Sedukzioaren garrantziaz: ETBren kasua

ETB1en

ETB Eusko Jaurlaritzaren menpeko telebista katea da. Bi kanal dauzka, bata espainol hutsezkoa eta bestea nagusiki euskarazkoa, espainolari sarri egiten baitio leku, gero eta sarriago, euskaldunak espainolez hitz egiten agerrarazteraino.

ETBk euskararen normalizazioari egiten dion ekarpenaren argi-itzalei  buruz zehaztasunez idatzi zuen duela aste batzuk J.I Hartsuaga (Euskal telebista euskararen minbizia, Sustatu), eta bere idatzia ekarri dut hona. Uste dut eztabaida eta hausnarketa eragin beharko luketela… baldin gure zainetan odolik badugu, behinik behin. Horratx:

Euskal Telebista euskararen minbizia

Gero eta sarriago entzuten dira bazterretan ETB1en egoeraren inguruko iruzkinak. Programazio eskasa, aurrekontu argala, ikuslego urria, edota, Jose Inazio Bazteretxearen irudi ezin grafikoagoan, bonsai gosetia, aipatzen dira euskarazko telebista kate publikoaren gorabeherak deskribatzerakoan.

ETB1en aurrekontuak loditu, programazioa hobetu, ikuslegoa ugaritu eta orokorrean euskararen mundua aberastea, etorkizun hurbilean burutu beharreko helburuak dira zalantzarik gabe. Baina nahikoak al dira?  Nago ezetz.

Duela hogeita hamar urte lehen euskal telebista sortu zen garaian, lorpen izugarria izan zen telebistako mundua euskaratzea. Gogoan dut oraindik “western” mitikoak euskaraz entzuteak sor arazten zigun harridura eta zirrara, euskara sukalde txokoan baino ezagutu ez genuenoi. Umetxo euskaldunek, euskaraz ziharduten pailazoak zituzten lehen aldiz, euskarazko “telediarioak” genituen lehen aldiz baita ere (oraindik ohitu gabe ginen artean “teleberri” esaten), … euskara dimentsio berri batean sartzen ari zen.

Homologazio gose bizi zen kultura hartan, “erdaldunak adina” izatea zen helburu argi eta garbia, zalantzan jartzen ez zena.

Helburu nagusia ETB2 sortzea zela pentsa liteke baita ere, garai hartako legediaren arabera ez baitzen libre autonomiek telebista bat zabaltzea, bertako hizkuntza berezian ez bazen. Unea bizi genuenok gogoan ditugu oraindik “katea” eta “kanala” bereiziz  ETB2ren inguruan hemego agintariek egiten zituzten ekilibrioak, hori sortzearen aurkako asko baitzegoen Madrilen, iritzi publikoaren moldatze lanean izango zuen garrantziaz jabeturik. Baina alde batera utziko dugu kontu hau hurrengo baterako.

ETB1en helburu nagusia euskararen homologazioa zen, euskara beste hizkuntzen pare jartzea. Bai eta belaundaldi berriari giro euskalduna “kaxa ergelean” bermatzea ere. Eta azkenik, herri osoari ikasbide osagarri bat ematea, euskara estandarra zabaldu eta hiztunen maila dotoretzen laguntzeko.

Euskararen egoera diglosikoa edo telebistaren indar arau-emailea ez ziren garai hartan aintzakotzat hartu. Ulerbera izanik, normaltzat jo liteke, premiak larriak eta ugariak direnean ezin direlako denak batera eta neurri berean asetu. Akats horiek ordea ez dira gerora zuzendu, batek daki zabarkeriaz, ez ohartuaz, ezinaz ala beldurrez. Baina horien ondorioz euskara lur jota geratu da, eta bere sostengu nagusia izateko jaio zen EITB, ustegabeko minbizirik gaiztoena bihurtu zaio apurka eta oharkabean. Esaldi gogorra? Bai. Exajeratua? Ez. Inola ere ez.

