Sandra Martin Andres: “Zigorra epe luzera ona ez dela erakutsi dute ikerketa askok”
Sandra Martin Andres: “Zigorra epe luzera ona ez dela erakutsi dute ikerketa askok” –
Nahia Martinez Gondrak Hiruka hedabidean.
Hasteko, kide izatea. Alfred Adler eta Rudolf Dreikurs dira diziplinaren positiboaren maisuak eta esaten zuten bizitzan egiten dugun guztia kide sentitzeko egiten dugula. Izaki sozialak gara eta taldeko kide bat garela sentitu behar dugu. Gure lehen taldea gure familia da. Parte naizela sentitzen ez dudanean nire esku dagoena egingo dut hori sentitzeko: arreta deitu, boterea eduki… Aldaketak daudenean ere garrantzitsu sentitu behar dira umeak.
Beste oinarri bat da hezitzaile gisa atseginak baina irmoak izatea: hau da, garrantzitsua da mugak jartzea, baina horiek komunikatzea errespetuz eta modu atseginean. Soilik atseginak bagara, permisibitatean eror gaitezke. Beste faktore bat da epe-luzean eraginkorra dela: egiten ditugun aldaketek eragina izango dute etorkizunean. Bukatzeko, akatsa ikasteko aukera bat da, ez da zerbait negatibo gisa ulertzen.
Zer dago umearen portaera txarraren atzean?
Azaltzen ez dakien sentimendu eta emozioak daude. Batzuetan, umeak senti dezake ez dela familiaren parte edota ez diogula bezainbesteko denbora eskaintzen. Ez duenez bere lekua topatzen, arretaren, botere borrokaren edota mendekuaren bidez bilatuko du. Hezitzaile gisa identifikatu behar dugu zergatik duen jokabide hori, zein den arrazoia, eta horren arabera, tresna ezberdinak erabili.
Zigorra tresna baliagarria da?
Zigorra ez da bidea inondik inora ere. Hezitzaile askok, jada ez dakitenean zer gehiago egin, horra jotzen dute. Ikerketa askok diote zigorra epe luzera ez dela ona. Umeak ez du ezer ikasten: beldurragatik ez du hori egingo momentu horretan, baina etorkizunera begira ez da eraginkorra. Heziketa positiboan erakusten diogu zergatik ez dituen gauza batzuk egin behar: agian ez delako errespetuzkoa, ez dakielako nola kontrolatu bere emozioak, eta abar. Beti zerbait erakutsi behar diogu, bestela hurrengo batean ere gaizki jokatuko du.
Horregatik, epe-luzera erabiltzen dugun metodoa da soluzioetan oinarritutako ikuspuntua. Arazo baten aurrean, bion artean soluzioa bilatuko dugu. Adibidez, umea bere anaiagaz haserretu da jostailua kendu diolako. Orduan, galdetu behar diogu: “Beste egun batean nola egingo duzu zure anaiak jostailua kentzen badizu?”. Horrela, enfokatu egiten gara soluzio bat bilatzen betiere errespetuzko modu batean.
Diziplina positiboaren hezkuntza orokortu da gaur egun edota orain hedatzen ari den praktika da?
Nik uste gero eta gehiago hedatzen ari dela. Pandemian eduki asko zabaltzen egon gara hezitzaileak sare-sozialetan, eta hortik, familiei informazioa helarazten diegu umeak beste era batean hezteko. Erakusten ari gara eman ziguten hezkuntzaren emaitzak nolakoak diren. Tailerretan ariketa bat egiten dut oso interesgarria dena: hausnartzen eta gogoratzen dugu zeintzuk diren gu umeak ginenean esaten zizkiguten esaldiak: “ez egin negar”, “horrela inork ez zaitu maiteko”, “hori ume txikien kontua da”… Ariketa hori egiten dugunean konturatzen gara ez gaudela hain ondo jaso genuen hezkuntza horregaz.
Beraz, horrelako informazioek begiak irekitzen dizkiete gurasoei. Hala, guk jasotako heziketa erreplikatu nahi ez dugula konturatzen gara. Nik badakit zenbateko mina eman zidaten hitz horiek eta ez dut horrela jokatu nahi. Horregatik, diziplina positiboari buruzko tailerrak oso praktikoak dira: antzerki txikiak egiten ditugu, solasaldiak eta betiere gurasoak nola sentitzen diren kontuan hartzen dut. Azkenean, euren umeen azalean jartzen dira. Kontziente izan behar gara izan dugun heziketaz eta ispilu gisa funtzionatzen ari garela: jaso duguna ematen ari gara.
Lagun asko bide “errezena” hartzera ohituta daude —zigorrarena, alegia—. Zein aholku emango zenieke pazientzia gehiago izateko?
Nik pazientziaren gakoa izango banu… kar-kar. Uste dut garrantzitsua dela begirada berri bat izatea umeakaz. Normalean amorrutik edota haserretik begiratzen ditugu. Gure eguneroko bizitza da korrika eskolara eramatea, lanera presaka joatea… Gure bizitzako erritmoak ez ditu gauzak errazten. Horregatik, nik beti gomendatzen dut aste-akabuetan praktikatzea heziketa positiboa. Normalean ez dugu horrenbesteko presarik, eta apurka-apurka egiten badugu, gero errazagoa egingo zaigu aste barruan goizeko 08:00etan praktikan jartzea.
Uste dut ere garrantzitsua dela perfekzioa ez bilatzea. Zigortzen badut eta konturatzen banaiz hori ez dela bidea, konpondu dezaket hurrengorako. Ez dugu gure burua epaitu behar, gu ere ikasten ari garelako. Tresna psiko-emozionalak dira eta segun eta gu ere nola gauden gehiago ala gutxiago kostatuko zaigu. Oso lanpetuta banago eta nire bikoteagaz haserre banago, hezkuntza beharbada ez da onena izango.
Sandra Martin Andres: “Zigorra epe luzera ona ez dela erakutsi dute ikerketa askok”