintzatzeko aukera emango digula. Eta, gainera, Hego Euskal Herrian eta bereziki EAEn, hori pentsatzen dugun langileok gehiengoa gara. Ondo legoke CCOOk demokratikoki onartzea hemen gutxiengoan dagoela eta ez duela eskubiderik bere markoak inposatzeko. Hori egin du, adibidez, orain gutxi langile publikoen soldatekin. Estatuan %2ko soldata igoera izatea adostu du, eta igoera hori estatu guztian derrigorrezkoa izatea inposatu du (beste behin langile guztiei eros-ahalmena galtzea eragin arren), EAEn, berriz, beste sindikatuokin batera azaldu da soldatak hemen negoziatzearen alde. Eta poztu gaitu. Baina koherentzian Santi Martinezek ontzat eman beharko luke euskal langileek borroka autonomoak izateko aukera, estatuan ezartzen diren markoetatik kanpo. Biok dugu aberri bat erreferentzia gisa, kontua da ezberdina dela. Eta biok dugu aberri ezberdina izateko eskubide osoa, arazoa da Santi Martinezek defendatzen duen aberriak status quo eta legedi guztiaren babesa duela, mendetako inposaketen ondorioz naturaltzat ere hartua dela (espainiar abertzale askok ez dute beren aberria aldarrikatzeko beharrik, jadanik arrakastaz inposatua izan delako) eta gure aberria askatasunez zuzentzeko eskubidea debekatzen duela. Nik ere nahi nuke munduko hiritar izatea.
Azkenik, Bizkaiko polikiroldegietan hainbat herritan greban jarraitzea aurpegiratu digu, beraiek LABekin eta UGTrekin batera sektoreko hitzarmena adostu ondoren. Santi Martinezen hasierako tesia zen,ELAren aurkako lehen idatzi hartan jaso zuen moduena, CCOOn negoziazio kolektibo artikulatu bat defendatzen dutela, estatuko hitzarmenek gutxieneko bat ematen dutela eta beste lurralde batzuetan hobetu daitezkeela (aurretik ere esan dudan bezala, hau ez da egia, estatuko hitzarmenen %80k beste lurraldeetan negoziatzea debekatu edo mugatzen baitute). Bada, guk egiten dugun gauza bakarra da lan baldintzak are gehiago hobetzearen alde ari diren langileei laguntzea. Borroka horien ondorioz sektoreko hitzarmeneko lan baldintzak hobetzen badituzte zein da problema? Sektoreko hitzarmeneko hurrengo negoziaketarako erreferentzia izango dira. Are gehiago, aurreko hitzarmenean LAB, CCOO eta UGTk ontzat eman nahi zuten ia lanaldi murrizketarik ez zekarren hitzarmen bat, eta ELAk hainbat polikiroldegitan 1592 orduko lanaldia irabazi eta gero, 60 orduko lanaldi murrizketa lortu zen sektorean. Eta azken hitzarmenean 1592 ordu horiek sektorerako lortu dira, 2028 urterako izan arren. Guretzat hori da negoziazio kolektiboa artikulatzea, borroken bidez lan-baldintzak hobetzeko bidea eraikitzea. Agian arazoa da, hobekuntza gehigarri horiek borroka tinkoak eta grebak behar dituztela eta CCOO ez dagoela horretarako prestatuta.
Aurreko batean nioen ELAren eta CCOOen arteko aldea ez dagoela aberrian, bakoitzak gurea dugu. Ezberdintasuna eredu sindikalean dugu. Guk askatasun sindikala eta aniztasuna defenditzen ditugu, eta orain arte CCOOk langileek demokratikoki eman ez dioten ordezkaritza beregain hartu izan du eta bere erabakiak gehiengoei ezarri dizkie, edo estatuko markoa inposatzea ontzat eman izan du. Guk langileen lan baldintzen hobekuntza langileen antolakuntzatik etorriko dela defendatzen dugu eta CCOOk kontzertazio sozialean sinisten du. Horiek dira ezberdintasun nagusiak, gure arteko gutun trukean berretsi direnak. Ezberdintasun horiek gainditzea ondo legoke, langileen mesedetan bederen, baina oinarrizko arau demokratikoak izan beharko lirateke horretarako oinarri.
CCOOen web gunean bere historiari buruz diotena aztertzea besterik ez dago ezberdintasun hauek agerian uzteko: “El mes de octubre de 1977, tras la victoria electoral de la UCD, las fuerzas políticas parlamentarias firman los Pactos de la Moncloa, que apoyaría CCOO. Desde entonces y hasta 1986 tuvo un lugar un proceso de concertación social centralizada. CCOO suscribió algunos de estos acuerdos y rechazó otros. En todo caso, estos acuerdos respondían a la siguiente lógica: la moderación salarial facilitaría la recomposición del excedente empresarial. A su vez, éste facilitaría nuevas inversiones y, como corolario, nuevos empleos. Al mismo tiempo, la moderación laboral proporcionaría estabilidad al proceso de transición”. Kontzertazio zentralizatua (estatuko markoen inposaketa), bake soziala (grebei uko egitea) eta moderazioa ontzat ematen dituen eredu sindikal bat defendatzen dute, bada ez da gurea. Arazoa ez da garai hartan hori egin izana, egungo begiekin ontzat ematea baizik. Gu asko aldatu gara 80. hamarkadatik hona, oinarrizko zeinu batzuk irmo mantenduta (euskal langileekiko erabateko leialtasuna eta sindikatuaren autonomia, bereziki), ondo legoke CCOOk ere bere estrategia birformulatzeko gaitasuna balu.
Kasik penatuta agur esango diet Santi Martinez eta bion arteko eztabaida hauei, egokiak ez diren arren ondo pasatu dudalako. Espero dut etorkizunean elkarrekin mahai baten bueltan hitz egin eta eztabaidatu ahal izatea, ea orduan gure artekoak baino patronalaren kontrakoak ditugun hizpide. Nik behintzat hezurra askatuko dut gaurtik aurrera. Ez duten gure txakurra gehiegi xaxatzen, ez dudalako nahi azkenik nire alde.