Santamasak, beharrezkoa zaigun euskal antzezpena?
Gaurko eguraldi ez kaskarregi honetan, eguraldiari begira gaude, zergatik eta Santo Tomas eguna dugulako, festa egun handia!, nonbait. Egutegiak geure pozaldien gorabeherak markatzen dituenik ezin uka, are gutxiago oraingo egun-data hauetan, zorionez edo tamalez. Hortaz, Santo Tomas, Santamas edota Tomas Saninduaren eguna dugu gaur egungo euskarteko ustezko egun handi hau.
Eta nola bizi dugu honelako egun berezi hau? Hasteko eta behin, festaren zer-nolakoari ekin aurrez, oinarri duen sanindurarekin abiatuko naiiz. Santo Tomas, santu menosa, santu eskasa oso omen zen nolabait, fede koskor baten jabe, kasik are fedegabe ere nonbait. Jesusen berpiztearen gaineko bere guztizko duda-mudak azaldu zituen ezin argiago, eta urrutitxo ere eraman zituen gure santuak, hainbesteraino, ezen Jesusen gurutziltzatua izanagatiko esku zuloak ikusi eta beroietan bere hatzak sartu artean ez baitzion sinismenari heldu. Eta harakoan zera esan zion Jesusek, “ikusi nauzulako sinetsi duzu”. Horregatik dugu menosa, nonbait, santutetan santu dugun Santo Tomas.
Santo Tomas festa-ospakizunari baina, Santuaren gorabeherak jada gizartearen oroimenean jada kasik guztiz ezabatuta(edota egungo egunean jada sekulan egon gabeak), fede, ez-fede, fede-antzeztu edo sasi fedearekin lotura nolabaitekorik aurkitzen diot nik. Izanez ere, edo egitez ere, hemen, honelako egun honetan, zer eta “euskal zer” horren agerrarazte publikoa dugu ospakizun. Osasun aldetik, mendre eta ezin eriago dugu “euskal zer” horren bistaratze publikoa egiten dugu egun honetan. Bistaratze “astrakano” samar, egia esan, antzeztuegia, behartuegia eta aspadi zaharreko ez dakitnongo baserritar moldeko forma izoztuak baliaturik antzezpen delako horretarako.
Euskal zerarako fede menostatutakoak izango al gara euskaldunok hein handi batean? Halaxekoak izango al gara egun? Geure gizartean, geure kaleetan, geure eguneroko giroan, kasik jada ikusgai, begien bistako, ez zaigun hori, noiz eta nolatan eta gaurko egunez eta horren era antzeztu, behartu eta “parke tematikokoan”. Bada, kontua tamala bada ere, hala delakoan nago ni. Haztagarri bilakarazi behar dugu egunerokoan gero eta gordeago dugun euskal zera. Ez dezagun baina geure burua engaina. Antzezpen beteko kontua baino ez dugu-eta. Are euskal zer delakoa haztagarri-ikusgarri egitea helburua bera erdibidean galduta utzi du-eta jada festak. Ezen, gaurko egun honetan gure kaleetako antzezpen delako horretan denetariko gizajendea ikusi ahal izango dugu: oraindik euskaldunak direnak, oraindik orain izandakoak, izan nahiko luketen asko eta asko, festazale amorratu baina guztiarekiko guztiz axolakaitzak, eta, hemen datorkigu larri-larriena, euskaldunon kezkagarri beharko lukeena, euskaldunez beti trufa egin eta gutxietsi nahian “kaserotzat” jo ohi dituzten betiko naskagarri horiek. Azken hauek barra-barra, tamalez.
Igor Goitia