San Mames zaharra berreraiki dabe
Urte bete luze bada San Mames eraitsi ebela -2013ko bagilan hasi ziren futbol zelaia behera botatzen-, baina Athletic zaleek ez dabe ahaztu katedral zaharra. Orain, Bilboko taldearen zaleek buruan gordetako gomutapenetan ez ezik, etxeko ordenagailuan ere zelaia gorde eta mende beteko historia eban katedralean sartu ahal izango dabe barriro. Katedralaren digitalizazinoari esker dogu aukerea; goi mailako teknologia erabili dabe asmo horrekaz.
Irudiak jaso eta neurtzeaz arduratzen dan Faro multinazionala eta arkitektura multimediak egiten dabezan Indissoluble etxe Katalana arduratu dira eskaner bategaz San Mames zaharraren hiru dimentsioko erreplika egiteaz, 3D dititalizazinoak egiten dabezan Captae-gaz batera (datorren bideoak erakusten dau izendatu doguzan enpresok zelan egiten daben beharra). Halandaze, betirako gordeko da katedrala -zero eta batak erabilita-, iraganeko gertakizun gorenen berregiteetarako, endemas.
San Mames zaharraren digitalizazinoa, zelan bestela, milimetrora egin dabe, detailerik ez galtzeko; bedarretik hasi eta harmailetatik jarraituaz, aldagela eta arku ezaguneraino. Hiru eguneko beharra izan eben teknikariek hiru eskaner erabilita 300 bat argazki egiteko, zelaitik barrutik eta inguruko etxeetako teilatuetatik, eraikinaren perspektiba zehatzagoa izateko, errealitatetik ahalik eta gertuen egoana.
Era horretan, bideojoko, bisitaldi interaktibo eta abarretan San Mames erabiltzeko aukerea izango da, Bilboko taldearen museoan edo bakotxak bere etxetik.
San Mames zaharra bizi-bizirik dago, Athletic-en aintzarako bertan jazoa zale bakotxak ondo gordeta daukan letxe.
San Mames berreraiki dabe; Eup!
Oso ongi iruditzen zait euskalkian idaztea. Horretarako euskalkia ezagutu beharra dago, ordea.
Apur bat dakienaren begietatik, “Athletic zaleek” irakurtzea “Athletic zaleak”-en partez; “ziren” idatzi baina “ordenagailuan” jarri ondoren; “mende bateko historia eban” hurrengoan, bizkaitarrek kontestu horretan “eban” erabili ezin dutenean; edo “zaharraren”, “zaharren” beharko lukeenean…
Ongi iruditzen zait euskalkian idaztea, baina euskalki batu bat sortu nahia… horretarako dugu euskara batua, ezta? Zertarako mila batu eduki, euskara batua arrotza delako? Euskalki batua ere ez al da arrotza, ordea? Nik esango nuke baietz, bizkaitar gehienen ezaugarri batzuk kentzen direlako, eta euskara batuak (!) diren beste batzuk sartu, ezjakintsunagatik, seguruenik.
Euskalkian idaztea ongi dago, baina euskalki errealean. Bestela milaka batu sortzen ari gara, milaka puska eta erreferentzia, euskaldunak banatzen eta euskara batuari zilegitasuna kentzen…
Sentitzen dut gaiaren inguruan ezer ez komentatzea eta inozoa bezala hizkuntzaren inguruan idaztea, kaltegarria eta aspergarria dela jakinik baina… #esanbeharnuen