Segregazioa eta titulartasuna, amaierarik gabeko eztabaida

Segregazioa eta titulartasuna, amaierarik gabeko eztabaida –

Aitor Mendia Urrutia , Doktoregaia EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza sailean, BERRIAn.


EAEko Hezkuntza Legearen Aurreproiektuaren zirriborroak eztabaida sutsua piztu du euskal hezkuntza-komunitatean. Aurreproiektua 2022ko irailean argitaratu zenetik, eragile eta norbanakoen adostasunak eta desadostasunak adierazten dituzten hainbat hausnarketa partekatu dira euskal prentsa idatzian. Eztabaida honetan argi ikusten da euskal gizarteak hezkuntza-sistema hobea nahi duela, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta euskalduna izango dena. Helburuak partekatzen ditugun arren, ordea, xede adostuei erreparatu beharrean iritzi, interes eta desadostasunetan ari gara arreta jartzen. Honek eztabaida oztopatu du, eta helburuak lortzeko bidea eraikitzea eragotzi. Bidea jorratzeko garaian zenbait elementuk traba egin dutela dirudi, eta horietako bat da segregazioaren auzia.

Segregazioa eta titulartasuna, amaierarik gabeko eztabaida

Eztabaidan eragile eta norbanako ugarik parte hartu dute, eta euskal prentsan presentzia gehien izan duten eragileen artean, sindikatu eta alderdi politikoez gain, hezkuntza-plataformak, kultur elkarteak eta ikasle-mugimendua ikusi ahal izan ditugu. Guztiok ados gaude segregazioa amaitzea hezkuntza-sistemaren lehentasunetako bat izan behar dela. Aldiz, hainbat kasutan, segregazioaren auziari erreparatu beharrean, titulartasuna izan da eztabaidagai. Maila sozioekonomikoagatik eta jatorriagatik sortutako segregazioaren arrazoietako bat hezkuntza zentroen titulartasuna izanik, zilegi litzateke gai horri heltzea. Kasu honetan, ordea, konponbide batera iristeko baliagarria izan beharrean, elkarri aurre egiteko soilik balio izan du; horrela, tresna izan zitekeena helburu bilakatu da.

Segregazioaren eta titulartasunaren gaiak euskal hezkuntza-komunitatearen eztabaidan diharduen bitartean, esanguratsua da lege aurreproiektua aurkeztu zenetik hona gaiaren inguruko diskurtsoak bere horretan mantendu direla. Gaia behin eta berriro errepikatzeaz gain, alde batetik zein bestetik egin diren aldarriek ez dute garapenik izan. Honek pista argi bat ematen digu: irtenbide batera iristeko, eztabaida ez da baliagarria izaten ari.

Titulartasunak bere horretan segregazioa ez lukeela amaituko kontuan izanda, are antzuagoa bilakatzen du eztabaida. Segregazioa fenomeno konplexua eta multidimentsionala izanik, titulartasunak ez ezik beste zenbait faktorek ere eragiten dute, hala nola ikasle zaurgarrien bizilekuak, pasibotasun politiko historikoak eta, batez ere, familien ikastetxea hautatzeko eskubideak.

Horrekin esan nahi dudana zera da, sare bakarra izango bagenu ere, gurasoek ikastetxea hautatzeko eskubidea duten bitartean, ikasle zaurgarriek segregatuta jarraituko lukete. Gainera, kontuan izan behar da baldintza onenak dituzten familiek ez ezik, zaurgarritasun egoeran dauden familiek ere ikastetxe beretan elkartzeko nahia izan ohi dutela. Hori kontuan izanik, segregazioa amaitzeko bidea ikasleen matrikulazio planifikatuaren eskutik etor daiteke, horretarako borondate errealik balego.

Ordea, planifikatutako matrikulazioak ez du esan nahi planifikazio hori hezkuntza-sare publikoaren baitan egin behar denik derrigor. Izan ere, sare estataletik kanpo antolatzen diren hezkuntza-proposamenak galarazteak, segregazioa ez bukatzeaz gain, tresnarik gabe utziko lituzke hezkuntza-komunitatea konkretuki eta gizartea orokorrean, gobernuak asebetetzen ez dituen beharrei erantzuteko. Esaterako, gurean ikus dezakegu nola euskarak ofizialtasunik izan ez duen garai eta lekuetan hezkuntza euskalduna jasotzeko era bakarra sare publikotik kanpo antolatzea izan den eta izaten jarraitzen duen. Izan ere, gurasoen eskola hautatzeko eskubideak segregazioari ateak irekitzen dizkion bitartean, estatuaren kontrolpetik haragoko sareak sortzeak konponbideak ekar dakizkioke sare estatalak erantzun ezin dien arazoei.

Titulartasunaren gaian tematzeak, beraz, funtsik gabea izateaz gain, bestela ados gauden helburuei ez erreparatzea dakar. Honenbestez, euskal hezkuntza-sistemaren inguruan eztabaidatu eta proposamenak egiterako garaian, helburuak argi izan behar genituzke. Honela, proposamenak helburu horien egikaritzera bideratu eta ikaslea erdigunean jarriko duen eztabaida zintzoak eraiki. Hots, ez dugu ahaztu behar guztiok unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta euskalduna izango den hezkuntza dugula xede; goazen ahaleginak horretara bideratzera, bakoitzak toki ezberdinetatik egiten dituen ekarpenak aitortuz eta geure buruari oztopo gehiago jarri gabe.

Segregazioa eta titulartasuna, amaierarik gabeko eztabaida Segregazioa eta titulartasuna, amaierarik gabeko eztabaida

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.