Telebistaren indarrik handiena bere indar arau-emailea da. Eta ez naiz iritzi politikoak moldatzeko duen indarraz ari, jokabide sozialak oharkabe aldatzeko, indarrean jartzeko edo modaz kanpo uzteko duen eraginaz baizik. Ager dezakeen beste edozein eraginaren oso gainetik kokatzen da indar arau-emaile hau. Eta alde honetatik, euskarari, ETB1en egiten denak hainbat, edo seguruasko oraindik gehiago, eragiten dio ETB2n egiten denak. Horregatik atsekabez entzuten ari naiz EAEn gertatu den aldaketa politikoaren ondorioz zabaltzen hasi diren EITBri buruzko hainbat asmo: Euskarazko telebistaz baino ez dihardutelako eta ez direlako neurtzen ari, “euskal” erdarazko telebistak ere, euskarari egiten dion eragina.

Duela hogeita hamar urte ez zen posible kalean bi gizonezko ezpainetan muxuka ikustea. Ikusleei barrenak nahasiko zitzaizkien, eta hori jakinik, horretarako desioa zutenak ere ez ziren ausartzen. Zerk ekarri du aldaketa?: Telebistak noski. Telebista da sozialki normalak ez diren egoerak normaltzeko tresna nagusia. Harrigarria da gainera zeinen azkar eta txukun egiten duen bere lana. Duela hogeitamar urte bi gizonezko horrela muxukatzen irudikatzea ezinezkoa bazen, gaur egun nekez irudika daiteke horren aurrean inor sobera asaldatu edo zakar ekitea. Eta gehienek telebistan baino ez dute horrelakorik ikusi. Baina jakina, telebistan ageri bada, normala da.

Aurrekoa adibide bat baino ez da. Dozenaka aipa litezke, sexu kontuetatik hasita, jazkera, orrazkera edo pierzinetaraino. Telebistan ageri dena normala da. Telebistak sortzen du normaltasuna, telebistak  diktatzen du normaltasuna.

Ez al da harrigarria telebista normaltasunaren sortzailea izaki eta euskararen erronka normalizazioa izaki, telebistaren eragin hori aintzat hartzen ez duen hizkuntza politika garatzea? Zertan gabiltza garrantzi txikiagoko hainbat aspekturen  eztabaidan, indar nagusiaren gorabeherak zeharo bazter utzita?

Batzuk ustekabez harrapatu ditu elebidun gero eta gehiagok erdararen alde egiten duten aukera euren eguneroko bizitzan. Etorkizun euskaldunaren euskarri izan behar ziren gazteak tarte. Eskolaldi osoa euskaraz egin eta gero nolatan ematen diote bizkarra gure hizkuntza maiteari?

Telebistan ikusi dutenari begiratu ezkero ez dut uste erantzuna zaila denik. Zein da eusakl telebistak erakutsi dien normaltasuna? Bada, euskal telebistak etengabe erakutsi die azken hogeita hamar urteotan, euskara bigarren mailako hizkuntza dela, eta are okerrago, euskara bigarren mailako hzkuntza dela  euskaldunentzat. Eta ez ditut aipatuko ETB1en gabeziak, horiek ondo ezagunak direlako, denak ados gaudelako eta azpimarra beste gauzetan jarri nahi dudalako. Euskal telebistak erakutsi die “euskal” deitu daitekeela erdaraz eginez. Euskal (erdal) telebistak erakutsi die euskaldun peto-peto izan zaitezkeela nagusiki erdaraz jardunez telebistan. Norbaitek uste du herriak euskaldun petotzat jotzen duen jende erreferentziala nagusiki euskal (erdal) telebistan agertzeak ez duela mezu subliminalik? Ez duela normaltasuna arautzeko lanik egiten? ETB1en gabeziak eta ETB2ren aldeko apustuak kalte handia egin diote euskararen prestijioari. Baina ETB2n erdaldun hutsak bakarrik atera balira, egin duen kaltearen laurdena ere ez zukeen egingo. Zoritxarrez ez da horrela izan. ETB2k behin eta berriz erakutsi digu, eta erakusten dirau, bertan ageri diren elebidunei berdin zaiela euskaraz ala erdaraz egitea, eta azken finean, maizago ageri direla erdaraz euskaraz baino. Zehatz mehatz gaurko gazte elebidunei gertatzen zaiena. Berdin zaie batean ala bestean jardutea eta horrek eramaten ditu apurka-apurka erdararen maldan behera lerratzera. Hara zer kasualitatea!

Euskararen prestijioa lur jota dago, eta EITBk horretan izan duen eragina izugarria da. Elebidunak euskararen aldeko aukera egiten erakusten duen telebista  behar dugu. Elebidun erreferentzialak. Telebistan behin eta berriz ageri direnak. Erdaldun hutsek egin dezatela erdaraz besterik ez badakite, baina elebidunek mesedez argi eta garbi egin dezatela euskaraz, ahal bada beti eta gutxienez nabarmen nagusiki, erakuts dezatela behin eta berriz euskara dela haien aukera. Amaitu egin behar dira behingoz  simetriazko axolagabekeriak. Eta horrek ETB1 adina dagokio ETB2ri.  Badaude noski zaindu beharreko beste hainbat kontu eta xehetasun hizkuntzaren duintasuna eta prestijioa goratzeko. Baina telebistan euskaltzale agertzea da guztien artean ezinbestekoena. Telebistak fabrikatzen duelako egunero gure normaltasuna. Gaurkoa eta biharkoa.

19 pentsamendu “Sedukzioaren garrantziaz: ETBren kasua”-ri buruz

  • Mantxu Abarrategi 2013-01-30 15:19

    Artikulua ederto batean dago idatzita eta oso ados nago esaten den guztiarekin. Izan ere, lerrootan azaltzen dena da hain zuzen, hainbat eta hainbat euskaldunek sentitzen duguna aspaldion ETB pizten dugun bakoitzean. Ez da beti erreza izaten berbetara ekartzea norberaren sentsazio eta bizipenak, halere, hona hemen neure ustez ETBn gertatutakoaren bertsio bat, gordin-gordina gura baduzue:

    Irudipena daukat, Sozialisten legegintzaldiaren zehar, (eta momentuz EAJk ez duela eskua sartu dirudienean), eguraldiaren mapaz harago doazen zenbait aldaketa sustraitu direla ETBren erakunde-kulturan. Izan ere, neuk sentsazioa daukat Ibarretxeren aldi bietan ETB ahalegindu zela (gutxi-asko eztabaidaz aparte) ekarpenak egiten eraikuntza nazionalaren arloan. ETB1ek askoz indartsuago goratzen zuen euskarazko kultura eta ETB2n ostera, ohikoagoak ziren euskarazko agurrak eta euskararen aldeko mota horretako keinuak. Estetika ere hor dago. Ez diot orduan forro-polarrarekin zihoazenik baina bai ordea, makilaje estiloa gehiago hurbiltzen zela “euskal” estilora… esaterik badago.

    Gaurko egoera aldiz, erabat kontrakoa da. Azpimarraren saio batzuk kenduta, kafeina bakoa da ETB1ek proiektatzen duen euskaltasuna. Programazio ezintasunak ere hor daude. Oso zaila suertatzen ei zaie euskarazko kalitatedun produktuak sortzea, salbuespenak salbuespen, betiere. (Serie batzuek eta programa batzuek itzel funtzionatu dute, jendearengana iristen asmatu duten neurrian).

