Rufi Etxeberriak "urrats berria eta historikoa" aurkeztu du
“Aurreko eta ondorengo denborak finkatuko dituena”. “Alderdien legea beteko dugu”, esan du Etxeberriak. “Ezker abertzaleak eginiko hausnarketaren eta erabaki burujabearen emaitza da, ez da epe laburrerako izkin bat. Proiektu politiko legitimoa eraikitzen hasteko irtenbide demokratikoetan oinarrituriko erabaki koherentea da”.
Argi eta garbi esan du Rufi Etxeberriak indarkeria baztertuko dutela, eta hor sartzen dela ETAk erabil dezakeena ere: Lehenik esan du “bortxazko talka ezaugarritzat izan duen zikloari behin betiko ateak itxiko dizkion prozesu demokratikoa” dela hau. “ Aurkeztuko ditugun estatutuetan indarkeriaren edota mehatxuaren erabileraren aurka agertuko da, ETAren indarkeria hor barruan kokatzen da egongo balitz, ezein delarik ere hartuko duen forma. Ez du justifikatzen eta babesten indarkeria, ezein delarik ere bere iturria”, esan du Rufi Etxeberriak. “Indarkeriaren arbuio argia egiten dugu, helburu politikoak erdiesteko indarkeria erabiltzea edo mehatxu oro baztertuko ditu alderdi berriak”.
Bigarrenik, “esparru independendistan kultura politikoa eraldatu nahi dugu”, adierazi du. “Indarren metaketa eta konbergentzia” bilatuko du alderdi berriak. “Independentista, sozialista, euskal nazioaren legitimitatean sinesten dugun, beste eredu sozioekonomikoaren aldekoak gara, eta horren alde beste eragile sozial eta sindikatuekin lan egingo dugu”.
Hirugarrenik, une hau “mugarri bat” dela adierazi du. “Proiektu politiko berri bat eragin nahi dugu, eredu zaharrak gaindituz”.
“Nazioarteko komunitatearen aurrean, hedabideen aurrean, Euskaldunan dauden pertsonalitatean aurrean, euskal gizartean aurrean, legeztapena eskatzen du”, amaitu du Etxeberriak bere euskarazko jarduna.
Iñigo Iruin: “Ezker abertzalearen iraganeko antolaketarekiko zalantzarik gabeko haustura da”.
Jarraian Iñigo Iruin abokatuak alderdi berriaren estatutuak irakurri ditu Euskaldunan, gaztelania hutsez. Behin eta berriz, ETA aipatuz, alderdi berriak “indarkeria oro eta ETArena ere errefusatuko” dituela iragarri du. Iruinek adierazi du “alderdi berriak lagundu nahi duela biolentzia guztiak desager daitezen, bereziki ETArena, eskubide zibilak zapaltzen dituelako”.
Alderdi berri honek aurreko alderdi eta prozesuekin haustura suposatzen duela esan du Iruinek,”Ezker abertzalearen iraganeko antolaketarekiko zalantzarik gabeko haustura da” eta haiek izan zitzateken menpekotasunik ez duela izango berri honek.
Bestetik, udal eta foru hauteskundeetako zerrendetan ezker abertzalearen hautagai izateko ETAren indarkeria errefusatu beharko dutela jakinarazi du.
Benetako aldaketa sumatzen da Etxeberriaren hitzetan, baina ez dut uste alderdi berria hauteskundeetan izango denik, ez baitago bere esku. Erabakia hartua dago.
Zelan?
Badago gure esku legalizazioaren alde egotea. Eskatzea. Esijitzea.
Euskaldunon esku dagoen bezala herri honen etorkizuna, gure kulturarena, ekonomiarena, hizkuntzarena…
Gutxi sinesten dugu gure indarrean.
Zer pentsatzen duzu Egunkaria aferan adibidez, ezer egin ez bagenu, sententzia berdina litzatekela?
Berrian beheko iruzkinetan mota guztietako iritziak daude, baita ezker abertzalekoen artean ere. Iruinen eta Etxeberriaren adierazpenak irakurri, eta iruditzen zait edozein gelditzen dela pixkat flipatuta.
El Pais-en artikuluak eta egiten duen inkesta ikusita ematen du PSOEk legalizazioaren alde egingo duela.
Berriako iruzkinei ez nieke kasu askorik egingo. Anonimoak izaki, jakin badakit halakoetan askok gezurretan hartzen duela ideologia jakin baten jarraitzaile paperak, kristonak esan eta ideologia horretakoek min handiagoa sentitzeko. Ez dago jakiterik, beraz nire ustez ez dute azterketarik merezi.
Berriako iruzkin HOIEI esan nahi nuen!
Ez zait iruditzen ezker abertzale osoak adierazpen horiek besterik gabe irentsiko dituenik. Militanteei oraindik esplikatu egin beharko zaie honen atzean kosta ahala kosta hauteskundeetan eta legalitatearen barruan egoteko asmoa dagoela, eta zergatik.
Alderdiaren oinarriak Espainiako alderdien legearen ispilua dira: bai bai, erakunde armatuaren eta legez kanpoko erakundeen kontroletik aske gaude, indarkeria mota oro arbuiatzen dugu, eta ETArena batik bat, ze ETAren indarkeria doble eta infinito kontatu arte arbuiatzen dugu, eta gainera hau ez dugu legea saihesteko asmoz esaten, bene-benetan baizik. Nahi duzuen guztia. Bale, ea orain ze aitzakia jartzen diguzuen.
Beraz, oinarriok kanpotik inposatuak dira, ez dira sortzaileen nahiaren araberakoak. Atzoko adierazpenetan, Turkiako alderdi ezkertzale edo kurdu batean eredua bilatu dutela esan izan balute ez nintzake harrituko.
Egia esan, hain absurdoa da legearen testua, xehetasunik txikienak ere zaintzen ahalegindu dira, barne antolamendua esaterako: ezker abertzaleak ez du inoiz ez idazkari nagusirik ez afiliaturik eduki, ezta behar ere. Horrexegatik, hain juxtu, ditu alderdi berriak afiliatuak eta idazkari nagusia.
Arestiko guztiarekin ez dut esan nahi ezker abertzaleak orain berriz ere legea saihestu nahi duenik. Alderdi berriak ez du legea saihesten, legea oso-osorik betetzen du.