Sakanatik kobazulora, tantaz-tanta

sakanatik kobazulora

sakanatik kobazuloraMundua atomoez osatuta dagoela diote, baina nire irudimenean tantak direla pentsatzea gustatzen zait. Ura dagoen lekuan sortzen da bizia. Tantek ernaldu gintuzten, tantaz-tanta gorpuztu gara, eta malko, odol eta izerdi tanten artean munduratu. Kristautasunak itsasoaren ideia babestu du beti, olatua, kolektiboa; budismoak aldiz tanta aipatzen du, bereizitako norbanakoa, elementu bakarra. Budismoa auto-errealizazioa da, kristautasunak humanitatea salbatu nahi du. Bietan tamainaz gaindi tanta da oinarria, eta bietatik edaten dut nik, baita zuek ere, kolektiboaz eta norbanakoaz hausnartzerakoan; irakurketa hori ez zuen Herrirak asmatu.

Silesius mistiko kristauak hala adierazi zuen: “itsaso bihurtzen da tanta bakoitza itsasora iristen denean, eta arima Jainko bihurtu Jainkoarengana igotzean“. Mistiko hindu batek ere antzekoa esaten zuen: “Ni nintzenean, Jainkoa ez zen; Jainkoa denean, Ni ez naiz jada“. Kasik erlijio guztiek daukate korronte mistizista bat, eta Sofiari azaltzen dioten bezala, antzekotasun handiak dauzkate beraien artean. Agnostiko eta ateoenak ere bai, noski.

Tantak formaz alda dezake, eta horrela sortu ziren tantartida eta tantartikoa, eta bueltan datoz tantaz-tanta, desegiten; ez da tantakeria. Gure pailazoek abesten duten bezala “ni euri tanta banintz egingo nuke zure sudurrean txirrist, lurrean erortzean salto eta hodeietara joango nintzateke berriz”; eta hori da gertatzen ari zaiona munduari sudurraren puntan. Munduak eguzkiaren inguruan ematen ditu bueltak, eta tantak jira eta biraka dabiltz munduaren barruan, egunen batean mundua bera irentsi arte. Tanta tatxan!

sakanatik kobazuloraTantaren inguruko ene mistizismo ateoa sortzen hasi eta estalaktitei begira jarri naiz. Tanta bakoitzak berarekin dakarren mineral guztiek forma ematen diote harriari, pixkanaka, milaka urteetan zehar, eta tantaz-tanta osatu. Batzuetan pentsatzen dut gure prozesu kolektibo eta indibidualek antzekotasun handiak dauzkatela estalaktitak osatzeko behar den bidearekin. Ibilbide luzeak dira, maiz nahi baino geldoagoak, eta bietan gorpuzten gaituzte tantek. Beharragatik edo plazer hutsagatik botatzen ditugun izerdi tantek; zorionez edo zoritxarrez isurtzen dugun negar malko bakoitzak; borondatez ala gogoz kontra ematen dugun odolak. Tanta bakoitzak geure izatea osatzeko ekarpen bat dakar berarekin; jaiotzean bezala, bizitzan forma ematen digute tantek. Bidea egiten, osatzen, harik eta azkenean, lurrarekin bat egiten dugun arte; edo estalagmita batekin, nork daki.

Baina hori nork ulertarazi etxean zai bakarrik denari, sakana batetik atera eta kobazulo batean sartu dutenari.

Alde hemendik.

sakanatik kobazulora

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.