San Ixidro eguneko ajeak

San Ixidro eguneko ajeak –

San Ixidro eguneko ajeak

Gaur animo eske natorkizu, irakurle. Badakit aspaldian ez dizudala kasu egin, barkatu. Badakit gutxieneko maiztasun bat errespetatu ezean, zu galtzeko arrisku bizian naizela. Baina gogor doa kanpaina, lan handia eta fin-fin ibili behar, bestela erritmoa galduta, lanak pilatzen hasten dira.

Bai, animo beharrean naiz.

Bihar San Ixidro azoka izango da herrian; eta tristurak harrapatuta nauka, noraino eta intsumisioaren mamua esnatzeraino. Horra heltzeko, herrian jarritako bi kartel nahiko izan dira.

Batean, biharko festa egunaren egitaraua azaltzen da:

9:00-13:00 ganadu azoka, herriko artisauak, Ez dot moztuko bizarraren postua, Bidezko Merkataritzako produktuen salmenta Anelkarren eskutik eta bestelako salmenta postuak.

Hori irakurrita neure buruari galdetu diot: eta gu non sartzen gara? Ganadu azokan, ez –ezta? ala bai?–; herriko artisauen taldean ere ez –artisaua gehiago lotzen baitut, lehendabiziko kolpean, eskuz egindako gauzekin, ez jatekoarekin; nahiz ta guk elikagaiak eskuz egin–; azaltzen diren herriko bi elkarte horien partaide ez gara, beraz, hor ere ez; bukatzeko, bestelako salmenta postuak geratzen zaizkit, eta hain da orokorra kontzeptua, non dena sartzen da –motozerretatik hasi eta letxuga ala gaztan bukatu–, akaso hemen?

Nire tristuraren jatorria protagonismo gosean dagoela esango duzu, edota egoa minduta dudala; baina… ez al da San Ixidro baserritarron zaindaria? Ez genuke, gure egun horren ospakizunean, protagonismo apur bat? Ez naiz gauza berezietan pentsatzen ari, ez; egitarauan baserritar hitza azaltzea, edota nekazari… ez dakit, Ixidrorekin eta gurekin lotura zuzen-zuzena duen edozein hitz.

Bigarren kartelean biharko herri-bazkariaren menua azaltzen da:

Patatak errioxar erara

Haragia saltsan

Hojaldrea izozkiarekin

Kafea edo infusioak

Edateko: ura eta sagardoa

Menuari dagokionez, ez dut aipatuko barazkijaleek edota dieta bereziren bat dutenek joateko duten eragozpen nabarmena; baizik eta bazkariaren prestaketara eta osagaien jatorria. Jakin izan dudanez, catering enpresa batek prestatutako bazkaria izango da, eta, antza, osagaiak ez dira herriko –edota bailarako– baserrietakoak. Eta zer esango dizut, irakurle, ilusioa egiten zidan izateak harakinen batek prestatutako txorizoak edota herriko haragia. Ahaztu gabe, halako enpresa bat izan beharrean, nahiago nukeela taldetxo batek prestatuko balu edota horretan dabilen enpresa txikiren bat.

Eta ilusio horretarako arrazoiak banituen –baditut–. Udalak apustu garrantzitsua egin baitu nekazari mundua berpizteko, azken bi urteotan. Lan izugarria egin da gure herrian baserritarrekin eta gainontzeko eragileekin –merkatariak eta ostalariak eta enpresak tartean–, herrikideok kalitatezko eta bertako jatekoa izatearen inportantziaz jabetzeko. Lan izugarria egin da herriko baserritarron egoera hobetze aldera; lan izugarria gure herrian denok hobeto bizitze aldera –zer da bestela herriko jakiak izatea, denontzako onura ez bada?–. Jende asko egon da –eta dago– oso inplikatuta prozesu horretan.

Ez dakit non eten den katea, zerk egin duen kale, arrastorik ez dut. Baina nonbait eten egin dela argi ikusten dut. Nahiko nuke bi urteotan egindako lan eskergan Udalak beste urrats bat ematea, eta berak antolatutako jai-eguna baserritar jantzi, barrutik eta kanpotik. Badakit ez dela erraza betiko inertziak aldatzea, kontrako norantzan egin behar dela zeure buruarekin koherente izateko. Baina uste dut merezi duela esfortzua, jantzi egiten gaituela, baserritartzen gaituela.

Auskalo santua bihar gure herrian izango den… Beharbada, ondokora joango da; inguruan ezaguna baita aurten bertako txosnan baserrietako produktuen bila ibili direla –eta topatu ere– ogitartekoak prestatzeko.

Ai, irakurle… eskerrik asko hor, pantaila honen beste aldean, egoteagatik. Orain bai, orain joan naiteke biharko azokarako gauzak prestatzera. Idazten hasi baino lehenagoko haserrea erabat desagertu da, eta tristura letraz letra aldendu egin da.

Uste dut bihar beste aldarte batekin joango naizela San Ixidro azokara, baserritarron jai-egunera; lanak aurretik egin behar badira ere. Ea Ixidro ere animatzen den herrira etortzera… nahiz eta gero, ondoko herriko txosnara joan ogitartekoa jatera.

San Ixidro eguneko ajeak San Ixidro eguneko ajeak San Ixidro eguneko ajeak

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN