Selfie-politika, geurean ere

Selfie-politika geurean ere – 

Selfie-politika, geurean ere

Duela egun batzuk Mikel Asurmendi kazetariak egindako artikulu batean, Iñigo Martinez Peña filosofoak argitaratu berri duen “Pantailen garaipena” liburuaren laburpen ederra irakurri nuen. Jakin-minak jota, liburua ziztu bizian eskuratu nuen mamitsua bezain sakona izango zela iruditu baitzitzaidan.

Hasierako orrialdeak irakurtzen ari nintzelarik, idazleak idatzitako “ziberpolitika” hitza dastatzen ari nintzela, politikariek asteburuan egindako aurrekanpaina amaiezinaren enegarren agerraldien irudiak etorri zitzaizkidan burura.

Asteburu horretan, ohi bezala, Hego Euskal Herriko alderdi politikoen ordezkariek ekitaldi politiko bana egin zuten. Iñigoren gogoetaren laguntzaz, eta ikusitakoan erreparatuta, ekitaldi politiko horiek ekitaldi birtualak direla ohartu nintzen. Horren adierazle, bertaratutako politikarien jarrera: elkarri selfiak egiten, irribarretsu hedabideetako kamerei begira, benetako entzulerik gabeko saioetan, 6na kide ekitaldiko, besterik ez.

Aspalditik, politikarien agenda estuan derrigorrezko bilakatu da telebistan 20 segundo lortzea. Egunero ez badira urrezko segundo horiek lortzen katastrofea da alderdi horien komunikazio arduradunen ustez. Ez du axola handirik zer nolako mezu zabaltzen den, ez du garrantzirik ere hamaikagarren aldiz lelo bera esatea edota aurreko eguneko mezuaren aurkako argudio berri bat botatzea, helburua, irudia: irribarretsu egon, jator, dotore, haserre, arduratsu, alai, kezkatuta…egunaren arabera, baina pantailan.

Alderdi politikoak ez dira garai bateko masa mugimenduak. Duela hiru hamarkadetan, batzokietan, Herriko Tabernetako sotoetan, Alkartexeetan, “Casa del Puebloetan”, Auzo Elkarteetan, ehunka lagun biltzen ziren hilero. Izan ere, sarritan, egoitza berri bat zabaldu izana alderdi potiikoen indar erakustaldi preziatuena izan ohi zen.

Txostenak, proposamenak, ibilbide estrategikoak lehenengo eskutik ezagutzea beharrezkoa zen. Mota guztietako lanak baliagarriak ziren: fotokopiak egin, afixak jarri, gutun-azalak bete, poteoan eztabaida jarraitu, lantokiko asanbladara greba proposamena eraman… Alderdi politikoek militanteen kuota ez ezik euren lan boluntario eta beraien oniritzia ere behar zituzten. Ziberpolitikan ez da horrela.

Militantziarik gabeko alderdi batekin hauteskundeak irabaztea bazegoela egiaztatu zuen PSEk aspaldian, aitzindarietako bat: Odón Elorza. Xabier Arzallusek lehengo aldiz alkatetza oparitu zionetik, Odon selfie-politikariaren aurrekaria izan zen. Egunero prentsan: gabardina eskuan hartuta garrasika, danborrada jotzen, Borrelekin Zurriolako hondartzan lasterka algaratsuan, Kursaalean operan pentsakor, Zinemaldian… Edozein aitzakia ona zen urrezko argazkia lortze aldera. Hau pagotxa!

Poliki-poliki jarduera mota hori hedatuz joan zen. Irudi erakargarriena lortzeko lehia mediatikoa nagusitu zen, alderdi politikoen egoitzak eta lokalak husten ziren bitartean. Emeki-emeki militanteen beharra ahultzen joan zen. Hauteskunde sistemak berak ematen dituen diru-laguntzek ordezkatu zuten militanteen kuota. Publizitate enpresek hauteskunde kanpainen ardura hartu zuten. Ordenagailu baten aurrean “txio” andana barreiatzeko gaitasuna duen liberatuak kalez kale, auzoz auzo eta lantegiz lantegi mugitzen ohituta zeuden militanteak ordezkatu ditu. Horrelakoetan paradigmatikoa, Podemos izan zen, militantzia birtuala ere hedatu zuen talde politikoa. Kartez egindako piramide bat bezain ahula izan den egitura birtuala, baina ondorio iraunkorrak erakarri dituen jokabide berria.

Pandemia urtea izan zen, nire ustez, inflexio puntuetako bat. Hilabete horietan politikari profesionalek selfie-politikari ekin zioten kementsu. Denok etxean itxita geundela, politikarien agendak jarraitu zuen, bilerarik gabe, asanbladarik gabe, eztabaidarik gabe. Agerraldiak, proposamenak, aginduak telebistetatik ematen ziren, eta ez zen ezer gertatu, normalizatu zen, onartu zen eta onartutakoan finkatu da.

Egun, apenas ez dago militantzia aktiborik.

Ados, jendarte zaharkitua da gurea; noski, hamarkada luzeetako zamak atsedena hartzeko eskubidea eman digula pentsatu nahi dugu; Pazientzia Estrategikoa leloa atseden hori hartzeko baimentzat har daiteke. Hamaika arrazoi egon badaude, baina zein ote da nagusia? Selfie-politika politikariek ekarritako eszenatoki postdemokratikoa da ala Selfie-politika herritarrok ekarri, onartu eta barneratu dugun “erosotasuna-erosokeria” da?

Ziberpolitika geurera iritsi da, “Pantailen garaipena”, selfie-politika.

Selfie-politika, geurean ere Selfie-politika, geurean ere Selfie-politika, geurean ere

Donostiarra Pasaiaratua.

Zer duzu buruan “Selfie-politika, geurean ere”-ri buruz

  • Oso ergela ta estua iruditzen zait politikari profesional eta alderdi politikoen inguruan daukazun ikuspegia.

    Iraganataz egiten dezun irakurketa ere, enfin, deitoragarria. Baina aizu bakoitzak bere zoroa bizi du eta izan du ta errespetatu behar.

    Nere ustez, Euskal herriko jendartearen eta munduko jendartearen esperantza eraginkorra politikari profesional hoberenak eta alderdi politiko funtzionaletan dago aniztasuna ta efikaziaz bestelako mundua egiteko eta lortzeko( gure kasuan Euskal herriko prozesu konstituientearen bitartez). Demokrazia humanista, humanitate berri baterako.

    Bestelako instituzio ta eragileak ere noski daukatela bere garrantzia,Unibertsitateak,hezkuntza ,enpresak sindikatuak,familiak,kirol elkarteak, babes elkarteak…

    Ta politika profesional ta alderdiek oro har gurean duten maila nahiko ona dela iruditzen zait.

    Ta etorkizun begira potentzian oparoa ikusten det panorama, gehiengo indartsu batek eskatzen duen aniztasunaren kultura berriaren garai berria funtzionatzen hasten bada. EH Bildu- EAJ- PSE-EE- Ahaldugu- sumar en arteko gobernantza – aliantza kultura berria.

    Ustezko ezker posizio batetik eskubi extremoarekin hurbiltzen zarela iruditzen zait politikaren gaian duzun ikuspegiarekin,pandemian negazionistek eta txertoaren kontrakoak egin zutenaren antzera.Halere,ez dut inoiz zurekin topatu baina borondate oneko pertsona zarela iruditzen zait .

    Nere ustez aldaketa garai potente batean gaude bai munduan baita euskal herrian ere.Harrisku handiz betea baina esperantzarako faktore askorekin.

    Ongizan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude