Sara-Larrun-Sara mendi mendi irteera antolatu du EHEk
Iazko ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusirik, “Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!” lelopean, Herri Urratsen bezperarako plan bikaina antolatu du aurten ere EHEk.
“Muga ororen gainetik euskaraz bizi nahi dugula” aldarrikatuko du EHEk beste behin ere Larrun gainetik. “Muga, zailtasun eta oztopo guzien gainetik” euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diogula adieraziko dute. Maiatzaren 9an, Sarako Gaztetxeak, Olhain Ikastolak, Har Hitza elkarteak eta Euskal Herrian Euskarazek auzolanean deituta, Sara-Larrun-Sara mendi-irteera egingo dute horretarako. Ondotik musika, jatekoa, pilota partidak, herri jolasak eta kontzertuak izango dira.
EHEk salatu duenez, “ez dira gutxi euskaraz bizitzeko egunerokoan topatzen ditugun sasiak”. Euskaraz bizitzeko bidean ditugun hormak atzemateko “ez dago sobera bilatu beharrik”. Adibideak “nonahi” ditugu, eta ez dira aspaldikoak, “gaurkotasun bizikoak” baizik.
Hainbat adibide zerrendatu ditu eragile euskaltzaleak. 1850eko Falloux legearen gerizan, “gaur ari dira ikastolen aurrerabidea urratzen”. Gaur bertan, “ezin ditugu ikasketak euskaraz bukatu, edota Baxoa euskaraz pasatzea ezinezko bihurtzen digute”, beste adibide andanaren artean. Gaur, oraindik orain, “gure herrietako paisai linguistikoan erdara da nagusi”. Gaur, eta bihar, “epe motzean ere tamalez, herritarron hizkuntza eskubideen bermatzaile beharko luketen administrazio publikoak eskubide horien urratzaile nagusiak izaten jarraituko dute”. Horma horiek kontutan izanik, “euskaraz bizitzeko dugun ezintasuna, euskaldunon problema, alegia, euskaldunok ez dugula euskaraz egiten dela” esatea arbuiagarria da EHEren ustez.
Arazoa alor horretarako mugatu ezin bada ere, alor horretako erronka ere “itzela” da. Horregatik jarraitzen du EHE-k “egunez egun euskararen alde lanean, irribarrea jantzita, kemena lagun euskaraz bizitzeko nahiari hauspoa ematen, euskaldun izatearen harrotasuna hedatzen eta espaloitik ez jaisteko hautuari eusten”.
EHEk adierazi duenez, legedi arrotzek eta gutxiagotze estrategiek “ezin dute makurrarazi gogoa”, eta “euskaraz bizitzeko autodeterminazio ariketa indibidual eta kolektiboa egiten badugu bidea eginez jarraituko dugu, pausoz pauso aurrerabidean, helmugara iritsi arte”. Oinetako lokatzari beharrean, “tontorrari” begiratzeko apustua egin du.
EHErekin batera “euskararen alde egotetik euskararen alde egitera mugiarazi nahi ditugu herritarrak, norbanakoak eta taldeak, enpresak, elkarteak eta erakundeak, erdaldun, euskaldun eta euskaltzaleak”. Hamaika arrazoi daude: “euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, elkar ezagutzeko edo dena delakorako nahi, behar edo balio digulako”. Euskararen alde egiteko arrazoia edozein delarik ere, muga guztien gainetik euskaraz bizitzeko deia egin du eragile euskaltzaleak.