Sinbologiaz

Sinbologiaz –

Joan zen azaroaren 25ean Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen Elkarteak, Hernaniko Udalaren laguntzaz, Gipuzkoako armarria hartu zuten hizpide Gipuzkoako armarria / Iraganean, orainean eta etorkizunean izenpeko jardunaldian.

SinbologiazHistoria ofizialak, sinbologiak eta kontakizunak duten harreman estuaz eta garrantziaz hitz egin zen han. Sinbologiaren nondik norakoak azaltzeaz gain, zenbait tokitan betidanikoa omen den sinbologia ofiziala berraztertuz, kontakizun arrotzetik euskalnafarron kontakizunera ekartzeko izan diren ekimenen berri eman zen gero. Oñatin, Zizurkilen, Usurbilen, Auritzen, Bergaran, Antzuolan… eta beste zenbait tokitan egin denaz eta egiten ari denaz solasean jardun zuten bildutakoek.

Argi samar geratu zen armarriak, banderak, ereserkiak, izenak eta gainerakoak ez direla apaingarri hutsalak; aitzitik, errelato baten erakusgarri direla, eta errelatoa betiere oraina justifikatzeko dela eta geroa diseinatzeko tresna.

Ez da gauza bera, ikurrina bakarrik astintzea, edo Nafarroakoa edo ikur biak elkarrekin astintzea. Ez da gauza bera Gipuzkoako armarrian Belateko kanoiak erakustea ala ezabatzea, edo Nafarroako armarrian kateak ala karbunklo pomelatuak egotea gauza bera ez den bezala. Ez da gauza bera Alfontso VIII. izeneko edo Reyes Católicos, edo López de Haro kale eta plazak gure hirietan izatea; eta, aldiz, Eneko Aritza, edo Nafarroako Mariskala, edo Martin Ttipia, edo Zugarramurdiko Sorginak izenekorik ez egotea, edo torturapean eraildako Joxe Arregi Plazari izena aldaraztea.

Topaketa hartan gazte gutxi zegoen. Gehien gehienak urtetan sartutakoak, nazionalismo espainiarraren asimilazio bortitz gordina ezagututakoak. Mahai inguruan jardun zuen gaztearen iritziz, gazteen artean ez dago sinboloekiko kezka handirik. Adin nagusikoen artean ere kezka berezirik ez dagoela gaineratu genezake oker handirik egin gabe. Eta, hala eta guztiz ere, armarri, bandera kale izendegi eta gainerakoek estatu kontuak izaten dira eta, hortaz, munta handikoak agintean izan diren eta ari direnenentzat.

Gogor, setaz eta asmo gaiztoz ikurrina Nafarroa Garaian ez erakusteko legea ezarri zen, eta Nafarroako armarria EAEko armarritik eta errepidetatik ezabatzeko epaiak eman ziren lasterrean. Nazionalismo espainiarrak isunak eta jazarpena abian jarri ditu eta bere sinboloen erabilera inposatu izan du beti, orain eta mendetan zehar egundaino. Eta, bien bitartean, euskalnafarrok geure artean ika-mikan eta ezjakintasunean murgilduta ibili gara “betikoa” eta “normala” arrotzak inposatutako errelatoak dioskuna aintzat hartuz, eta geure geurea delakoan, aldaketen kontra tinko.

Zer da “normala” eta zer “betikoa”, ordea? Noizdanikoa da betikotasun eta normaltasun hori, eta nork ezarritakoa? Hego Euskal Herriko hainbat udaletako bandera Borgoinako Gurutzea da, Nafarroa Garaiaren konkistan tropa espainiarrek zeramaten bandera eta ultraeskuindarren kuttuna: Espainiako bandera zaharra. Eta hala ere, “betiko” bandera ei da, eta hori zalantzan jartzea tradizioak eta bazterrak nahasten hastea zenbaitendako omen. Eta, aldi berean, udal batzuetako plazetan ikurrinaren eta Nafarroako gorria, biak ala biak, zatiketa autonomiko espainiarraren gainetik euskalnafar guztion batasunaren ezaugarri igo direnean, kontrakotasuna aurkitu du ekimenak. Antzeko kritikak Tourreko etapetan eta manifestazioetan ikurrina eta Nafarroko euskal erresumaren ikurra zein baino zein ondoan ikusi izan direnean. Ikur bi horiek batzuen “normaltasuna” kinkan jartzen dute antza. Espainiako Kongresuan euskara erabiltzea ahalbideratu izan den honetan, ikurrina da euskararen aplikazio ikurra. Gauza bera Iruñeko katedralean edo turismo bulegoetan. Eta Nafarroakoa? Zein da mezua? Euskara ez dela Nafarroakoa? Euskalnafarron batasunari beldurra ote?

Jean Louis Davantek Enbatako artikulu batean Tourreko lehen hiru etapak ekarri zituen gogora. Alde batetik nazioartean izan zituen oihartzunagatik atsegina adierazteko idazten zuen; baina, halaber, baita deitoratzeko ere. Bere hitzetan: “…euskaldungoaren gaia osoki beretzen duen mendebaldeko Erkide autonomoak (Euskadik edo EAEk nahi gisa) bera Euskal Herri osoa balitz bezala, Iparraldea eta Nafarroa Garaia ezabatuz… Telebistan Basque Country izena hiru Baskongadek osatzen duten hiruki txikiaren mapari soilik lotuta”.

Egon ere badago lanik euskalnafarrok erabiltzen dugun sinbologiaren zergatia azaltzeko eta, behar denean, kuestionatzeko eta aldatzeko. Gure herriaren izena bera, ikurrak eta ereserkia eztabaidagai dira oraindik. Sinbologia nortasunaren azalpen grafikoa da, eta dagoena onartzea zein zalantzan jartzea ez da burubero batzuen kasketaldi hutsala. “Betikoa” badaiteke atzoko goizekoa baino zaharragoa ez izatea; eta badaiteke ere “normala” anormaltasunaren erakusgarria baino ez izatea.

Segituko du.

.

Rafa Santxez Muxika, Patxi Olabarria Irizar, Iñaki Idigoras Igartua,
Beñi Agirre, Iñigo Larramendi, Angel Rekalde.
Nabarraldekideak

Sinbologiaz  Sinbologiaz Sinbologiaz

Euskara irakaslea