Schumacher itzuli da!
Jordanenaz gogoratuko zara agian baina baita duela gutxi Amstrongen itzuleraz ere. Ez da horretara laburtzen ordea kirolari handien itzulera, azalerazten azkena, Nakayama futbolari japoniarrarena baita 42 urterekin.
Piloturik onena
Ez da arraroa hedabideetan piztu duen zalaparta. Inoizko piloturik onena ez bada, titulurik gehien irabazi duena da. Piloturik garrantzitsuena izan da azken bi hamarkadatan eta pertsona bezala ere eredugarri aurkeztu izan dute, ezagutzen dutenek.
1 Formulak ere bere aldeko argudioak eskaintzen dizkio. Fisikoan hainbeste oinarritzen ez den kirola izanik, bere adinak gorputzari eragindako higadura ez du hainbeste nabarituko eta hori gutxi balitz, erretiratu zenetik, ez da pistetatik urrun ibili, Ferrariren kontseilari eta probatzaile ere aritu izan baita azken urtetan.
Mercedesen lehengo Schumacher ikusiko dugun galdetzen diote denek euren buruari. Eta hori inkognita bat da gaur egun. Autoaren prestakuntza ikusteko dagoen arren, Ross Brown atzean egongo dela jakinik, makina fidagarri eta puntako bat jarriko diotenaren zalantzarik ez genuke izan behar, elkarrekin bikote ezinhobea osatu baitzuten alemaniako kaiserra pilotu irabazlea zen garaian.
Ross Brownek Schumacherrek irabazten jarrai dezakeela esan berri du. Azken denboraldian eman diren iraultzekin ordea, gerta ote liteke?
Itzulerak ez dira beti onak izan
Amstrongek oso maila ona eman zuen iazko Tourrean nahiz eta ez zuen sailkapen nagusia irabazi. Jordanek ere joko ona egin zuen (ez ordea Chicago Bulls garaiezin hartan bezalakoa) bere bigarren aroan.
Baina goi mailako izar handien bigarren aroak ez dira beti onak izan, eta inoiz ez lehen aroa bezalakoak. Horregatik, normala ere bada, zalantzak izatea jendeak.
Ikuskizuna eskaini eta Amstrongekin gertatu bezala, 1 Formulak hedabideetan indar gehiago izango duela, nabaria da.