Selektibitatea eta hizkuntzak eta literatura
Selektibitatea eta hizkuntzak eta literatura –
Egunotan, dakizuen bezala, adinaren lorean daudenak selektibitateko azterketak egiten ari dira Euskal Herri penintsularrean. Zientzia eta Letretako gaiez gain (Matematika, Fisika, Historia…), Euskara eta Literatura II, Gaztelania eta Literatura II, eta Ingelesa –ingelesa soilik–. Seme gazteenari galdeturik hizkuntzen lanketa nola ari den prestatzen, duda-mudarik gabe erantzun dit: euskara eta ingelesa ez dago errepasatu beharrik, baina gaztelania bai. -A, bai?, noan iazko azterketa ikusmiratzera!
Interneteko bilatzaileak berehala narama iazko ohiko azterketara. Euskara eta Literatura II-n, Karmele Jaioren honako artikulu hau, irakurriaren ulermeneko galderetarako (aukera anitzekoak: a, b, c, d; egia ala gezurra, eta abar), eta idazlana egiteko ere bai. Hona testuaren laburpena, eta idazlana egiteko aukeretako bat:
Erraza
Zerbitzari hori, barrara iritsi aurretik zuri begira dagoena, itxaron beharrik izan ez dezazun; lankide hori, lanez lepo zaudenean zure telefonoa berera desbideratzen duena; oporretara zoazenean etxeko landareak ureztatzen dizkizun auzokidea; ikasgaia berriz azaltzeko pazientzia duen irakasle hori, modu batera ulertzen ez baduzu beste modu batera azalduko dizuna (…)
Denok ezagutzen dugu pertsona horietako bat. Bizitza errazten diguten pertsonak dira. Bizitzaren makineria koipeztatzen duen noizbehinkako oparia dira. Izan ere, bizitza berez zaila da.(…)
Idazlana egiteko bi aukera eskaini zituzten iaz; bata, gutuna, eta, bestea, iritzi-artikulua. Ziur hamarretik hamarrek ez bada bederatzik gutuna hautatu zutela. Gaia, gorago aldatu dugun testuarekin erlazionatua:
Testuak dio, besteak beste, denok ezagutzen dugula bizitza errazten digun pertsonaren bat. Zuk ere inguruan izango duzu zeure bizitza errazagoa egiten ahalegintzen den norbait. Idatz iezaiozu gutun bat pertsona horri, eskerrak emanez bizitzak hainbat unetan pasarazi dizkizun une zail horietan hor egoteagatik eta zuri laguntzeagatik.
Oso gai polita gutuna egiteko eta azterketa gainditzeko ere. Egia da gisa horretako azterketarako ez dagoela estudiatu beharrik. Maila ona duenak ederki egingo du, maila erdi-bitartekoa duenak erdipurdiago, eta txarra duenak txarto.
Gatozen Gaztelania eta Literatura II-ra, labur-zurrean. Hasieran Milagros Hervadaren testu bat, eta euskarakoan bezala, galderak eta erantzunak eta idatzia egiteko gaia, testuarekin lotua. Baina azterketariari gehiago eskatzen dioten galderak. Hona lagintxo bat:
5B. Indique qué registro predomina en el texto <<Combatir armas con armas>>. Argumente su respuesta, indicando, al menos, dos características de dicho registro. Ejemplifique su respuesta con citas del texto. (80 palabras: no se incluirán en el cómputo de las 80 palabras las citas del propio texto) (1 punto)
Secuencias
1. ¿Qué hacer para que los fuegos no acaben con los árboles?
2. Entran en las escuelas y disparan a todo lo que se pone por delante.
3. No se concibe que un profesor pueda ir armado.
4. Cuando algunos proponen en sus programas electorales poder llevar armas se me hiela la sangre.
Elige una de estas opciones de respuesta:
a. 1. Subordinada final. 2. Coordinada disyuntiva. 3. Subordinada de relativo. 4. Subordinada temporal.
b. 1. Subordinada final. 2. Coordinada copulativa. 3. Subordinada sustantiva. 4. Subordinada temporal.
c. 1. Subordinada concesiva. 2. Coordinada adversativa. 3. Coordinada ilativa. 4. Subordinada temporal.
d. 1. Subordinada sustantiva. 2. Coordinada disyuntiva. 3. Subordinada consecutiva. 4. Subordinada temporal.