    ETB2koak gehiago arduratzen nau. Euskarazko zantzu guzti-guztiak desagerrarazi dituzte. Erdararen mundua euskarazko kulturara erakartzeko ahaleginik ez dago, eta are gehiago, euskarazko kulturaren erreferenteak izan litezkeen asko erdaraz agerrarazten dituzte!! Estatu mailako kateekiko hartu-emana nabarmena da, tamalez, paraleloki eta gehienetan ETBren kalterako, ez soilik audientzia datuei dagokienez Aurreko guztia gutxi balitz, estetikoki, ETB2-k ez dirudi ezta Ebrotik gorako erdalduna… erdara egiteko erak ere EHtik kanpokoa dirudi!

    Gauzak horrela, zuzendaritza berriak 180 graduko maniobra egin beharko du.

  • Eta kirolari euskaldun peto-petoak ETB1en ere erderaz berba egiten!!! Eta Radio Euskadin español correcto berba egiteko saioak egunero-egunero, baina euskara apur bat ikasteko pistarik bapez.
    Katalanek katalanez egingo dabe baita Telearribaespañan be, baina geuk etzean be erderaz, txakurtxo ozatanak lez.
    Guk ez dogu sedukzinorik behar, behar doguna da ganorabakokeria totalaren kontrako pastille mordoa.

  • Nik hiru ume ditut (16, 14, 9) eta Gasteizen –Biturien- bizi naiz. Hirurak joan dira D eredu indartura, eta gure etxean euskara baino ez da erabiltzen, nahiz eta sarri –sarriegi- egurrarekin ibili behar izaten dudan.

    Nire umeak eskola eta institutu publikoan ikasten dute, eta urte asko dira gelatik kanpo euskaraz hitz bakar ere askatzen ez dutela. Lehen, zaharren biekin matraka hutsean nenbilean euskara erabil zezaten kalean ere, eta ikusten nituen bakoitzean bekoki motza jartzen nien. Hirugarrenarekin asper-asper eginda nago, eta badakit euskararik sekula ez duela erabiliko lagun artean, ez bada halakoren batean halako kontzientzia —geroz urriagoa den horietarikoa— itsasten zaiola.

    Hiruretarik inortxok ere ez du inoiz etxean ETB jartzen, ez euskarazko ez gaztelaniazkoa. Bai, behartu ditzaket horretarako, baina 16ak eta 14ak oiloak perratzera bidaliko naute, eta hirugarrenak Euskal Telebista zer den galdetu zidan aurreko batean.

    Kontua da ze nire alabak –hiruretan zaharrenak- “Independentzia” dioen kamiseta jartzen duela noizbehinka, eta “Aupa gizonak jaiki mutil (…)” kantatzen duela nik entzun eta pentsa dezaten alaba abertzalea dudala.

    Nire alabari espainierazko kateek botatzen dituzten txerrikeriak gustatzen zaizkio, mutil eta neska eder eta erdi biluztuak agertzen diren horietarikoak. ETBk ez dio –inolaz ere- horrelako ezer eskaintzen, eta eskaintzen baditu ez du lortu gazte/umeenana iristea. ETB2 diñozue? Nireek ez dute putaidearik horretaz. Ez dakite zer den. Guk darabiltzagun buruhausteak pitokeri eta ergelkeriak dira eurentzat.

    Kontua merchandising-ean edo horrelako zerbaitetan datza. Saltzen ez den produktuak ez du balio, ikusten ez den telebistak balio ez duen moduan. Horren gordin, horren argi.

    Pasa den astean zioen Bazkarrikak “Bikain egin dugu; arrakastarik ez, ordea”. Kaka zaharra!! Bikain egin eta arrakastarik ez baduzu, hobe bertan behera uzten baduzu eskuetan darabilkizuna eta ekin beste langintza bati.

    Guk ideologia kontuak, “gurea”, “betikoa” eta horrelakoak bazter utzi produktua saltzen lortu behar dugu; eta ez badugu lortzen, askoz hobeto da diru hori beste zerbaitetan erabiltzea.

