Seme-alabon koartada

by Arrate Rodriguez

Aspaldion psikoanalisiaren kontrako borroka intimo batean nabil gotorturik. Aitor dut, garai batean, lilura eragin zidala Hitchcocken zinemagintza Lacanen lupatik begiratzea eta minareteak zeuden lekuan zakilak, eta dutxako gortinak zeuden lekuan Edipo konplejoak azaleratzea. Aitor dut gozatua hartu izan dudala Godarden zinema fragmentatuaren atzean emakumezkoak zatikatzeko pultsioa aurkitu uste izan dudanean. Complutensean ikasten nuen garai hartan, eta Jesus Gonzalez Requena izeneko irakasle bat geneukan guru. Ehunetik gora lagun joaten ginen haren eskoletara, ostiral arratsaldeetan. Leiendak zioen, matrikula ordaindu gabeak zirela ikasleen erdiak, hari entzutearen plazer hutsez joandakoak. 2001eko hauteskunde bezperan, gelan euskaldun psikotikorik ote zegoen galdetu zuen mikrofonotik. Besoa jasoko nukeen, ustekabeko azalpenetan luzatu izan ez balitz: “Alderdi abertzaleren bati botoa emateko asmoa duen euskaldunik, alegia”. Ondoren, ama-aberria seme-alabak heriotzara erakartzen dituen vagina dentata bat zela, eta PPri botoa emango ez zioten euskaldunek horixe bilatzen zutela: amaren hortzek murtxikatu eta irenstea, heriotza gozo eta umel bat.

Mitin delirantea izan zen, baina ez deliranteena. Handik gutxira, hondartza nudisten inguruko diatriba bat bota zuen, “Euskal Herrian, bide batez esanda, mordoa dago”, erantsiz. Ordukoan, aita-amak larrugorritan ikustera behartutako seme-alaben osasun mentala nazio-arazo bilakatuko zela iragarri zuen, eta suminduta, agintarien naturistekiko bigunkeria eta arduragabekeria madarikatu.

Psikoanalisia edo errua etxetik kanpo ez ateratzearen artea. Gurasoak dira guztiaren erantzule. Ez zarela nagusiarekin ongi konpontzen? Aitak magalean lotarazten zintueneko garaiak ekarriko dizkizu gogora. Ez duzula lanik aurkitzen? Zilborrestea eteteko gaitasun falta leporatuko dizu. Antsietatea? Gurasoak ez zirelako joaten zure entrenamenduak ikustera. Egunean bi litro garagardo edan gabe ezin duzula aurrera egin? Aho-fasean trabatuta zaude, seguru ez zizutela txupetea garaiz kendu. Abertzalea zarela? Ama irensleari eskatu kontuak, eta batez ere, berak ordain dezala fidantza.

Patronala, bankuak, agintariak… bekatutik libre uzteko koartada perfektua eskaintzen du psikoanalisiak. Eta egia da, nagusia esku hutsez erailtzea baino askoz ere praktikoagoa dela, aita eta ama sinbolikoki hiltzea. Praktikoagoa, eta batez ere, garaikideagoa.

ALDAPEKO