Horretaz gain, beste bi testu, bata, Isabel Allenderen “La casa de los espíritus”-etik aldatua, eta, bestea, Antonio Machadoren bertso batzuk, eta haien gaineko galderak. Ez luzatzearren, Machadoren bertso eta galderetara mugatuko naiz:
I
El ojo que ves no es
ojo porque tú lo veas;
es ojo porque te ve.
XV
Busca a tu complementario,
que marcha siempre contigo,
y suele ser tu contrario.
LI
Demos tiempo al tiempo:
para que el vaso repose
hay que llenarlo primero.
Esan egia ala gezurra diren:
a. Los versos de I se refieren a la pérdida de identidad del ser humano.
b. Los versos de XV muestran la complejidad del ser humano.
c. Los versos de LI hablan de lo esencial del tiempo en el desarrollo de la vida.
d. En todos los poemas predomina el carácter íntimo y emotivo y el poeta muestra sus propios sentimientos y conflictos.
Ingelesekoari ere begiratu bat emanik, ikusi dut euskarakotik askoz hurbilago dagoela gaztelaniakotik baino. Esan liteke euskara eta ingelesa maila bertsuan daudela azterketan -euskaran gehiago eskatzen da, beharbada-, eta, gaztelania, aldiz, gorago. Euskara eta ingeleserako ez bezala, gaztelaniarako errepasatu beharra dago, gehiago eskatzen delako. Zergatik eskatzen da gehiago? Erantzuna zure esku irakurle!
Selektibitatea eta hizkuntzak eta literatura
Ikasleen mailari egokitutako azterketak…
D ereduko, baita ikastolako, ikasketak burutu ostean ere, inguru erdaldunduetako gure gazteek (gehienak beraz) maila jasoagoa baitaukate españolez (edo frantsesez) euskaraz baino, normala den bezala.
Erdaren itsasoan bizi baikara oraindik (Erdal Telebista eta zenbait hedabide abertzale lagun), eta eskola orduak gutxiengoa baitira gaztetxoen ohiko jardunean. Mikel Zalbidek ohartarazi gintuen aspaldi:
“168 ordu ditu asteak. Egunean bederatzi ordu lo eginez ere, 105 ordu esna, iratzarririk pasatzen ditugu astero Lehen Hezkuntzako eskola-umeak. Ehun eta bost ordu horietatik zenbat pasatzen ditu eskolan? Hogeita bost bat ordu, normalean. Esna pasatzen dituen orduen %24 inguru, alegia. Beraz, gainerako %76ak ikasgelatik aparte egiten ditu”.
Ikastetxe barneko hogeita bost ordu horietan ere, ez dute denbora guztian euskaraz egiten, ezta hurrik eman ere… Horri gehitzen bazaio mugikorren eragin (erdaltzale) gero eta handiagoa (baita eskolan bertan ere), eskolaz kanpoko (eta batzuetan eskolan bertan) euskarazko baliabideen eskaintza urria (ez delako behar bezala eskaintzen), irakasle batzuen euskara maila desegokia, euskaldunen desideologizazio azkarra., “hiru hizkuntza dauzkagu” lelo hilgarriaren hedapena…
Tira, lan handia daukagula oraindik egiteko, maila guztietako ikastetxeetan (LANBIDE HEZIKETAko DESKALABRUA beste egun baterako), unibertsitatean eta bestelako alorretan, gure gazteek euskara maila egokia, eroso jarduteko modukoa eskuratuko badute.noizbait.
Zergatik eskatzen den gehiago?
Beharbada ezarritako ordenak baita orokorrean gizarteak ere pentsatzen dutelako ikaslearentzat kalitatezko espainola edo frantsesa ongi jakiteak inportantzia gehiago duela kalitatezko euskara ongi jakiteak baino.
Milesker zuen bion ekarpenagatik.
Ez nuke ikasleen eta irakasleen gaitasuna gaitzetsi nahi, baina agian beldur gara selektibitatean goi mailako euskara azterketa bat jartzeak erakutsiko digunaz. Gainera, berez betetako profezia bat da hau: espektatiba baxuak ezarri, emaitza baxuak lortu (euskararen maila, erabilera eta estatusari dagokionean).
Duela urte asko ere berdin zen. Urte osoa selektibitaterako ikasten euskara ikasgaian izan ezik. Hain eskakizun bajua zegoen examinean beste gauza batzuk egiten genituela, horrek euskara ikasgaiari balorea jeisten ziolarik. Berdin segitzen duela jakiteak amorrarazten nau, norbaitek ba al daki justifikazio ofiziala zein den?
Galdera ona Iker.
Zergatik? Prestigiozko hizkuntza espainola delako. Baita euskaldun gehienentzat ere, hori errazten baitu eskola ereduak.
Eskolak beti berdinketa bilatzen du, baina berdinketa hori halabeharrez beheranzko berdinketa bat da. Ikasle guztiak berdintzeko modua maila jaistea da, ez dago besterik. Horregatik da euskara ikasgaiaren maila hain baxua. Erdararekin aldiz ez da hori gertatzen, ikasle guztiak segituan erdalduntzan baitira ikastoletan, prestigiozko harreman sozialetan. Hau da, jolasorduan, korridorean, klasetik ateratzean, busean eta abar. Euskaldunak iraganean eskola espainiarretan ez erdaldundu izanaren arrazoi berberengatik. Orduan prestigiozko hizkuntza soziala euskara zen, eta ez da existitzen hori garaituko duen eskolarik.
Ez da posible prestigiorik ez duen hizkuntza bat klasean prestigiatzea, hori giza psikologia eta soziologia ez ulertzea da. Horregatik egiten du porrot eskola ereduak.
Hori gutxi balitz, eskola planetan ere, funtsean, espainola prestigiatzen da. Hau da, sozialki prestigioa daukan hizkuntzaren prestigioa gehiago indartzen da, bere “handitasuna” gehiago mitifikatzen da. Lengua espainolako klasean Machado, Becker, Gongora, Quevedo, Cervantes, Lope de Vega, Perez Galdos, Gongora, Calderón de la Barca, Cadalso, Fernando de Rojas, Lorca, Alberti, Aleixandre, Valle-Inclán eta abar eta abar eta abar luzea lantzen da, ondo eta sakon landu ere, ordu gutxi horietan. Euskara ikasgaian ez da literatura klasikoa lantzen. Ikasleek ez dute Axular irakurtzen, ez Duvoisin, ez Leizarraga, ez Lazarraga, ez Etxepare, ez Zabala, ez Mendiburu, ez Etxeberri Sarakoa, ez Añibarro, ez Kardaberaz, ez Mogel, ez Lizarraga, ez Tartas, ez Materre, ez Haranburu, ez ezer. Ez ez dute Beotibarko kanta ezagutzen, ezta Milia Lasturko, ez Iruñako poesiak, ezer. Eskandalu bat da.
Zerbait egin beharra dagoenez, itxura pixkat egiteko bada ere, lantzen dituzte bai Lauaxetaren bertso pare bat , Lizardiren beste pare bat, Miranderen zertxobait, Txomin Agirreren paragrafo terdi… ondoren aipamen pare bat Txillardegiren garrantziari, Saizarbitoria ta Urretabizkaiari… hortaz aparte “Etxepare izan zen lehena… Leizarragak biblia euskaratu zuen… Axularren Gero garrantzitsua izan zen…” esaldiak buruz ikasi, azterketa aprobatu, ta kito. Esan bezala, eskandalu bat da. Barre egiten zaio euskarari.
Eredua aldatu beharra dago.
Ba, seguru gauza askotan arrazoi duzula. Esaten duzunean: “Lengua espainolako klasean Machado, Becker, Gongora, Quevedo, Cervantes, Lope de Vega, Perez Galdos, Gongora, Calderón de la Barca, Cadalso, Fernando de Rojas, Lorca, Alberti, Aleixandre, Valle-Inclán eta abar eta abar eta abar luzea lantzen da, ondo eta sakon landu ere, ordu gutxi horietan”; duda egiten dut; hor ere, esaldi “plantillatuak” ikasaraziko dituzte gehienbat, baina, beno…
Eskerrik asko Julen, ekarpenagatik.
Ceharo bat nathor Julenequin.
Oraingo egoeran euscara’ minus-hizcunça bat berceric ez da.
Ez da hizcunça minimoqui serioa eta sinhesgarria.
Hola doaquigu dena!
Josu, zer da “minus-hizkuntza” bat eta zergatik diozu euskara “minus-hizkuntza” bat dela? Eta are gehiago, zergatik ez da serioa eta sinesgarria? Zein dira, zure ustez, sinesgarri eta serioa izateko bete behar dituen baldintzak? Ideiak hauek garatuko bazenitu eskertuko nizuke, eztabaidagarritasunaren izenean.
Gaur egin dute EAEn “Euskara eta literatura” proba idatzia.
Donostia ospitale unibertsitarioko ZIUko buruak Berrian iaz argitaraturiko “Eta esnatu ginenean, dinosauroak hor jarraitzen zuen” izeneko artikuluaren moldaketa hartu dute ardatz honako azterketa-atal hauetarako: 1. Ulermenari buruzko galderak (2 puntu); 2. Gaia eta ideiak/laburpena (2 puntu); Hizkuntzaren eta literaturaren inguruan (1 puntu) eta 3. Idazlana (5 puntu). Idazlana egiteko bi aukera: 1. Gutuna. 2. Iritzi-artikulua.
Seme-alabei ikaragarri erraza iruditu zaie, eta niri ere bai.
“Espainiako historia” ere egin dute.
Hor lehenbizi, azterketa egiteko jarraibideak euskaraz eta erdaraz.
Lehenbizikoa, euskaraz, hitzez hitz: “Proba idatzi honek 4 ariketa ditu eta BI egin behar duzu”. Eta gaztelaniaz: “Esta prueba escrita se compone de 4 ejercicios y debes hacer DOS de ellos.” Flipa dezagun!
Enekorix,
Beguira, Europaco hizcunca batean ikusten badituçu bideo eta errugbi moducoac minus-hizcunça baten aurrean çaude. Bi aiphatu ditut, baina millaca dira euscaraz honelaco inferioritate complexua eracusten duten hitzac. Batzuc honelaco camouflage pean hain suertatzen dira ridiculos non haien ordez synonymo “euscarazco”agoen bilha hassi behar baita, guztiz impresentable ez guerthatzecotan.
Gazte guztiec badaquite video eta rugby direla benetaco hitz serioac, ceinen aurrean bideo eta errugbi caricatura ridiculosac eta barregarriac berceric ez baitirade.
Adeitassunez
Julen, arrazoi ofiziala ez da prestijiozko hizkuntza dela. Benetakoa agian, baina ofiziala ez.
Jakitea garrantzitsua litzateke, nola kontra egin jakiteko.
Gaurko EAEko selektibitateko “Euskara eta literatura” azterketan, irakurritakoaren ulermenaren atalean, bost galderetatik lehen biak, honako aukera anitzeko galdera hauek izan dira:
1. Testuak Augusto Monterroso idazlearen ipuin bat aipatzen du izurritearekin gertatu dena azaltzeko. Horren arabera, 2020ko martxo-apirileko etxeratze agindua amaitu zenean,…
a) luzaroan jarraitu genuen iluntzeko 8etako txaloekin.
b) ingurukoen zaintza geure bizitzaren erdigune bihurtu genuen.
c) “normaltasun berrian” gure bizimodua aldatu nahi izan genuen.
d) gure nahia zen etxeratze agindu zorrotzaren aurretik egiten genuena egiten jarraitzea.