    • Arazoa ez da telebista bakarrik ordea… beste askoren artean paisaia linguistikoa ere hor dago… hemen beste testigantza bat:

      http://kanalak.berria.info/euskara/kolaboratzaileak/134/hizki_larriz.htm

      Telebista ereduaz eztabaida genezake, baina audientzia beste edozerren gainetik lortze aldera telezaborra jartzearekin ez nago batere ados. Zer eratako gizartea osatu nahi dugu? Niri ez zaizkit batere eredugarriak iruditzen programa horiek… Zer balore transmititzen dituzte bada?

      Gainera, irakurri dudanez ETBren audientziak berriz ere hazten ari omen dira (ETB2 batez ere). Horregatik oso garrantzitsua da ETB bere osotasunean euskalduna eta txukuna egitea, orain dagoena txerrikeria bat da eta.

      Bestalde lehen ere aipatua dut eta berriz ekarriko dut hona. Nire ustez kaleak eta lantokiak euskalduntzeari garrantzia handia eman behar diogu: https://zuzeu.eus/2013/01/29/mugarria

    • Egia izango da, baina Baztarrikak “bikain egin dugu; arrakastarik ez, ordea”? esan duenik sinestea kosta egiten zait. Non esan du hori? Nolanahi den ere kontuak txiste bat gogorarazi dit:

      Ba omen zen bikote bat jo eta ke aritu eta ahalgina egin arren, haurdun gelditzerik lortzen ez zuena. Azken aukera gisa, espezialista ingeles bat aholkatu diete. Oso jakintsua eta oso ona.

      Joan dira harengana, nahiz eta ingelesez tutik jakin ez. Eta besaulkian eserita dagoen espezialista ingelesak biluzteko eta parean duten ohean ekinean hasteko eskatzen dio bikoteari.

      Enfin, espezialistaren begirada zuhurraren argitan, hasi dira. Bukatu dute.Eta espezialista ingelesak papertxo batean zer edo zer idatzita eman ondoren, etxera bueltan bidali ditu.

      Papertxoa ireki eta zera irakurri du bikoteak: “triteoterole”.

      Joan dira farmaziara galdezka:

      -Baduzue triteoterolerik?

      -Nola triteoterole? -farmazialariak.

      -Bai, triteoterole…- papertxoa erakutsiz.

      Hartu du farmazialariak papertxoa. Eta irakurri ondoren:

      -Hemen “try the other hole” jartzen du.

      Bueno, ba, irudipena da Baztarrikak konturatu behar lukeela arrakasta lortzeko bikain egin dituen gauzak beharbada ez zirela egin behar zirenak, beste batzuk baizik. Alegia, bikain baino bikainago aritu arren, arrakastarik lortu ez badu, ziur asko zuloz nahastu delako izan dela.

      Pertsonalki, sedukzioarena, garrantzitsua izanik ere, bigarren mailako faktorea iruditzen zait: euskararen nahi eta ezinekin zerikusi erabakigarria hizkuntzaren inguruan egin den desideologizazio lan itzelak daukala uste dut -espainola faboratzen duen beste ideologia isil baten alde-.

    • Peru Dulantz 2013-01-31 08:57

      Zuretzat beranduegi da, Bituri, baina hona nire aholkua haur txikiak dituzten guraso eusaltzaileentzat: haurra jaiotzen den unetik (edo, amaren sabelean dagoenetik hobe) etxean euskarazko hedabideak baino ez piztu umea aurrea dagoela behintzat. Haurra hazi et mandoa kontrolatzen ikasi ahala (3 urte bete baino lehen), haurrentzako programazoa eradaraz eskaintzen dituzten kanalak ezabatu TDTk ematen dituen aukerak erabiliz (bide batez, teledendak, telecinco, MTV eta gainerako zaborra ere kendu dezakezu, zapping egitean ere ez topatzeko). Nik hala egin nuen, eta emaitza zuk kontatzen duzunaren guztiz kontrakoada.

