Sexuaz eta generoaz eztabaida dabil

Sexuaz eta generoaz eztabaida dabilARGIA aldizkariaren baitan sexua eta generoaren inguruko eztabaida dabil. Bi izen handiren artean, gainera. Alde batetik, Pablo Sastre idazlea eta, bestetik, Estitxu Eizagirre, ARGIAko zuzendaria.

Pablo Sastrek Gizona ez da emakume hiltzen izeneko artikulua bidali zuen erredakziora eta 1748. zenbakian argitaratu egin zuten. Estitxu Eizagirrek erantzun egin dio Pablo Sastreren artikuluari erantzuna izenburuarekin.

ZuZeun ere egundoko eztabaidak izan ditugu gai honen inguruan, ez behin eta ez bitan. Horregatik luzatu nahi dugu hona ere ARGIAn piztutako eztabaida, zuzeuzaleon ineteresekoa izango delakoan.

 

 

Gizonak ez dira emakume hiltzen. (Pablo Sastre)

Sexuaz eta generoaz eztabaida
Pablo Sastre

Esan bazuen, esan zuen, Parisko Simonek, emakumea ez dela emakume jaiotzen!

Irakurtzen dugu Lizeoko lehen mailako Sciences de la vie et de la terre liburuan (merci, Nancy Huston): “Ez gara gizon edo emakume jaiotzen; norberaren hautua da, bata izatea edo bestea”.

Eta, esan du norbaitek irratian: “Sexua norberarena da. Giza-espeziean ez da sexu bi”.

Sexu bi ez? –mutur mozka, nik–. Arrak eta emeak: bi besterik ez, geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; noski sozietateak edo norberak moldatzen ahal ditu disposizio horiek: oso landuak dira gure sexu-identitateak.

“Berezko portamena, tu parles! Dena da fabrikatua! Generoak esplikatzen du guztia!”.

 

Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia.

Sexu-diferentzietarik: gizonok, zenbait aldiz, mina izaten dugu urdail aldean, ezin larru jorik –antza emakumeek bestela bizi dute gauza–.

Haratago: sexu-diferentzia basikoen ondorioa izaten ahal da emakume gutxi bide-peoitzan ari izatea, edo preso gehienak gizonak izatea –arlo horietan, eta beharrik, inork ez du parekotasuna defenditzen–.

Orobat, sexu-diferentzia basikoen (basikoak, baina premiaz landu beharrekoen!) ondorioa izaten ahal da, euren jolasetan mutil koskor gehienek armak, eta neska koskor gehienek panpinak nahiago izatea.

Bidezkoa da gure haurrak igualdadean hazi nahi izatea. Bidegabea da, aldiz, biologiaren indiferentzian hazi nahi izatea –berdinen arteko diferentzian haz litezkeelarik alabaina–.

Igualdadearen kontrakoa ez da diferentzia, desigualdadea baizik. Igualdadeak ez ditu diferentziak ukatzen; justiziaren aurrean edo soldatetan edo tratuan, injustizia-eza esan nahi du.
Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut –eder agertu nahia ez da milurteetako sexismoaren ondorio; sexismoak, zinemak edo kosmetikako publizitateak haizematu, itxuragabetu, degradatu egiten dute baina–.

Sexua eta generoa bereizten saiatzen garenez gero, saia gaitezke, bidenabar, bereizten berezko eder agertu nahia: emakume baten garboak adierazi dezakeena, eta ezarritakoa: emakume baten ileen eta zimurren kontrako ekinaldiak adierazi dezakeena.

Sexu-diferentziak ezkutatzen dituen sozietate batean gara, aldi berean, edertasunaren eta pornografiaren industriei esker, diferentzia horiek ero-moduan handitzen dituena.
Gure amatxiren panpina: bere aitak egin ziona, trapuzkoa, beretzat lagun on, edo haur, edo gure amatxik berak nahi zuena izan zitekeena.

“Igualdaderik ez den bitartean, tratu txarrak izanen dira”. Igualdadea: zer esan nahi da? Tratu justoagoa? Gizonak etxe aldeko lanetan gehiago (ez dirudi inoren lehentasunetarik denik) eta emakumeak kanpo-lanetan gehiago aritzea (bera bai, askoren lehentasuna)?

Harrezkero, panpina suerte bi: haurrarengan “ama instintua” pizten duena, bata, eta Barbie, bestea, “sedukzio instintua” pizten duena. Biak ala biak dira, azken batean, alienanteak. Zernahi gisa, mendebaldeak bigarrena hautatu du; bizi-zikloan, neska koskor panpinzaleen eredutako, aldi bat hautatu du: emakumea, eder eta desiragarria izanik, oraindik ama ez den aldia.

Eder eta desiragarria: partikulazki, gizonen begietara.

Gizonen begiradara sakrifikatzen den emakume bat ikus daiteke, emakume ilefobo bakoitzaren atzean.

Gizonen desiretara plegatzen den emakume bat, puta bakoitzaren atzean.
Eta emakumeen begiradak? Haien izateko, elkarrekin izateko, haien nahiak, gauzak egiteko manerak… ez dira, inondik ere, berdintasunari edo desiragarriei buruzko eztabaidetan agertzen.

Emakumeen izatea gutxietsia den, eta, inork egiten dituela ere, etxe aldeko lanak, haurrekin egotea barne, desestimatuak diren bitartean… ez du balio berdintasunaz ari izatea.

Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–.
“Igualdaderik ez den bitartean, tratu txarrak izanen dira”. Igualdadea: zer esan nahi da? Tratu justoagoa? Gizonak etxe aldeko lanetan gehiago (ez dirudi inoren lehentasunetarik denik) eta emakumeak kanpo-lanetan gehiago aritzea (bera bai, askoren lehentasuna)?

Nik ulertzen dut: “Arrak eta emeak dauden bitartean, tratu txarrak izanen dira”. Harro egin du balantzea ministroak: “Hamar urte hauetan (Espainian genero-biolentziari buruzko legea dekretatu zenetik) milioi bat baino gehiago gizon izan da tratu txarrengatik prozesatua”.

Nik ulertzen dut: “Gizonek tratu txarrak ematen dituzte”. Tratu txarrak ematea gizon izateari lotuta dago; estatuak, zorionez, zuzenduko duen akatsa.

Ez dut nik ukatuko (bestenaz, inork ez du argi eta garbi deklaratzen) gizonen biolentzia biologiari lotuta egon daitekeenik; alabaina: ez ote du, biolentzia horrek sozietatean gertatzen ari denarekin zerbait loturarik? Haur denborako tratu txarrekin?  –tratu txarrak: kolpeak eta abarrak ez ezik, abandono lasterrak: eskoletan, pantailetan, inon ere abandonatutako haurrak; nondik nora ez handian hazten direnak…–

Zertako galdezka hasi, badugularik soluzioa: kartzela.
Igualdadearen ideia, ez da jende naturalaren ideia; aspaldi mendebaldeko gizon aberatsek aldarrikatua, gizon haien aldarriari begira jarri ditu pobreak, emakumeak… Igualdadearen ideiak sorrarazi ditu sexuen arteko gatazka berriak.

Euskaraz, bereizten ahal genuke: berdintasuna (etxe aldekoa: berdintasuna diferentzian) eta igualdadea (“gizon aberatsen igualak” izateko nahia).

Igualdadearen bidetik heldu da parekotasuna: balizko problema bat konpontzeko, emakume batzuek botereguneetan toki bat izan dezaten instituzioek sortutako mekanismoa.

Pablo Sastreren artikuluari erantzuna (Estitxu Eizagirre)

Estitxu Eizagirre Kerejeta - Sexuaz eta generoaz eztabaida
Estitxu Eizagirre Kerejeta

Urriaren 21eko Argian (2478 zenbakian), Gizona ez da emakume hiltzen artikuluan, idazleak azpimarratzen zuen sexuak soilik bi direla, “Arrak eta emeak: geure portamenari buruz aurre-disponitzen gaituztenak; (…) Interesantea da sexua eta generoa bereiztea. Generoak matizatu, finkatu, areagotu, gozatu egiten du sexu-diferentzia”. Jarraian, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak zerrendatu zituen, ongi ulertu badut, emakumeak gizonen diferente izatea aldarrikatuz: “Emakumeen begirada diferenteak behar ditugu –batez ere, gizonok–”.

Gizon eta emakumeon artean –beraz, sexua soilik izanik aldagaia– dauden ezberdintasunen zerrendak egiten hasten garenetan –oso kirol gustukoa kafetegi, taberna eta elkarte gastronomikoetan–, etengabe galdera bat ernetzen zait. Zer onik ekartzen digu balizko “sexu portamen aurre-disponitu”, edo Jainkoaren antz susmagarria hartzen diodan esentzia horretan sinesteak? Adibide ausart xamarrak jarri ditu Sastrek, baina hala ere, nork daki benetan portaera jakin bat –artikuluan aipatzen dira, besteak beste, panpinekin edo armekin jolastea, bide-peoitza lanak egitea edo kartzelara eraman duen hura– juxtu zakilak edo aluak eragindakoa den? Horretan sinesten duzu edo ez, aldeko adina aurkako ikerketa egongo dira. Baina batez ere: zertara garamatza baietz, hala dela pentsatzeak? Itxuraz ebidentea den zerbait konstatatzera? Akta hartzera? Eta horrek zer ondorio ditu esentziak “aurre-disponitu” dion portamen hori jarraitzen ez dituen gizon eta emakumeen artean? Zure adibideetara itzulita, neskek panpinetarako duten joera ustez “naturala” bada, zer da neska batek armekin jolasteko joera izatea? Zer sentituko genuke neska horrekiko inguruko pertsonek? Utziko genioke bakean bere jolasak aukeratzen? Esentziarekiko sinismen horrekin zer lortzen dugu, gizarte osoak gure portamenak hautatzeko askatasuna izatea ala “berdintasun” (sexu bereko besteekiko) eta “diferentzia” (beste sexuarekiko) eredu alienatzaileena indar osoz inposatzea?

Diferentzia aldarrikatzen du feminismoaren zati handi batek, diferentzia eskatzen esentziez dihardutenek… Nola ulertzen dugu diferentzia edo aniztasuna? Feminismoak beldur dion eta esentzialismoak aldarrikatzen duen natura horren oinarrizko arauetako bat da, hain juxtu, bizitza ziurtatzeko, izaki diferenteak egitea (ez klonak). Baina diferente, izaki bakoitza. Gizonen ezaugarriak zerrendatzeaz eta emakumeen ezaugarriekiko ze diferente diren behin eta berriz errepikatzeaz arduratzen diren horiek, aldagai bakarrean (hankartea) jartzen dute marra gorria. Eurek aldarrikatzen duten naturak, aldiz, marra gorria izaki bakoitzaren bueltan jartzen du, eta mila eta bat aldagaien arteko konbinaketak egiten. Zintzoki begiratzen baditugu pertsonak, ohartuko ginateke araua baino salbuespen gehiago daudela. Naturaren araua, juxtu arau-hausteak aurreprogramatzea dela. Badaezpada, datorrena datorrela, izaki gisa bizirik irten gaitezen. Eskerrak eman behar dizkiegula, alegia, “portamen aurre-disponitua” jarraitzen ez dutenei, bost axola portamen hori sexuak edo gizarteak aurre-disponitua den. Denoi zabaltzen digutelako beste portamen bat izateko aukera, eta espezie gisa irauteko araua, arau-haustea delako.

Sastreren adibide bakarrari erantzuna

Adibide bakoitzak sorraraz dezake iritzi artikulu bat   –eztabaida sustatzea ez da ekarpen makala–, nik honakoaren aurrean ezin eutsi: “Ekibokatua egonen naiz baina, emakume baten ipurdiari jarraitzen dion gizon-begiradaren atzean (barrabil, prostata, zakil) sexu-aparatu bat ikusten dut nik, eta, emakumearen eder agertu nahiaren atzean, umetoki bat ikusten dut”. Esaldia egina dagoen eran, irakurleon buruak jolasten du “emakumearen eder agertu nahiaren atzean” omen dagoena asmatzera. Esaldi horretan bertan gizonen portamenari lotuta sexu-aparatu bat (bere barrabil, prostata eta zakilarekin) ikusi dugunez gure irudimenean, emakumeen adibidearen txanda etorri denean, irakurle honen irudimenak ezin izan dio emakumeen sexu-aparatu osoa irudikatzeari. Eta kar, kar, kar, “umetokia” horrek kolpez hoztu dit gogoa. Emakumeok umetokiak bultzatuta jarduten dugula? Gure bizitzan batzuek 0 bider, beste batzuek behin, beste batzuek bi aldiz, hiru, lau… Aldiz, pottorberoak gara bizitza osoan –horri buruzko ikerketak badira, eta errazago dena, galdetu inguruko emakumeoi–, beraz, eder agertu nahi nabarmena emakumeen sexu-aparatuarekin parekatu behar bada, aipatu ez dituzun sexu atalen batekin lotuagoa egongo da. Eta bai, noski, pottorberook ere jarraitzen ditugu begiradarekin besteen ipurdiak.

Sexuaz eta generoaz eztabaida dabil

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.