2. Testuaren arabera, kutsadura mailak behera egin zuenean,…
a) taldeko afariak egiteari utzi genion.
b) kontsumoaren aldeko apustua egin genuen.
c) gogoan izan genituen adinekoen egoitzetan hildakoak.
d) koronabirusari aurre egiteko neurri estuak mantendu ziren.
Kasik testua irakurri gabe asma litezke, baina horra testuaren lehen bi paragrafoak:
“Ausgusto Monterroso idazlearen ipuin ezaguna koronabirusarekin gertatu dena azaltzeko oso egokia dela iruditzen zait. 2020ko martxo-apiriletan, etxeratze agindua zorrotza zenean, entzun genituen halako batzuk: mundua aldatuko da, gizartea hobea izango da, zaintza erdigunean jarriko dugu…Zakurraren putza! Bukatu ziren itxialdiak, zortzietako txaloak, eta gertatua ahaztu nahi izan genuen. <> izendatu genuen, baina benetan nahi genuena lehengoa egitea zen, bizimoduz ez aldatzea. Musukoak eraman bai, eskuetan gela eman, eta beste ezer ez.
Kutsadura maila baxuak lagunduta, eta udaren atarian, etorri ziren neurrien deseskalatze azkarra, kontsumorako deiak, oporretarako leku <>, ez-festak, familiako bazkariak, kuadrillako afariak…Zaharrak berri, baina ez gazteen amorragarri. Ahaztu genituen Osasun Publikoa, aztarnarien beharra, adinekoen egoitzetan hildakoak, ospitaleetako isolamenduak, norberaren erantzukizuna, zaintzaileen bizi-baldintzak, eta gainontzekoak. Gora kontsumoa, ez-festen festa, eta taldeko afaria”
Ari gara buruan bueltaka,eta horrela behar da, baina Patxik egin duen konstatazio horrek ez ote du berriro erakusten erakaskuntzan islatzen den Espainia/Frantziaren eta Euskal Herriaren arteko, edota erdaren eta euskararen arteko indar-erlazio politikoen egoera?
Ez dezagun ahantz anitz aldiz hemen irakurria, alegia erdarak direla bakarrik derrigorrezkoak. Tamalez gure gizarteak, nahi ala ez, nolazpait barneratu du indartsuen legea erakaskuntzan beste arlo sozial guzietan bezala.
Bai, Beñat, hala da.
Puntuazio markengatik, berriz aldatzen dut hau:
“Ausgusto Monterroso idazlearen ipuin ezaguna koronabirusarekin gertatu dena azaltzeko oso egokia dela iruditzen zait. 2020ko martxo-apiriletan, etxeratze agindua zorrotza zenean, entzun genituen halako batzuk: mundua aldatuko da, gizartea hobea izango da, zaintza erdigunean jarriko dugu…Zakurraren putza! Bukatu ziren itxialdiak, zortzietako txaloak, eta gertatua ahaztu nahi izan genuen. “Normaltasun berria” izendatu genuen, baina benetan nahi genuena lehengoa egitea zen, bizimoduz ez aldatzea. Musukoak eraman bai, eskuetan gela eman, eta beste ezer ez.
Kutsadura maila baxuak lagunduta, eta udaren atarian, etorri ziren neurrien deseskalatze azkarra, kontsumorako deiak, oporretarako leku “ziurrak”, ez-festak, familiako bazkariak, kuadrillako afariak…Zaharrak berri, baina ez gazteen amorragarri. Ahaztu genituen Osasun Publikoa, aztarnarien beharra, adinekoen egoitzetan hildakoak, ospitaleetako isolamenduak, norberaren erantzukizuna, zaintzaileen bizi-baldintzak, eta gainontzekoak. Gora kontsumoa, ez-festen festa, eta taldeko afaria”