      • Peru, ez da horren erraza baina. Zuk diñozun jarrerak arrakasta izateko nire umeak ez lirateke etxetik atera beharko. Zergatik? Umeen sozializazioa -batik bat 6 urtetik aurrera- eskolan egiten lehenengo, eta gero koadrilan. Inguru horiek etxekoaz bestekoak badira, zure umea bitxo arraro bat legetxe sentitutko litzateke. Pentsa: gelako haurrik gehieneak Clan ikusten, eta zure ETB. Ez luke inor izango berak ikusten dituen marrazkiez hitzegiteko.

        Gainera -eta ez kuestio sakona da- zeozleango appartheid-a egingo genioke geure seme-alabari. Hartu kontuan Peru nik Gasteiztik idazten dudala, eta umeen sozializazioa etxean hasten dela, gero haurtzaindegian, gero eskolan, gero institutuan, kirol-taldean, (….) eta eremuak handitu/zabaldu ahala gureen talde-kideak, lagun-kideak era askotakoak dira, iturri ugaritakoak. Hemen Gasteizen, nire seme Martinek -13 urte- Ariznabarra futbol-taldean jokatzen du, eta koadrila ere hor egin du. Non ikasten dute talde-kideek, eta zein eredutan? Ba asko eta asko kolegio pribatuetan, eta B ereduan. Euren gurasoentzat euskara zeharo arrotza da -eta kontrakoa ere bai kasu askotan- eta umeek ez dira kapaz izaten euskaraz esaldi bat tajuz egiteko.

        Ingurumari guztiak hartu behar dira kontuan, eta batik bat Biturie ez dela Beasain, eta Lekeitio ez dela Ortuella.

        • Peru Dulantz 2013-01-31 11:21

          Biturie:
          Ni ere Araban bizi naiz, lautadako herri erdaldun batean. Oso bakarrik sentitu gara beti kontu honetan, baina lortu dugu: 9 urterekin, alaba euskalduna da, euskaraz hitz egiten du bere lagunkin. Lagunek, berari, gehienbat euskaraz egiten diote… Esan dudan bezala, zuretzat berandu da, baina ez da hain zaila, demontre!! Nahikoa da lauzpabost gai argi izatea eta koherentziaz jokatzea

          • Peru Dulantz 2013-01-31 11:25

            Nire alaba ez da inoiz bitxo arraro bat iza ETB ikusetagatik, guztiz integratuta egon da beti, eta, Disey Channeleko terminoloia erabiliz, oso “popularra” da, eta euskalduna ganera. Baina bueno!! Zertaz ari gara? Hainbeste artikulu, iritzi eta gogoeta, eta gero, praktikan, olatuak erama gaitzala, beste guztiak bezala… Benetan, Biturie, zure jarrera hori bada, utzi denbora galtzeari… D eredu indartua…, zertarako?

          • Nire jarrera euskararekiko anitza da, eta Pako Aristiren hariari ekinez gero, traidorea ere izan naiteke gaztelaniaz erabiltzen baitut sarri nire idazkietarako, euskararekin batera.

            Hori bai, ez naiz hipokrita. Nire hiru umeen klaseetatik, nire lan-ingurutik, nire kale.girotik jende ezgun asko ezagutu dut, ideologiaz ere dexente exekerreko eta abertzale direnak, kanpoko edo itxurakeriazko agerpenez gain, errealitatean bizitzarik gehiena gaztelaniaz egiten dutenak, baita bikotekide euskaldunarekin ere.

            Nire emaztea gaztelaniazko giro ez abertzaletik etorritakoa da. Euskaraz ikasi behar izan zuen nire etxeko giroak euskaldunak behar zuelako izan.Hala da: euskara hutsa erabiltzen dugu, eta umeak ere horretara BEHARTZEN digutu, joera nabarmena dutelako gaztelaniara jotzeko.

            Peru, zure umeak 9 urte ditu. Nik 1 dut 9 urtekoa, eta oraindik ere lortzen dut euskara erabiltzea. Hiru urte barru hitzegingo dugu zure umeen bilakaeraz, izan ere, urte horretatik aurrera geroz gehiago egingo dute talde-bizitza. lagun artekoa. Zure zilbor-hestea berarekio geroz apurtuagoa egongo da, eta halako batean konturatuko zara zure seme-alabek eurek -ez aitak edo amak- aukeratutako hizkuntza darabiltela lagun artean. Hor ez da nahikoa jarrera jakin batzuk; are: kontraesanekoak ere izan daitezke.

          • Peru Dulantz 2013-01-31 16:03

            Biturie, nik, neure esperientzian oinarrituta, oso proposamen zehatza, ERRAZA eta ERAGINKORRA egin diet seme-alaba txikiak dituzten euskaltzaleei: hedabideak beti euskaraz etxean. Aukera hori hor dago, ez da zaila, eta eragin handia du, emaitza onak ditu. Horren aurrean aitzakiekin erantzutea… Nik ez dut uste inor “bitxo raroa” bihurtzen denik euskalduna izateagatik, ezta traumatizatu era Clan ez ikusteagatik. Hemen gabiltza, eskolari hau eskatzen, EITB nolakoa izan beharko litzatekeen aldarrikatzen…, eta mila aitzaki erabiltzen geure etxean erabaki erraz batzuk ez hartzeko. Hizkuntzak ez dira zerutik ikasten, umeek ez dute ezinbesten gaztelaniaz hitz egin behar, gaztelaina ez dator “berez” eta ez da ez hobea, ez eraginkorragoa, ezta patuaren inposizioa ere, pertsonalki konprobatu dudanez. Txikitatik euskarazko kultur produktuak, eta horien barruan ikusentzunezkoak, baino ez emateak bere emaitza dauka, hori besterik ez dut esaten, eta hori OSO ERAGINKORRA da helburua haur euskalduna lortzea bada, batez ere oso erdaldunak diren ingurunean bizi bagara.

  • Kaixo,

    Eztabaidarako gai interesgarria iruditzen zait Itzainek plazaratu duena. Hala ere kritika txiki bat Itzainentzat: Orain arte izan dituzun erantzunak hobeto ulertzen dira zure artikulua baino. Ez dut oso ongi ulertu esaten duzuna. Abstraktoegia ote den edo… Adibideen bidez konkreta zenezake esandakoa? Milesker.

  • Auskalorentzat 2013-01-30 18:38

    Auskalo, artikulua ez da nirea, baina ahaleginduko naiz erdibideren bat aurkitzen…
    “Bada, euskal telebistak etengabe erakutsi die azken hogeita hamar urteotan, euskara bigarren mailako hizkuntza dela, eta are okerrago, euskara bigarren mailako hizkuntza dela euskaldunentzat ere”
    Ea, adibide ulergarri bat jartzen asmatzen dudan:
    Adibidez, ETB2n nahiz ETB1en sarri-sarri ikusiko dituzu Guardiola, edo Artur Mas, edo Miquel Barceló, hamaika katalan, katalanez gozo-gozo eta harro-harro, bere itzulpen eta guzti. Katalan hiztunak errespetatzen ditu ETB-k.
    Aldiz, Mendilibar, Egibar, Iraizoz, Otegi (kanpoan zenean), Iribar, Egaña, Agirretxe, Urretabizkaia, Barriola eta Olaizola, Baztarrika, Mintegi, Orioko trainerua, Atxaga, Arantzazuko Ama eta… nahi bezain luze jarrai dezakegu, guztiak ERDARAZ jartzen ditu ETB2-k BETI, eta azken urteotan, ETB1-ek ere bai, sarri.
    Hori euskaldunak makurtuaraztea ez bada, basallajean eta sumisioan heztea ez bada, hori kolonizatuentzako telebista ez bada, zer da?

    • Izan ere, ETB-k egiten duenak sedukzio sanotik ez dauka ezer, baina sedukzio gaizki ulertuarekin lotura izan dezaketen popa, eman eta horien antzeko hitz batzuk etortzen zaizkit gogora, ETB-2 (eta 1) edo Radio Euskadi, batez ere, konektatzen ditudan bakoitzean.

      • Eta badaezpada ere, azpimarra dezadan errespetu osoa merezi didatela ETBko profesional guztiek, areago ETB1ekoek, horietako asko langile bikainak. Eurek ez dute arduradunen errurik.

  • Ba nik urte batzutik ona eiten dudana zea da, Euskaraz ulertzen didan edonorekin (naiz eta berari kostau) Euskaraz eiten dut, eta Euskara gutxigo erabiltzen duten Euskaldunekin ere, horrela bi gauz lortu ditut, nirekin behintzat Euskaldunak Euskaraz eiten dute eta gutxiago ulertzen didatenekin ere Euskara hor dago. Eta ezusteko batzuk ere izan ditut (lotsagarriak niretzako), Euskara izugarri ondo mederatzen duen jende asko, ez nekin ezta Euskara zekitenik. Ohitzen zarenean hizkuntz batean zaila duk egoera aldatzea, baina lor daiteke. Eta ETB1 dirua da sartu behar dana, dirua eta Euskara da,ze orain gaztelera gehiegi agertzen da ETB1n. Diruarekin berazko produkzio produktu hobeagoak atera ahalko ziren eta internazionalki arrakasta duten pelikulak eta seriak bikoiztu ere, ze nerabeentzako (eta helduentzako ere) ez dago ia ezer Euskarara bikoizten danik..

    • Ba nik urte batzutik ona eiten dudana zea da, Euskaraz ulertzen didan edonorekin (naiz eta berari kostau) Euskaraz eiten dut, eta Euskara gutxigo erabiltzen duten Euskaldunekin ere, horrela bi gauz lortu ditut, nirekin behintzat Euskaldunak Euskaraz eiten dute eta gutxiago ulertzen didatenekin ere Euskara hor dago. Eta ezusteko batzuk ere izan ditut (lotsagarriak niretzako), Euskara izugarri ondo mederatzen duen jende asko, ez nekin ezta Euskara zekitenik. Ohitzen zarenean hizkuntz batean zaila duk egoera aldatzea, baina lor daiteke. Eta ETB1n dirua da sartu behar dana, dirua eta Euskara ,ze orain gaztelera gehiegi agertzen da ETB1n. Diruarekin berezko produkzio produktu hobeagoak atera ahalko ziren eta internazionalki arrakasta duten pelikulak eta seriak bikoiztu ere, ze nerabeentzako (eta helduentzako ia berdin ) ez dago ezer Euskarara bikoizten danik..

  • kame hame haa 2013-02-01 14:54

    goazen lagunok, amets betean, dragoiaren bola bila bateraaaa
    orain badakit, nongo zuloan, dagoen altxorrik ederreeenaa
    gure mundu hau irla handi bat da, ta hortxe pozten du ba altxor edeeer bat!
    bihotzean badut nik amets on ederrik, ta ez da eguzkirik disdiratsuagorik, goazen bihotza betean, aurki dezagun, goazen, goazen goazen goazen.
    tximistaren bidetik, dragoi bola bila, itsaso eta lurrez
    bihotz bete ametsez,
    ta altxorraaa guretzat izango daaaaa aaa aaaaaa
    ekin lagun bideari, Songo gurekin ez da beldurrik,
    zeru goian nahiz lurrean, hegan eginez laster altxorra duguuuuu.

    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-01-30/005/003/kame_hame_haaa.htm