Sekularizazioaren eragina Euskal Herrian

Sekularizazioaren eragina Euskal Herrian –

Joxe Manuel Odriozolak Tolosaldeko Atarian.

Sekularizazioaren eragina Euskal Herrian

Zer ginen eta zertan garen! Non dago garai bateko euskaldun fededun hura? Zerk eraman zuen gure artetik? Zergatik irauli dira gure guraso eta arbasoen sinesmen sakonak hain denbora-tarte laburrean? Zein izan da azken mende erdian Euskal Herrian gertatu den iraultza sozialik sakonena? Abertzaletasunaren berpizkundea, akaso? Euskararen aldeko mugimendua, agian? Klase borrokaren kontzientzia, apika? Feminismoaren azken bolada honetako inarrosaldia, beharbada?

Iraultza sozialaren definizio bat indarrean dagoen egitura sozial eta politiko hegemoniko bat iraultzea baldin bada, gure artean gertatu den errotikako iraulketak izen bakarra du, inondik ere: sekularizazioa. Herri fededun katolikorik baldin bazen munduan, Euskal Herria zen. Euskalduna fededuna zen oroz gain. Baita abertzaletasunaren lehendabiziko identitate sisteman ere: aberriaren gainetik zegoen Jainkoa. 

«Herri fededun katolikorik baldin bazen munduan, Euskal Herria zen»

Beste gauza batzuetan buru-belarri genbiltzan bitartean, oharkabean iraungi dira euskaldunon erlijio sinesmen eta mundu-ikuskerak. 

1960 aldera Euskal Herrian bizimodu tradizionalaren berme ziren baldintza materialak eta kulturalak eraldatzen hasten dira orotariko kausak tarteko. Besteak beste, era askotako ideologia laiko eta kosmobisio sekularrak hasten dira loratzen. Modernizazioa zenbat eta aurreratuagoa, orduan eta sekularizazio handiagoa; horra hor gai honetan premisa gisa onartua izan den tesia. Nolanahi ere, besteak beste, industrializazioaren ondorioz etorri zen sekularizazioaren olatua ez zen gurera iritsi joan den mendeko bigarren erdira arte, euskal gizarte tradizionalaren historia eta inertzia medio

Harrigarria izan da, harrigarria izan denez, hain denbora-tarte laburrean Euskal Herrian gertatu den erlijio kinkaren fenomenoa. Euskaldunon giza nortasunak ezinbesteko zuen identitate jainkotiarra hein handi batean errotik erauzi du sekularizazioaren oldeak. Euskal gizarte tradizionalaren oinarrizko erreferente moral eta existentzial hegemoniko batzuk irauli egin dira. Lekutan dago euskaldun fededunaren binomioari zegokion Euskal Herria. Giza existentziaren azalpenak izkribu santuetan oinarritzetik kultura sekular mundutarraren kategorietan oinarritzera igaro da euskaldun gehienen iruditeria.

Sakontasun horretako lurrikara kognitibo kulturalak eta filosofikoak ez dira nolanahi eta noiznahi gertatzen. Gizartearen egitura sozial eta kulturaletan aldaketa handiak gertatu ezean, bizitza sozialaren arauak eta portaerak ez dira errotik aldatzen horren azkar. Mugarri historiko adierazgarri bat bizitzea egokitu zaigu, baina, esandakoa, ez dirudi daukan garrantzia aitortu diogunik. Erlijioaren auzia, besteak betse, aihergatasunak «gainditu» duela dirudi. 

Marxismoaren jiran eratutako ideologia sekular batek ordezkatu zuen gure belaunaldiko gazte askoren pentsaera filosofikoa. Xabier Letek zioen bezala, asko zuen berotik gure hautu ideologiko gordinak eta gutxi heldutasunetik. Orduko gure ziurtasun dogmatikoaren argitan erlijio sinesmena alienazio historiko baten ondorio hutsa zen; aldiz, klase borrokan ardazten zen filosofia materialistari zientziaren kategoria aitortu genion. 

Fededunak badu zer ikasia fedegabearengandik; eta, alderantziz, beste horrenbeste. Oraindik badago zer pentsatua fenomeno erlijiosoaren gainean. Horretarako gogorik ez duenak, berriz, giza existentziaren historian gertatu den fenomeno kultural eta sozialik handienetako bati muzin egiten dio, tamalez. 

