«Schrödingerren euskaldunak» eta kazetaritza: aholku pare bat

«Schrödingerren euskaldunak» eta kazetaritza: aholku pare bat – 

Kazetari, idazle edo wikilaria bazara, litekeena da egunen batean atzerritar jatorriko euskaldun bati buruz idaztea edo elkarrizketa egitea. Gai hau, identitatearekin lotutako gai guztiak bezala, oso sentibera izan daiteke. Hori dela eta, hona hemen zehatzago eta inor mindu gabe idazten lagun zaitzaketen zenbait aholku:

1. Atzerritar jatorriko euskalduna, atzerrian jaiotako euskalduna eta euskaldun berria ez dira gauza bera, multzo hauek gainjartzen diren arren. Adibidez: euskaldunek adoptatutako pertsona, txikitatik euskaraz dakiena, ez da euskaldun berria. Jatorriz diasporakoa den eta euskal kultura eta euskara sakonago ikastea erabaki duena ez da atzerritar jatorrikoa. Etorkinen ondorengo izateak ez du atzerrian jaio izatea esan nahi. Denok ulertzen dugunez, Euskal Herrian euskaldun berri asko egoteak ez du aipamen berezirik behar. Gainera, euskaldun berri kontzeptuak hizkuntzari bakarrik egiten dio erreferentzia eta ez kultura-identitateari, eta euskaraz dakiten baina euskaldun sentitzen ez direnentzat ere erabil daiteke (nahiz eta agian zehatzagoa den kasu honetan hiztun berri erabiltzea).

2. Herritar-izenak (jentilizioak) hobe da pertsona zehatz baten baimenarekin soilik erabiltzea. Non jaio eta bizi denaren datu objektiboa ez ezik, identitatea ere bada. Batzuek bi herritar-izen erabiltzen dituzte beren burua definitzeko («marokoarra naiz, baina euskal herritarra ere bai»), beste batzuek bat bakarrik («Parisen jaio nintzen arren, donostiarra naiz»), eta beste batzuek bat ere ez («Rio de Janeiron jaio nintzen, Londresera joan naiz bizitzera, euskaraz hitz egiten dut eta munduko herritar sentitzen naiz»). Ez inposatu zure iritzia besteei, mesedez.

3. *Ama-hizkuntza terminoa, zehaztasun gabekoa eta sexista izateaz gain, hunkigarriegia izan daiteke gutako batzuentzat. Lehen hizkuntza askoz neutroagoa da.

4. Mesedez, ez nahastu aberria eta jaioterria! Euskarak aukera paregabea ematen digu bi kontzeptu hauen inguruan hausnartzeko. Gehienetan bat datoz, baina batzuetan ez.

«Schrödingerren euskaldunak» eta kazetaritza: aholku pare bat5. Jatorriari dagokionez, inori *euskaldun etniko deitzeak ez du zentzurik. Etnia kultura, hizkuntza eta besteekiko komunitate-sentimendua da, jatorri genetiko edo arrazaren eufemismoa baino. Beraz, okerra da arbaso euskaldunak dituen baina beste herrialde batean guztiz asimilatua dagoen eta euskal kultura galdu duenari *euskaldun etniko deitzea. Alderantziz ere bada: euskaldun sentitzen den atzerritar jatorriko pertsona euskaldun etnikoa da. Anbiguotasunari beldur bazara, hobe da esamolde zehatzagoak erabiltzea: «haren gurasoak ez dira euskaldunak», «Euskal Herritik kanpo hazi zen», «euskaldun izateko erabaki kontzientea hartu zuen» eta abar.

6. *Bikote misto esatea nahiko zentzugabea da orokorrean. Bikote guztiak dira mistoak arrazoiren batengatik (besteak beste, adina, ikasketa maila edo, adibidez, neurotipoa izan daiteke). Izan ere, bikote gehienak mistoak dira generoari dagokionez, baina ez diegu bikote heterosexualei misto esaten! Gehienetan esamolde horrek kultura-identitateari egiten dio erreferentzia. Bi bikotekideak kulturalki euskaldunak badira, baina haietako bat atzerrian jaiotakoa bada edo haren gurasoak euskaldunak ez badira, ez dira bikote mistoa eta horrela deitzeak ez du balio! Aukerarik onena esamolde hau kasu guztietan baztertzea izango litzateke zehatzagoa den zerbaiten alde.

7. *Benetako izen-abizenak esatea, izen ofiziala edo jaiotza-izena aipatzen denean, iraingarria izan daiteke. Atzerritar jatorriko euskaldun askok beren jaiotza-izenaren euskarazko forma edo guztiz bestelakoa den izen bat hartzen dute. Batzuek beste abizen bat erabiltzen dute izengoiti gisa. Haietako batzuek ezin dute formalki izena aldatu arrazoi objektiboengatik (adibidez, ez dute herritartasunik edo abizena aldatu nahi dute eta ez ponte-izena). Beste batzuek ez dute legezko arazorik nahi edo ezin dute diru asko gastatu dokumentu guztiak ordezkatzeko. Horrelakoetan, hobe da lehengo izen-abizenak batere ez aipatzea, eta behar-beharrezkoa bada, *benetako ez deitzea.

8. Euskaldun garbiak euskaraz ondo eta erdarakadarik gabe hitz egiten duenari egiten dio erreferentzia eta ez odol garbiari! Euskaldun garbia bazara, hori ulertzen duzu zalantzarik gabe.

Mila esker testu luze hau amaiera arte irakurri duzuen guztiei! Atzerritar jatorriko eta/edo atzerrian jaiotako euskalduna bazara, zuretzat pertsonalki garrantzitsua den guztia gehi dezakezu.

«Schrödingerren euskaldunak» eta kazetaritza: aholku pare bat