Seme-alabak Espainiaren alde
Seme-alabak Espainiaren alde –
Inor ez al doa bolantean? Hego Euskal Herrian, behintzat, badirudi euskal soufflearen hustuketak ez duela ez etenik, ez azkenik.
Gaur egungo ume eta nerabeek euskal gizartean ikusten dutena da asimilazio handi bat eta kontrakotasun gutxi. Ez dute ezer hutsetik asmatzen, gizartea hauteman eta egokitzen dira. Eta gauzak aldatu dira:
• Euskararen erabilera beherantz doa arnasgune deritzan haietan (ere). Hango ume eta nerabeek (ere) inoiz baino goizago heltzen diote erdarari. Izan ere, ETB3 4-5 urte betetzen dituztenerako uzten dute, Goazen 10 bat urterekin, eta gainerako guztia erdaraz kontsumitzen dute gehien-gehienek.
• Helduen artean independentismoa inoizko portzentajerik baxuenetan dago. Eta hori baino larriagoa da Euskal Herri mailako ehuntze, kultura, ekonomia, harreman, sentimenduak… oso ahul ageri direla. Kirolean, esaterako, asko apaldu da euskal selekzioen aldeko aldarria, eta euskal selekzioak EAEko selekzioekin ordezkatu direnean garaipen nazionaltzat hartu da. Edonola ere, panorama horren aurrean, Hego Euskal Herriko ume eta nerabeek naturaltasunez nahiago dute Espainiak irabaztea; areago, kasu batzuetan animatu ere animatzen dute, suhar. Inguruko guraso asko ardotan ari gara gure etxe lotsak itotzen, zer sufritu beharko genukeen pentsatzen, Marokorengatik izan ez balitz.
• Aurrekoan, bertso eskolako ume batzuei esaten nien ea youtuberrak ikusi ordez, youtuber egingo ote ziren… euskaraz. Begiratu zidaten apaiz misiolari bat banintz bezala. Youtuber baten helburua da jarraitzaile eta ikustaldi pila bat izatea, beraz, euskaraz? Orduan, esan nien ni munduko tontoena izango nintzela txikitan euskaraz jakin ez, eta nire gauzatxoak gaztelaniaz egin ordez euskaraz egitea erabaki nuelako. Bai erantzutera ez ziren ausartu, baina entzun, entzun nuen.
ETB hasi berri hartan, euskara ulertu gabe ere inoiz edo behin ikusten nituen marrazki bizidunak euskaraz, erdarazko programazioak aspertzen baninduen. Ondoren, 90. hamarkadan euskaraz ez genekien askok nahi izan genuen euskara ikasi eta erabili: hartara, Goenkale ikusten genuen, baita euskarara bikoiztutako hainbat film eta telesail ere… Bitartean, Espainiako partidak Hala Bedi-n UHTren bidez jarraitzen genituen, espainiar infanta eta printzearen ezkontzak bezala: uholdea etorriko balitz barre pixka bat egiteko, behintzat.
Dena likidoa eta post den sasoi honetan, bada zerbait solidoa eta haztagarria: España!
…
ARGIArentzat egindako kolaborazioa
Naziogintza erabat utzia daukagu duela hamarkada luze batetik. Zapaltzen gaituzten estatuen aurkako borroka bigarren planora pasa da (desagertu ez esatearren) eta hemengo instituzioetan espazio gehiago nork beteko duen lehian gabiltza, elkarri erasoka, gure miseriak azaleratuz, etsaiarenak ixilduz.
Horren ondorioa da kontzientzi nazionalik gabeko belaunaldi berri hau. Vox espainian agintean jartzen ez bada, ez dakit nazio kontzientzia nola berpiztu ahal izango dugun.
Okerrena ,gaur egungo alderdi abertzaleak irabazten eta aurrera gabiltzalaren ustea da. Errealitate berdinaren bi ikuspegi zeharo antagonikoak!!!
Nola ez da ba kontzientzia nazionala apalduko gure etorkizuna politikariek bideratzen duten estatuaren zati baten eskuetan, alegia, autonomia erkidegoetako administrarioan jarri badugu?
EAJk eta EHBk estatuaren zatia gobernatu nahi dute, hau da, aurrekontua kontrolatu eta bere sare politikoa hedatu, besterik ez.
Honatx nire proposamena: Estatuaren papera murriztu eta komunitatea indartu, behetik gorako eredua.
Ikastolak, kooperatibak edo auzolana dira horren adibide batzuk.
Estatuak zer ematen duen zain egotea? Ez, ezkerrik asko.
Ados Rubenen konstataziaorekin. Nola ez?
Iruzkinak ere interesgarriak dira deskribatzen baitute errealitate bera, hau da gehiengoa nahikoa ongi sentitzen dela egoera sozio ekonomiko honetan. Gainera pentsatzen du bere iraganeko borroken emaitza merezitua dela.
Ez naiz segur Voxen iristeak zerbait kanbiatuko lukeenik.
Izan ere, orai izpiritu horren iturria sakonagoa da, ez da Espainako gobernu kontua, Euskal komunitatearen ideiarekiko epeltasuna da baizik..
Anarkapen erreakzioa logikoa da eta erabat zilegia, batez ere Iparraldean nun, gauden euskal gainbeherean, orai ezdakit, orokorrean, zer aldaketa serio espero izaten ahal dugun politikatik.
Estatuak edo politikak zer emanen duten zain egotea ez da soluzioa nahiz politikari ere uzten ahalko diogun laguntza-errola tipi bat.
Sakondu behar da ekimen herrikoien historia, sorrera baita tamalez errekuperazioa ere. Erru beretan ez berriz erortzeko.
Anarkapen bidea elitista izanen da eta azkenean, lehenaldean bezala baina ez arrazoi berarentzat. Izan ere, aldi honetan ostopoa ez da orduko estatuek eragindako beldurra izanen, gure garaiko erosotasuna, indibidualismoa eta erlatibismo identitarioa baizik
Elitista? Ze zentzutan Beñat.
Beheko guztia bukatu da, noren eta EAJko agintarien eskutik. Norabidea aldatzeko asmorik ez. Eta EH Bilduk aho txikiarekin esaten du ez dagoela ados. Noizbait manifak, prentsaurrekoak, dinamika iraunkor bat… Erdal Telebistaren 40 urteko inboluzioa salatzeko, euskarazko bikoizketaren desmantelamendua (edo betoa!) salatzeko…?
“90. hamarkadan euskaraz ez genekien askok nahi izan genuen euskara ikasi eta erabili: hartara, Goenkale ikusten genuen, baita euskarara bikoiztutako hainbat film eta telesail ere…”
Hor ari zarete EAJ, BILDU politikariak erruduntzen… eta herriko jendea? Herri anitza omen gara eta gure herrian ehundik gora hizkuntza omen daude eta horietako bat euskara dela esaten zabiltzate hemengo asko, edo hori esaten dutenei txalo egiten diezue. “Ongi etorri errefuxiatuak”, “harrera herria” omen gara eta halakoak dizkiezue… eta gero zer nahi duzue, politikariak beste modu batekoak izatea?! Politikariek herrian usaintzen duten korronteari jarraitzen diote besterik gabe. ETB erruduna?! Bai, zera! Zuek zarete errudunak!
Elitista lehen ikastola klandestinoak sortu zituzten erakasle eta burasoen urratsa elitista zirelako zentzuan. Horrelako urratsa bakar batzuek hasi zuten aurretik jakin gabe segituak izanen ziren ala ez. Gainera seguru naiz anitzek erotzat hartu zituztela.
Hona zer zentzutan baliatzen dutan elitista hitza, ez du baitezpada kontraesaten herrikoi edo demokratiko edo iraultzalari hitzen zentzua. Bestela erranda ez da ez eskuineko ezta ezkerreko ere.
Bizpahiru ideia…
Ez dut uste justua denik oraingo politikariei errua bizkarreratzea, ez benetako abertzaleei, eta ez halamoduzkoei… garai bateko politikariei baizik. Telesforo Monzonek erraz eta alaiki asko oihukatzen zuen “Irabazi dugu!!”. Eta gero Urkok kantatzen “odolez eta malkoz irabazi dugu!”
Dena nahi genuen irabazi, eta apostua beti “hordago” izaten zen; bestelako ideia bat adierazten zuena, hura traidorea zen, espainolista (edo frantximent?), errebisionista…
Dena ala ezer ez, hori zen taktika… batzuk gidaritza hartu ohi zuten, ezker abertzaleko erakundeak estrategia beraren eta bakarraren onuraz…
Orain ez dugu ia ezer. Sortzen diren plataformak, erakundeak, koalizioak… “nazional” izateko bokazioa izaten dute, baina nazioaren euskarririk… ez dago.
Hegoaldean, penintsulako periferiako beste indarrekin bat egitea sakrilegioa zen, euskal purutasunaren kalte. Gogoan har: Madrilgo legebiltzarrera joatea, sekulako arriskua omen zen, asimilatuak izateko arriskua… Nafarroako eta Euzkadiko legebiltzarrak ere eremu minatuak bide ziren… bai baikenuen beste apostu indartsuago bat, sugea eta aizkora… orain sugea mutu dago, eta aizkora kamustua…
Zer den gauzak argi ez edukitzea, eta politika lelo hutsalen arabera egitea… “Independentzia pero con pazientzia” irakur zitekeen horma batean, aspaldi… independentziarik ez dugu, eta bidea gero eta sasiz beteago, baina pazientzia ere… gutxi ez bada, gehiegi…
“Etorkizuna euskaraz dator” zioen beste lelo batek, eta “Estatutoarekin Nafarroa Euskadin”… komeni da aspaldiko hitz horiek, sarritan generabiltzanak, orain irakur eta ikustea nondik nora ibili garen…
Kontuak eskatu Olentzerori, nere alabari Espainako kamiseta bat oparitu baitio. Osasuneko bana semeei, hor bai asmatu, e, Rubén?
Orain dela zenbait urte, bertso udaleku batera Iparraldeko mutiko bat Frantziar selekzioaren atorra jantzita joan zen; harrigarri egin zitzaidan, Hegoaldeko batengan horrelakorik pentsaezina delakoan… baina gauzak modu diferenteetan bizi ditugu batzuek eta besteek…
Dena den, ez da batere harritzekoa edozein tokitan hemengo jendea ikustea AEBetako bandera daraman atorra batez, edo Ingalaterrako bandera darakusana, edo munduko beste hamaika tokitako… bai Jamaika ere barne, ikurrak, banderak… hori bai, guzti guztiak Ingelesez apainduak.
Baina azken hori ez soilik atorretan; edozein jantzi dugu gaur egun Ingelesduna, pijamak ere bai. Akulturazioa deitzen da, hizkuntza bat eta beti bera lehenestea akulturazioa besterik ez baita beste hizkuntza-jendeentzat. Basque jaurlaritzan bezalaxe… nortasuna? Ezereztasuna…
Gero bila dezagun nazioa…
Mikel, orain dela zenbat urte harritu zintuen horrek beti harritzen zaitu gaur ere?
Zer nahi gisaz, iparraldean, gaurko euskaldun gazte gehienek beren lurraldeaz ere ezdakite ezer. Beren burasoen faltaz zeren ikastoletan bertan ez baitute nekez baizik hori ikasiko
Telesforo Monzón, Urko, Ezker abertzalea,… Danak errudunak!!!! Baikortasun eta borroka grina sustatzearen, errudunak. Bada ez, Mikel, ez. Beste garai batzuetako hausnarketen ondorioz ateratako irakurketak ziren, non globalizazioa, aniztasuna, inklusibitatea, teknologia berriak, eta abar, ez ziren inondik agertzen. Inork ez zuen egungo egoera iragartzen, eta une batez, danel garaipena lortu litekeela amestu genuen.
Arazoa, egoera horren bortizki aldaturik, gaur egun alderdi politikoak eta euskal gizartea orokorrean (jakina!) erreakzionatzeko gai ez garela izan da. Eta honek argi erakusten du, Euskal Herriak, une honetan, naziogintza lehentasuna moduan duen alternatiba politikoa behar duela da, hainbat bigarren mailako politika sektorialetan jauzi barik. Gure herri biziraupena lehentasuna, konplexu eta aurreritzi inozoak baztertuz.
Ez naiz ni saiatu errudunak bilatzen eta identifikatzen; denak errudunak… bada, bai! denak gara errudunak, ala inor ez, noski. Eta bada gogoratu beharreko kontu gehiago: “Denok eman behar dugu zerbait, batzuk dena eman behar ez dezaten” behialako leloa kasu. Edo “Jaiak bai, borroka ere bai”.
Nire aburuz, bi hauek garai bateko tentelkeria erakusten dute, ezker abertzaleko erakundeetan ohartu baitziren “gizartea” ja-jai ari zela, baina kontu serioetan sartu…, gutxi. Tentelkeria den bezalaxe, hizkuntzaren alorrean, pentsatzea migrante edo etorkinen afera guztiz erabakigarria dela, baina Franco bizirik zegoenetik ere Euskaraz ikasteko (edo hiztun tipologian hobetzeko) hatzik ere mugitu ez duten abertzaleek inongo erantzunkizunik ez dutela…
Politikan eta hizkuntzak, paralelismo handiak ikus daitezke, eta ez batean eta ez bestean, patroi tentela delarik, ez da marinel berririk ontziratuko. Gogoan harturik, jakina, hizkuntza, kultura eta nazioa, herriaren espektroaren gune desberdinak direla baina elkarrekin doazela beti.
Nazioa edo nazioaren kontzeptua bera desitxuratua badugu, kulturarena eta hizkuntzarena ere berdintsu…
Baikortasuna, borrokarako grina eta amets egitea ongi, baina ez dira aski urratsak, sendoak izanen badira, egiteko.
Benat, harritu, nioen, Hegoaldeko bat bertso udaleku batera Espainiar atorra batez joanez gero…
Bai, badakit, bestela, euskaltasuna aspaldidanik galduz doala. Xalbadorren bertso gogoangarriak lekuko, Herria eta hizkuntza. Horretatik ere asko ikus dezakegu gaur egun, gutxienez ‘herria’ aintzat harturik dabilen jende asko (eta herrian Tximinok aipatzen dituen aferak, baita era bigarren mailako politika sektorialak sartzen ditut), baina herriaren eta herri horren kultura ahantzirik.
Tximinok arrazoi du, ezin diogu Monzoni erratu izana. Ezin zuen ikusi globalisazioa eta honek zekarren ideologia disolbatzailea. Gu bera baino askoz hobendunagoak gara, nihaur denbora asko eman dut fenomenoa konprenitzeko. Zerbait egoztekotan Monzoni eta gure aurrekoei , optimismoa da, baina zorigaitzez optimismoa da euskaldun guziek gugan daramagun sortzetikako eritasun hilgarria.
Irakasleen % 90 guztiz penagarria dela ez ezazue ahantz!
Osasune, eta hori zer, beno, zer ote da?
Nagore, Nafarroako herri txiki infernu handi bateko klasista arroxko bat zara, ez dakit, eremu mistokoa, euskaldunekoa ala erdaldunekoa. Trajea handi gelditzen zaizu.
Independentzia norekin??
Esna!! Herria berriz altxa!!
Nabarra Herria, Nazioa, Amerria, Estatua da!!
Nabarra euskaldunon amerri eta estatua da!!
Nabarra osoa Euskalduna eraiki!!
Nabar Estatua berreskuratzen!!
Independentziarik ez da batez besteko 46 urte dituen eta linguistikoki erdalduna den gizartean (EHan + %80 erdaraz bizi da) gertatuko.
Garai batetatik eta hamarkadetan bizirik eta indarrez egon den euskal kontzientzia apalduz dijoa alde batetatik politikarien jokoaren ondorioz baina hemen oinarrizko arazoa herria da. Hamarkadetan borroka egin duen eta errepresio gogorra jasan izan duen herria eta kontzientzi abertzalea. Hemen guztion artean etsaien jokoaren ondorioz itzalduz dijoan kontzientzia eta gure arbasoen kultura eta historiarenganako erakarpena berpiztu beharrak dauzkagu arlo guztietan, ez soilik maila politikoan. Guztion artean eta maila guztietan egin beharreko herri lan bat delarik. Hizkuntza mailatik hasita hemen nabaria da gutxinakako euskal kontzientziaren bazterketa ume eta nerabeen artean adibidez. Gure garaian ezagutu genuen gure arbasoen hizkuntzarenganako ardura hori ere itzaldu bait da. Hemen guztion arteko herri-lan bat pizten ez bada egoeraren joerak ez du norabide aldaketarik izango eta galdu ondoren negar egitearekin ez dago ezer berreskuratzerik.
Hemen, besteak beste, huts egin duena transmisioa da, besteak beste diot. Huts egin dugu transmisioan. Hori oso ezkerreko jokaera da, nire ustez: askatasuna, libertadea, tolerantzia, ontasuna, nazioartekotasuna, elkartasuna mundu guztiarekin, GKE guztiak, sexu pantone handia, emantzipazioa, ikasketak munduan barrena… eta rokanrol asko.
Edukiak, ideiak, asmoak… ez, ez, gurea borroka da. Autogestionatua.
Transmisio falta ikaragarria dago; politikan, hizkuntzan, kulturan, giza portaeretan, historia pertsonaletan, figura politikoetan. Soziologoek, baina psikologoek ere bai, lan handia dute aurrean, zergatik gauzak joan diren joan diren bezala. Hamaika (mila) seinale edo lekukotasun eman genezake; batzuk denok dakizkigunak, bestetzuk esan ezin direnak, agerikoak zein handiak edo xumeak.
Orain urte parrasta, ikastoletako haurrak ziren etorkizuna (gu Francorekin bizi izan ginen eta…); etorkizuna Euskaraz omen zetorren. Baina etorkizuna iritsi da, eta HAU besterik ez da.
Transmisioan huts egin; eskuinak, ez hainbeste. Familia, diziplina, ordena… gauza txarrak, bai, baina politikoki balio dutenak, kaos jatorrak baino gehiago, denbora luzerako.
Orain dena erlatiboa da. Euzkadi ez da gehiago euskotarron aberria. Euskotarrok, auskalo zer ote den hori, erabakiko dute, une oro eta toki orotan, zer izateko asmo edo borondatea duten, urte batetik bestera. Aberria, tira, musika taldeek zedarritzen digute, edo diskotekek, ez besterik.
Hemen, jendea batzar batera erakartzeko, beti otorduak prestatzen dira; jendea ortorduetara hurbiltzen da, baina batzarreetara gutxiagotan…
Gauzak esajeratzen ditut, baina neurri batean edo bestean… zerbait asmatzen dudala badakit.
Erabat ados, Mikel. Gure ezkerrak huts egin du, beste behin. Nik garbi daukat: gaur egungo ezker abertzaleak 30 urte atzera denboran bidaiatuko balu, orduko ezker abertzalearekin liskar bizian hasiko litzateke. Hainbesteko aldaketa ez da normala. Esan zer den gaurko ezker abertzalea zerbait likidoa ez bada?
Saiatu behar gara ulertzen zergatik transmisioak huts egin duen. Eta lehenik elgar konprenitzeko zeren transmisioz hitz egiten dugun.
Urte berri on!
Nik uste dut guk geuk huts egin dugula, geure jokaerengatik, geure egiteko moduagatik…
Hiru alorretan edo aspektutan emanen nuke ideia bana: hizkuntza, kultura eta politika. Txartzat jotzen ditudan hiru jokaera, gehiago ala gutxiago zabalduak, baina edonola ere kalte eragin dutenak.
Hizkuntzaren alorrean, uste dut ez dugula ulertu (ulertzen) hizkuntzaren berreskuratzea prozesua dela, dinamika bat, eta ez jarrera hutsa. Horretara zetorren “Hemen gaude Euskararen alde” egoeratik Euskararen alde EGITERA pasatzeko dei lotsatia, Urepelen hasi zen Korrikan aipatutakoa. Ez dugu erabaki sendorik hartu hizkuntza berreskuratzeko, berpizteko, behingoz ernazimendua egiteko Euskaraz, Txepetxek erakusten duen inflexio puntuan eman beharreko tentsioa iristeko. Hizkuntza lege batez normalizatuko delakoan, heziketa sistemaren ardura delakoan, euskaldun izateko hizkuntza opzionala delakoan, halako presentzia karriketan aski delakoan. Edo eta hizkuntzarako eskubidea aitortua edukitzea aski delakoan.
Kulturaren alorrean, elitea eta herri apala dikotomian galdurik, beti bertakoa galtzaile ateratzen zaigu; hainbat aspektutan ikus dezakegu hori. Ekimen asko, ORAINDIK egiten diren ariketak izan ohi dira, pastoralak eta Iparraldean bizirik mantentzen diren jardunak kasu, edo “herri kirolak”, non indarra ageri bada ere, HERRI izendapena ematen zaien oraindik, kontu urbanoak ez direlakoan, txokokeriak direlakoan; edo euskal pilota, zein munduari eskainitako kirol berezi eta ikusgarritzat jo beharko genukeena, hamarkadak daramatzan hil zorian, zestapunta azken hogei urtean, erremontea berrogeian, pala azken hamarrean. Ez dugu ulertzen kultura ez dela jardun berezia, areto barruko ariketa intelektuala, baizik eta izateko modu orohartzailea, eta egunero gauzatzen den herri baten ezaugarria, iragankorra, bai, behin eta berriz errepikatu behar direlako gure hitzak eta tradizioak, dinamikoa izan dadin eta uneoro betegarria izan dakigun.
Azkenik, politikan, esango nuke fede falta edo fede galera handia gertatu zaigula; lehen bazen gure ordez ahaleginak eta inbertsio handia egiten zuena (odolez ta malkoz…), eta bazirudien gauzak aurrera zihoazela, baina orain noraezean goaz. Behin eta berriro, desobedientzia zibila aipatu izan da horrelakoetan, baina hori beti bazterrean geratu da. Komentzimendu eskasa, hurrengo belaunaldia susmatzen duena, nahitaez. Helburu politikoen nahasmena ere gertatu zaigu, non, esate baterako, euskal presoak Euskal Herrian izatea lorpen politikotzat jo izan den. Lorpena bai, baina politikoa ez.
Eta gainera, elkarren arteko komunikazioa nahiko etenda dago; Iparralde eta Hegoalde, ekialde eta mendebalde, zentroa eta periferia, alderdi horien bereizkeria nabarmena da, gizarte(et)an ematen diren barne hausturak ahaztu gabe…
Urtea hasteko nahikoa da…