Sekularizazioaren eragina Euskal Herrian

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Sekularizazioaren eragina Euskal Herrian”-ri buruz

  • Badago mania bat esateko erlijio sinesmena galtzean beste sinesmen batekin ordezkatzen dela, eta hala gertatu dela.
    Nik ezagutzen ditudan ez-sinestun gehienek ez dute bestelako sinesmen batekin ordeztu erlijiorik eza. Bai, norbaitek esango dit klase-borroka, diru-gosea, anbizioa, arrakasta profesionala, sareetako ergelkeriak edo auskalo zer direla gaur egungo erlijio. Gauza horiek sinestunek eta ez-sinestunek bizi dituzte.
    Erlijio sinesmena beste gauza bat da. Besterik gabe, jende askok ya ez ditu gauza batzuk sinesten. Eta “identitate jainkotiar” hori galdu da, besteak beste, sinesmen hori transimititzea “sustatzen” (bortxa gehiagoz edo gutxiagoz) zuen botere faktikoa, eliza, botere hori galduz joan delako. Eta nahiago nuke hemen gertatu den sekularizazioa beste hainbat lekutan gertatu izan balitz

  • Benat Castorene 2025-02-05 18:41

    Artikulu hau interesgarria eta zentzuduna ene iduriko. Milesker egileari.
    Iduri du “fenomeno” erlijiozkoak ibilaldi historiko berdin berdina jarraitu duela iparraldean eta hegoaldean. Nahiz gurean 1789ko iraultzaren erligio kontrako astinaldia izan.
    Artikuluak industrializazioa aipatzen du sekularizazio faktore gisan eta egia dateke, baina horrekin batera laborantza munduaren desagiketa gertatu zen. Eta iparraldean nun industrialisaziorik ez baitzen izan sekularisazioa gertatzen da kanpainaren eta baserrien hustearekin nabarmen. Eta herri guzian barna eskola publiko laikoen zabaltzearekin ere.
    Erligioaz pentsa dezakegu nahi duguna baina nabarmen da horrekin batera galdu dugula mugaz gaindiko lokarri inportanteenetarik bat.

  • Sekularizazioa gertatzen da, oro har, elizak gizartea kontrolatzeko gaitasuna galtzen duen prozesu baten ondorioz (hemen aipatu diren hainbat faktorek eragina izan dute). Jendea aske denean, bere bidea errazago aurkitzen dute batzuek, eta hori ez zaio gustatzen aparatu klerikalari.
    Horregatik litzateke hain inportantea, adibidez, musulmanen bizitzan imamen eta beren meskita eta apezen eragina gero eta txikiagoa izatea (leku askotan nabaritu da musulmanen jokabide “hertsiagoa” meskita edo imam bat herri edo auzoan ezarri ondoren). Tamalez, ez da horrela.

  • Amonamantangorri 2025-02-06 15:43

    “Herri fededun katolikorik baldin bada munduan, Euskal Herria da”, zer ote da hori, errealitate sozial konstatatu bat, ala euskal eliteek beraien interesen arabera ekoitzitako ideologia baten adierazpidea, non egiazki egon bazegoen zerbait (jendeak, oro har, katolizismoa praktikatzea) hanpatu edo magnifikatu egiten baitzen?

    Herri honek erdaraz idatzi eta inprimatu izan ditu bere hitzen %99, nahiz eta luzaro herritarren %99, %80. %70… euskaldun garbia izan. Peio Monteanok Izebergaren metafora erabili du; artxiboak arakatuz izotzmendi euskaldunaren punta baizik ez da ikusten ahal. Beste guztia, ia dena, azpian dago.

    Monteanori metafora ostuz, Txirritaren bertso antiklerikalak (“apaizak bele beltzak ta zaku ikatzak…”), Nafarroako “jota heretiko” Jose Mari Espartzak liburu mitiko batean bildutakoak, Joseba Tapiak “Eta tira eta tunba” diskoan emandako kopla liberalak (“Zein dira mingaiñ eder bihotzez falsuak, onak nahi gaituztenak bueltatu gaiztuak? Apaizak, tiraka pin pon,
    dabiltza ti-ta tikiti pin pon…”)… eta Don euskal etnografoei ezin konta ahalko zitzaizkien makina bat istorio lizun eta sakrilego… Hori da izebergaren punta; azpikoa nekez azaleratu ahalko da; izan ere, “euskaldun on” (edo nafar on, edo bizkaitar on edo baserritar on) karnetak banatzeko lana hartu izan dutenek ez dute ondare ori jaso, ezkutatu baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude