Joseba Sarrionandia: “Dena kontatu, zertarako?”
sarrionandia
Poeta erraria (3): azken obrari begira
Hauxe duzu Joseba Sarrionandiaren elkarrizketako hirugarren zatia. Batez ere, azken liburuari buruz mintzo da bertan. (Trankripzioa eta audioak)
…
Nola izan da hartua Moroak gara behelaino artean, zure azken liburu hori, euskaraz eta gero erdaraz?
Euskaraz, irakurle aldetik ondo. Liburu nahiko konplikatua da eta uste dut hainbatek irakurri duela. Bada meritua irakurlearena, ze bide luzea eta zaila da irakurketa hori. Eta ofizialki hartu zen ba eskandalu tonto batekin. Eskandalua erdaraz armatu zen baina erdarazko bertsioa gero, bueno, eskandalua armatu zutenek sumatzen dut ez dutela gero liburua irakurri ere egin. Edo baten batek irakurri badu ez ditu bere aurreiritziak liburuaren testuan konfirmatuta ikusi eta ez zaio interesatu. Aurreiritzien mamuak oso eraginkorrak dira.
Liburuaren asmoetako bat eztabaida politikorako gaia planteatzea zen, baina zaila dela ematen du Euskal Herrian ideologia politiko desberdinen artean gaiak modu normal batean eztabaidatzea.
Ez dituzu guzti-guztiak kontatu, hala ere. Badakigu hori. Idazleak badu aukeratzen ibiltzeko eskubidea ala memoria osorik kontatzen behar du saiatu?
Zer da osorik? Edozein testu konkretu ere iceberg baten modukoa da. Oso bisuala da Hemingwayren icebergaren teoria. Hemingwayk konposizio teknika eta idazkera bihurtu zuen icebergaren ideia hori, baina nire ustez edozein liburutan gertatzen da hori. Edozein liburu da iceberg baten punta bezalakoa.
Axularren Gero bera esate baterako. Non daude liburu horretan liburu hori idazten ari zela, Pierre de Lancrek errearazitako sorginak? Errepresioa ixilpetuta, mendetako kanpandorre gizartea dago hor nonbait, liburuaren barruan.
Edozein liburutan dago gehiago lerroen artean, lerro arteko zuritasun horretan, tinta beltzean baino.
Inork ere ez du dena kontatzen, ez? Inposiblea da, aspergarria eta, gainera, zertarako?
Zein da idazlearen zeregin nagusia, egiteko behinena?
Behinena, behingoa eta garrantzi handikoa, ba, espektakuloaren gizartean horri ematen zaio argia. Golari eta… Baina nik eguneroko lanean sinesten dut, batez ere, nire aita bezala, nekazaritzatik zetorren eta fabrikan lanean.
Ez naiz ausartzen behinena zer izan daitekeen definitzen. Badira zeregin sinpleak ondo egiten direnak. Zapatariak zapatak konpontzen ditu nire kale izkinan, antzeko artisaua sentitzen naiz ni. Eta beste hiru edo lau liburu egin nahi nituzke euskaraz, ahalik eta ondoen idatziak eta gizabidezkoak.
Lagun izoztua zure eleberri nagusia da, besteren baten asmorik?
Hiru edo lau eleberri utzi izan ditut erdi idatzita. Denbora behar da gero, ondo idazteko.
…
- – John Andueza: Prime Time
- – Eskolan irakurzaletasuna lantzen
- – Beñat sarasola: Atxagaren Gizona bere bakardadean
- – Sarrionandia: “Dena ezin da kontatu, aspergarria da eta, gainera, zertarako?”
(Datorren astean, Sautrela saioaren emisioaren ostetik, Joseba Sarrionandiari eginiko elkarrizketaren laugarren zatia argitaratuko dugu hemen: POETA ERRARIA 4: HIZKUNTZARI BURUZ)
30 urte pasa ditugu Sarri idolatratzen. Ez da harritzekoa, bera horren moralista izanda, euskal herri zintzoarentzat bere moralinak doktrina izan dira.