Simone Weil-en eragina Karlos Santamariaren pentsamoldean

 

Simone Weil-en eragina Karlos Santamariaren pentsamoldean

Simone Weil idazle eta filosofo frantsesak interes handi-handia sotu zion Karlos Santamaria euskal pentsalariari. Asko eta estimu handiz agertzen da Weil-en izena Santamariaren idazki eta aitorretan. Hori gutxi ez, eta Weil-ek bere pentsamoldearen erdi-erdigunean dagoela aitortu ere egingo du Santamariak, bere “barne-konbentzimenduak” eragin dituela aitortuko du-eta behin baino gehiagotan:

“Simone Weil Santamariaren izkribuetan maiz aurkitzen dugun izena da S. Weil (1909-1943), batez ere, L’Enracinement haren liburua (“emakume zoragarri hark bihotz-bihotzetik eta buru argitasun handiz izkiriatu zuen liburu hori”), aitortuz hari zor dizkiola jada bere-bereak ziren barne konbetzimenduetariko zenbait” («algunas de mis más íntimas convicciones»). S. Weil andre judutar frantsesaren pentsamendua esperientzia pertsonal eta sozial gogorretan garatua da, XX. mendearen krisia gogoetatuz, bere modura San Joan Gurutzekoak mistikoki azaldutakoaren antzeko «ezdeustapen» posizioetara heldua, filosofia bidez. Urteak joan, urteak etorri, Santamaria behin eta berriro itzultzen da autore horrengana” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 25. or.).

Segidan erakutsiko dut zertan eta noraino ikus daitekeen Weilen erasana Santamariaren zenbait ideia eta konbikziotan:

Erroztapenaren kontzeptua oso ere oso presente dago Santamariaren pentsaeran. Simone Weil idazle frantsesaren obra, bere osoan, miretsi zuen Santamariak, baina bere ekarrien zerbaiti arreta eskaini bazion zeri eta erroztapenaren kontzeptuari izan zen. «Enracinement» kontzeptua funtsezkoa izateraino ailegatuko zela bere pentsamenduan aitortuko du askotan Santamariak. Erroztapenaren kontzeptua Weilen L’Enracinement (“Erroztapena”) izen bereko liburuan zegoen bereziki garatua eta liburu hori izan zen hain justu ere nabari gustoko edo interesekoen izan zuena Weilen obra guztitik:

“Simone Weilen L’Enracinement izeneko liburua berriro irakurtzeko asmoa nuen aspaldi honetan — idazten zuen Zeruko Argia-ko «Dizdira» batean—. Atsegin da, noski, noizean behin bide ezagunen barrena berriz ibiltzea. Idazti zaharra, lagun jatorra. Liburu argitsu hau hartu eta neronek ipinitako makina bat oharketa eta azpi-marra arkitzen dut bere orrietan: ‘Gaurko gizonak erroztapena du premiarik nagusiena’, dio Simone Weilek…«L’enracinement —beste noizbait ere aipatu izan duen legez— est peut-être le besoin le plus important et le plus méconnu de l’âme humaine». Behar sorta bat da gizakia, batzuk behar fisikoak, besteak moral edo espiritualak: ordena, libertatea, eta abar, eta egia, eta arimako sustraiak (komunitatean, historian). Krisiak, ordea, deserrotu egin gaitu” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 25. or.)

Erroztapena Santamariaren pentsamenduaren erdi-erdigunean dagoela egiazta dezakegu hortaz. Bada, erroztapena, alegia, gizakiaren erroen beharra, materialismo oroz haragoko zerumugan jartzen du gizakiaren osotasuna, (“ogia baino beharrago du”), osasun eta ongizatea. Gizakia bizi deneko komunitate berezkoarekin du zerikusirik aipatu erroztapen honek, halaber bere kulturarekin, bere hizkuntzarekin, bere tradizioekin…

“«Erroak ogia baino beharrago» Karlos Santamariaren giza konpromiso linguistikoa eta kulturala ulertu nahi bada, «enracinement» («erroztapena», dio euskaraz berak) da kontzeptu giltzarria. Karlos Santamariaren pentsaeran, periferikoa barik erdi-erdikoa den kontzeptu hori miresten duen Simone Weil idazle frantsesari hartu dio …eta ia aipatzen duenero frantsesez aipatzen du «enracinement». Euskaraz ere bai, baina gutxiago. Eta gaztelaniaz ez du balio bereko hitzik aurkitzen…” (TORREALDAI, Joan Mari, Karlos Santamaria eta euskal kultura 1. or)

Gizakiak lur batean, herri batean, barnatu behar ditu betiere bere sustraiak, etsipen gorriara lerratu ez dadin. Gizakia egiazko gizakia izateko, «erroduna» izan behar da beti. Honetara zioskun:

“Neretako, gizona, egiazko gizona izateko, «erroduna» izan behar da, alegia, zuaitz ta landare guztiak bezela, lur batean, erri batean, sartu bear ditu bere sustraiak, etsimen gorrian erori ez dadin”… Karlos Santamariarentzat, garbi esan beharra dago, euskal kultura ez da kultura orokorraren zatitxo bat, bazter-bazterreko fenomeno bat, adierazpide bakartu eta berezia, baizik eta kultura orokorraren bizimoldea, kultura unibertsalaren interpretazioa. Behin eta berriz azpimarratzen du harreman hori. Harreman hori ez da dikotomikoki ulertu behar. Kultura unibertsalaren eta euskaldunaren artean ez dago oposiziorik (handi/txiki, unibertsal/partikular, kanpoko/bertako), baizik eta harreman dialektikoa” (TORREALDAI, Joan Mari, Karlos Santamaria eta euskal kultura 2. or)

Esanda bezala, hortaz, gizakiak nahitaez errotua egon behar du. Kontzeptu hau, baina, ez zuen maila teoriko filosofiko hutsean gera zedin beretu Santamariak, baiziki-eta, bere esanahi sakonari berari lotuta, bere garaiko euskal gizartearen gainean egin zuen azterketarako, zein bere gerorako aurrerabiderako. Izanez ere, zin-zinez Euskal Herria du kezkagai Santamariak; euskal kulturaren eta euskararen galera biziak eta larriak zirela-eta, gizartean ematen ari zen “des-errotze” geldiezinak asko kezkatu zuten Santamaria. Hortaz, unibertsalki, orokorrean, gizakiaren errotze beharraz harago, edota honago, bereziki euskaldunen errotu beharra hartu zuen aintzat, horretan hain justu hauteman uste zuen Euskal Herriaren gainbeherarako aterabide bakarra:

“Kontzeptu horrek Karlos Santamariaren baitan ez du konnotazio etnozentrikorik eta nazionalistarik. Haren filosofia pertsonalistan kokatzen da egokien «enracinement» delako hori, erdiz erdi integratu ere. 1960ko hamarkadaren erdi aldera arazo horrek asko kezkatzen zuen Karlos Santamaria. Antza denez, urte horietan deserrotzearen joera indarra hartzen ari ziren Euskal Herrian” (TORREALDAI, Joan Mari, Karlos Santamaria eta euskal kultura 1. or)

Santamariaren ikusian, euskalduna krisi betean zegoen, krisian, gorago esanda bezala, herri bezala gainbeheran zegoelako, baina, horrez gain, krisi unibertalago baten eraginez ere zegoen kolpatua, krisi moderno baten eraginez, zeinaren arabera teknika espirituari gailendu baitzaio. Bada, balorazio honelako bat ere oso weilarra da; izanez ere, Weilen askapen modua, askapen materialaz harago, espirituala ere izan behar zen beti:

“Santamariaren analisian, krisi modernoa, itxuraz ideologien gatazka bezala zirimolatsu ageri dena, funtsean da teknika espirituari gainditu zaiola, soil-soil: beraz, krisiaren azken erroa ez dago ideologien oposizioan eta borrokan, baizik teknologia berriak gizakiari eskatzen dizkion berrikuntzetan, bere barrura zein kanpora begira. Pertsonak ez dauka bere burua berrikasi eta berrirabazi beste abiapuntu posiblerik, gainditu duen mundu teknologiko honetan berriro nagusitzeko, libre izateko: pertsonagandik abiatzen dira bide guztiak historian. Orain, beraz, pertsonaren berregintzan dago mundu berriaren itxaropen bakarra” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 2. or.)

Esandako horren harian, Santamariak, Simone Weil aipatuz, eta berarekin bat-bat eginez, gogoratzen du gizakiaren beharrak ez direla fisikoak soilik:

“Santamariak Simone Weil aipatuz gogoratzen duenez, beharrok ez dira fisikoak bakarrik: Benetan, gizakiak, gizakia denez eta gizartean dagoenez, behar asko ditu, fisikoak ez direnak: erresponsabilidadea, askatasuna, ohorea, partizipazioa, kultura… Behar hauek ez bazaizkio asebetetzen, heriotzaren antzeko egoera batean erortzen da gizona. Ez da gehiago gizonik, gauza edo animalia baizik” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 57. or.)

