Sexu depredadore zuria
Sexu depredadore zuria
Atzo Oier Aranzabalek egin bezala, Joxe Aranzabalek ere eman du Juan Kruz Mendizabal apaizaren, `Kakux´ auziari buruzko iritzia, Faroa blogean.
Arreta handiz eta bihotza pilpirika irakurri dut, goizeko kafearekin batera, Alberto Barandiaran kazetariak gaurko Berria egunkarian M.A. izeneko gizonari egindako elkarrizketa: “Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an”.
Bertan elkarrizketatuak kontatzen du zelan 13 urte zituela, eta eskaut gazteen udako topaketa batean zegoela, Burgin, gau batez, esnatu zenean kanpin-dendan, “esku bat nabaritu nuen lo-zaku barruan, zakila eta barrabilak ukitzen zizkidala. Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela”. Juan Kruz Mendizabal abadeaz ari da, zeina mutikoa lo zegoela, bere kanpin-dendan sartu eta sexu-erasoari ekin baitzion.
Sexu-depredadore zuri bat ikusi dut hor, sotanaz jantzita, alegia, Eliza katolikoaren kapa magikoa, urteetan Juan Kruz bezalako abade eta fraide ugari babestu dituena euren biktimen ingurukoen haserretik, hauek uste osoa zutelako “Jainkoa Lurrean ordezkatzen duen erakundean eta beronen gizonengan”.
.
Zinismoa
Hain babestuta sentitu dira sexu-depredadore zuriak, zeren, euren kasua publiko egin arte, lotsa barik segitu baitute predikatzen, ezer txarrik egin ez balute bezala. Hori izan da Juan Kruz Mendizabalen kasua oraingoan ere.
Joan den abenduan, Goiena Komunikazio taldeko kazetari bat harremanetan jarri zen Gipuzkoako bikario ohiarekin, elkarrizketa egiteko Puntua izeneko aldizkarian, nahiz eta orduan jakin ez 2016ko apirila ezkero Kakux Elizak zigortuta zegoela 2001ean eta 2005ean egindako sexu-eraso aitortuengatik. Galdetuta Elizan gertatutako pederastia kasuen inguruan, hauxe esan zuen, artean bere kasua publiko egin aurretik:
«Nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan… Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela. Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini».
Jende honek debekatuta du gezurra esatea, baina kasu honetan abadeak lasai asko bota du, “Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen…”, bera justu horrengatik zigortuta zegoela, geroago jakin den bezala. Gainera, ez zuen eragozpenik izan sermoneatzen segitzeko: “Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini”. Zinismoa ere behar da, bere egoeran horrela hitz egiteko.
.
Sexu-depredadore zuriaren definizioa
Baten batek pentsatu badu gogorregia dela Juan Kruz Mendizabal sexu-depredadore zuritzat jotzea, saituko naiz hitz hori definitzen.
Zentzurik zabalenean, sexu-depredadoreak dira sexu-delituak egiten dituzten pertsonak, horretarako indarra erabilita. Aldiz, sexu-depredadore zuriek indarra erabili ordez, beren posizioa erabiltzen dute biktima limurtu eta harrapatzeko; pertsona atseginak izaten dira eta ziurrak bere buruaz, eta kontuz aukeratzen dituzte biktimak, ez aliritzian. Informazio gehiago jaso bitartean, oraingoz nahiago dut kasu honetan sexu-depredadore zuria erabili. Eta artikulu honetan, hemen adierazitako zentzuan erabili dut hitza.
Gipuzkoako Gotzaitegiak adierazi duenez, Juan Kruz Mendizabalek aitortu egin zuen sexu-gehiegikeriak egin izana 2001ean eta 2005ean. Gaur Berria egunkariak dakarrena ere, erabat sinesgarria egin zaio Jose Ignacio Munilla gotzainari. Niri ere bai. Eta ez nintzateke bat ere harrituko Bergaran, Antzuolan, Donostian edo ez dakit non, beste kasu batzuk ere agertuko balira, alegia, Kakux abade gisa lana egindako tokietan.
Gogoratzen dut nola, batxilergoko sexualitate hezitzaileak planteatu zigun ardiekin larrua jotzen zuten artzainena. Denak asaldaturik ikusita, bota zigun:
– Zer? Hain ezinezkoa iruditzen zaizue? Egon behar da, gero, hainbeste denbora sexurik gabe bakar-bakarrik mendian e? (interesa duelakoan, esango dut, hezitzailea emakumea zela).
Orduan, benetan pentsatu behar dugu, nondik datorren hau dena. Sexu-eza ez dela ona. Are gutxiago zelibatoa, debekua. Desekilibratuak besterik ez ditu sortzen. Eta kulparik ez dutenek ordaintzen dute. Garesti gainera!
Eta benetan uste dut, fenomeno honekiko gure iritzia, apaiz guztiak kabroi batzuk direla esatera mugatzen bada, sinplekeria hutsean erortzen ari garela. Ez duela balioko erroari heldu eta, garrantzitsuena, astakeria hauek gelditzea lortuko.
Egileari bere arduraz libra gabe, noski.
Eta gertaera honetan guztian, asko, izugarri harritu nauen gauza bat zera da: ia inon ez dudala entzun/irakurri Munillaren ardura penalari buruzko iritzirik. Ezin da gainetik pasa Munillak gertaeraren berri izana urtebetez ezkutatu duela. Hori delitua da nik dakidanez. Apaiz edo zapatagile izan.
Urkullurenak ez du izenik, zalantzak ditut lurtarra ote den.
Ez dakit zein den egia, baina nik dakidala prentsaurrekoan (https://www.youtube.com/watch?time_continue=599&v=_pyVhuSdXeI) “errudun joa izan zen” (09′:58”) edo “fue declarado culpable” (00′:23”) dio Munillak Juan Kruz Mendizabalen ustezko delituen inguruan, eta hori ez da “errudun jo zuen bere burua” edo “aceptó su culpabilidad” esamoldeen pareko…
Nik ulertzen ez dudana da zergatik erabiltzen den “zuri” hitza izendatu nahi den hori izendatzeko.