Gizakiaren izaera material hutsa gaindituaz, Weilek bezalaxe, Santamariak ere kapitalismoari zein komunismoari kritika zorrotza egingo die. Kapitalismoa zein komunismoa Santamariaren ikusirako printzipio okerretan oinarrituak eta espiritu gaiztoan inspiratuak daude:

“Kapitalismoa zein komunismoa, biak dira Santamariarentzat arbuiagarriak hastapenetik. Printzipio okerretan oinarrituak eta espiritu gaiztoan inspiratuak. Baina nora iristen diren puntutik ere, biak berdintsu gustatzen zaizkio. Batak ala besteak «historiaren akabura» ei daramate gizarte teknologikoan” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 57. or.)

Gerraren aurka egotea, bere bakezaletasuna, berezkoak bazituen ere, Weilen idazkietan horren alde egiteko oinarriak eta ezin konta ahal argudio aurkitu zituen seguruena. Gerra gainditzeko bide bakarra gerra dela dio Mao Zedongek; Santamariak, ordea, bakea lortzeko bide bakarra bakea dela dio:

“Santamariak ikusten du, alde batetik, zentzurik ez duela gerra ororen zeharoko gaitzespenak, «pazifismo absolutuak»; baina, bestetik, honezkero arras gainditua dagoela gerra justuaren planteamendu eta doktrina klasiko guztia. Ez dela egungo errealitatearekin ahokatzen. Gerra ezinezko bihurtzen ahalegintzea da kristauari geratzen zaion guztia. Gerra iraultzaileaz Gerra gainditzeko bide bakarra gerra dela ebazten du Mao Zedongek; eta bakea lortzeko bide bakarra bakea dela osteratzen du beti Santamariak” (AZURMENDI, Joxe, Karlos Santamariaren pentsamendua, 261. or.)

Aurreko artikuluan Santamariaren pentsamodean Euskal Herrira ekarritako pertsonalismoa ezin argiago ikus genezakeela eman nuen aditzera. Gaurko honetan, pixka bat aurrerago egin dut eta Weilek ere zer esanik asko duela bere ideietan azaldu dut. Eragin bana dira, nahiz-eta biak frantsesak izan, bateko, Mounier eta Mariain-en eskutik jasotako pertsonalismoaren eragina, eta, besteko, Weilena. Bi eraginen berri izan dugun honetan, eta gaurko artikulu hau bukatze aldera, ondo legoke bien arteko balizko elkar-loturari erreparatzea. Sakon eta aberastasun irrikaz ibil zen pertsonalismoan barna Santamaria, sakondu eta sakondu, orduko hartan gure herriak bizi zituen poblematika larri zenbaiti soluziobide bat aurkitu nahian, izan des-euskalduntzea, izan errogabetzea, teknifikazioaren alienazioa, marxismoak ekar zitzakeen gizakiarentzako galerak, bortxa…Arakatu eta ederki landu zuen pertsonalismotik zera ikusiko du ezin argiago; pertsonaren zinezko berreskurapenean zegoela munduak eta Euskal Herriak bizi zituen zenbait problematarako soluziobidea. Baina, horrekin batera, pertsona bere osoan berrekuratze horretan, pertsonalista frantsesek jada eskaini zioten horrez gain, Weilen pertsonaren kontzepzio edo ulerpen sakratuak bere pentamendua are gehiago fintzera eramango du Santamaria. Santamariaren pentsamoldea jada berez interes handi-handikoa bada ere, are interes eta erakargarritasun handiagoa sortu beharko luke garatu izan zeneko garai hartako euskal testuinguru ideologiko itxian, alegia, sektore asko eta askotan marxismoa indartsu eta gorantz zebileneko giro horretan. Izanez ere, Santamariak askapen ez benetazkotzat jotzen zituen marxismoaren agintzariak, pertsona zeharo abandonatua uzten zutena, guztiz abstrakziora eramandako kolektibitate agregatu baten mesedetan.

Igor Goitia

Simone Weil-en eragina Karlos Santamariaren pentsamoldean

Nola zaude?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Simone Weil-en eragina Karlos Santamariaren pentsamoldean”-ri buruz

  • Benat Castorene 2025-02-20 17:46

    Zure ahaleginak Simone Weil ezagutazteko K. Santamariaren bitartez eskertzekoak dira. Beti estonatu naiz zergatik ez zen gehiago irakurria EHan. Izan ere, diozun bezala bere pentsamenduak badu zer ikusia gure arazoekin, bete betean. Beharbada kristauaren fama zuelako kristautasunetik aldentzen zen herri batean. Jakin baginu zer kristau sakon bezain atipikoa zen. aren irakurlegoan bada kristau bezainbat agnostiko eta ateo.
    Gainera SWengan bada akziorako filosofia bat, politika egiteko metodo ezohiko bat.
    Bada beste testu bat Erroztapena bezain interesgarria nahiz teorikoagoa: ” Reflexions sur les causes de la liberté et de l’oppession sociale” egunen batean euskarara itzuli behar ginukeena, Zuzeuen pasateko behintzat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude