Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen –
- Bertsio ofiziala gezurtatu, eta Rosa Zarra Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela ebatzi du Balorazio Batzordeak (berria)
- Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen (Argia)
- Rosa Zarra Ertzaintzak jaurtitako pilota batek hil zuela onartu du Jaurlaritzako Balorazio Batzordeak (eitb)
- Lakua admite 30 años después que Rosa Zarra murió por un pelotazo de la Ertzaintza (naiz)
- La Comisión de Valoración del Gobierno Vasco dictamina que Rosa Zarra murió por un pelotazo de la Ertzaintza y que es «víctima» (eldiariovasco)
- Reconocen como víctima de violencia policial a Rosa Zarra, fallecida en 1995 por una pelota de goma de la Ertzaintza (eldiario.es)
- Rosa Zarra (wikipedia)
Bertsio ofiziala gezurtatu, eta Rosa Zarra Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuela ebatzi du Balorazio Batzordeak
…
(berria-Jon Ordoñez Garmendia)
Rosa Zarra Marin 1995eko ekainean hil zen, Donostian, pilotakada batek eragin zizkion zaurien ondorioz. Berezko heriotza izan zela esan zuen Eusko Jaurlaritzak. 30 urteren ostean, pozik hartu du erabakia familiak, «berandu» iritsi den arren.
Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Rosa Zarra. Hala onartu du Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak. Familiari aurreko astean eman zioten onespenaren berri, eta datorren astean jasoko du auzi horri buruzko txostena, Balorazio Batzordearen eskutik. 2023ko urtarrilean bildu ziren Zarraren sendia eta batzordea, kasua aztertzeko. Bi urte eta erdiko itxaronaldia izan da, eta, erabakia irailean hartu bazuten ere, orain arte ez diote familiari jakinarazi. «Esperantza galdua genuen jada: heriotza bat, Ertzaintza… Kasu zaila da. Baina berandu bada ere, pozez hartu dugu aitortza. Aitak 86 urte ditu, eta erabakia barneratu ezinik dago, oso pozik. Ama ez digute bueltatuko, baina egia publikoki adieraztea nahi dugu», adierazi dio BERRIAri Maider Irazustak, Rosa Zarraren alabak.
Rosa Zarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, Donostia ospitalean; izan ere, zortzi egun lehenago Ertzaintzak gomazko pilota bat bota zion gertutik Amara Berrin, Bakearen Usoaren ondoan, eta pilotakadak eragin zizkion zaurien ondorioz hil zen Zarra. Gertaera lazgarria izan zen. Eusko Jaurlaritzak 2015ean argitaratu zuen Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010) txostenean aitortu zuen «sei metrora» egin ziotela tiro ertzainek. 58 urte zituen. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak (hala deitzen zen orduan Segurtasun Saila) ukatu egin zuen gomazko pilotaren ondorioz hil zela, eta Juan Mari Atutxa orduko sailburuak Ertzaintza desenkusatu zuen: adierazi zuen aurretik zuen gaixotasun batengatik hil zela, eta berdin-berdin hilko zatekeela pilotakada jaso gabe ere. Familiak salaketa bat aurkeztu zuen, baina Espainiako Toxikologia Institutuaren azterketa anatomiko patologikoak ondorioztatu zuen ezin zirela pilotakada eta heriotza lotu, eta 1995eko irailean bertan artxibatu zuten.
«Mina areagotu zuten gure amaz eta haren heriotzaz esan zuten guztia esanda. Esan zuten emakume bat besterik ez zela, zaharra, gaixoa. Baina hil egin zuten» MAIDER IRAZUSTA-Rosa Zarraren alaba
«Balorazio batzordearekin bildu ginenean, lehen aldiz sentitu genuen entzun gintuztela, enpatia pixka bat». Aurten 30 urte beteko dira Zarra hil zenetik, eta Irazustak BERRIAri adierazi dio denbora horretan arduradun politiko bakar bat ez dela eurekin harremanetan jarri. Ezta Eneko Goia Donostiako alkatea ere, ezaguna duten arren: «Are eta mingarriagoa da hori». Donostiarra zen Zarra, Alde Zaharrean jaioa, eta Amara auzoko bizilaguna. Sei seme-alaba zituen. 2015eko Udal Erretratuak txostenean haren heriotza jaso zuten gehiago ikertu beharreko kasuen artean, eta bi bertsio zeudela adierazi zuten: berezko heriotzarena batetik, eta pilotakadak hil zuela zioena bestetik. «Ezustean iritsi zen aipamena, aurretik inork ez zuelako gurekin hitz egin, eta itxaropen izpi bat izan genuen». Harrezkero, baina, ez da ikerketa gehiagorik egin Balorazio Batzordearenaz gain. «Balorazio Batzordeko forentsea Paco Etxeberria zen, eta oso galdera argiak egin zituen; Alex Elosegiren [Zarraren nefrologoa zen hari tiro egin ziotenean] erantzunak ere garbiak izan ziren. Hain zen agerikoa egia, lasaitua hartu baikenuen hainbeste urteren ondoren».
Bilera hartaz geroztik, baina, gauzak ez dira joan espero bezala. Hasieran esan zieten ebazpena bizpahiru hilabetetan iritsiko zela, baina bi urtetik gora itxaron behar izan dute azkenean. Bi urte horietan behin eta berriz deitu du familiak, erantzun baten esperoan, baina ez da orain arte iritsi. Iaz, hori ikusirik, gutun bat bidali zuen familiak hedabideetara, eta omenaldi bat egin zion Zarrari. Familiaren esanetan, Balorazio Batzordeak aldeko ebazpena irailean onartu zuen arren, Maria Jesus San Jose Justizia sailburuaren mahai gainean izan da azken hilabeteetan. Jakin-minez daude horregatik Zarraren senitartekoak, txostena irakurtzeko gogoz. Ez baitakite Balorazio Batzordearen txostenak zenbat sakonduko duen egun horietan gertatutakoan, ezta «egia» zenbateraino argituko den ere: heriotza soilik aitortuko duten edo Zarraz esandakoak gezurra zirela ere bai.
«Mina areagotu zuten gure amaz eta haren heriotzaz esan zuten guztia esanda», dio hunkituta Irazustak. «Esan zuten emakume bat besterik ez zela, zaharra, gaixoa. Baina hil egin zuten. Toxikologia Institutuak ebatzi zuen ezin zela frogatu kausaren eta ondorioaren arteko lotura, baina zabaldutako bertsioan hori bestela interpretatu, eta aditzera eman zuten heriotza naturala izan zela ebatzi zutela autopsian». Salaketa artxibatu ondoren, auzibidearekin aurrera ez jarraitzea erabaki zuen familiak. Batetik, ezin zutelako helegite bat jarri eta, beraz, aukera bakarra medikuen kontra egitea zelako, eta bestetik, Donostia ospitalean Zarrari hestetik hartu zioten lagina «desagertu» egin zelako: «Ez dakigu zer gertatu zen. Madrilera bidaltzerik ere ez genuen izan. Iñigo Iruin abokatuak esan zigun oso zaila zela aurrera egitea».
«Guk egia jakinarazi nahi dugu. Egingo dute erakundeek aitortza ekitaldiren bat? Hori galdetu diegunean ez digute erantzun, baina, beste batzuetan egin izan badute, zergatik ez digute baietz esaten?» MAIDER IRAZUSTA-Rosa Zarraren alaba
Senitartekoek badakite auzi honen inguruan presio handia dagoela oraindik ere, Ertzaintzak eragindako heriotza bat delako; hain zuzen, aitortza ofiziala jaso dutenen artean Ertzaintzak hildako lehena da Zarra. 2021ean Ertzaintzako Esan sindikatuak albiste bat zuzentzeko agindu zion ETB2ri: Zarra gomazko pilota batek hil zuela zioen berriak. Esanek argudiatu zuen epaitegietan ezin izan zela frogatu gomazko pilotakadaren eta heriotzaren arteko lotura.
Maider Irazustaren ustez, Balorazio Batzordearen txostenaren zehaztasunaren arabera «gehiago edo gutxiago» mugiarazi ahal izango dute auzia. «Diruaz hitz egin digute behin eta berriz Balorazio Batzordean, baina gu ez ginen diru bila joan eurengana. Guk egia jakinarazi nahi dugu. Egingo dute erakundeek aitortza ekitaldiren bat? Hori galdetu diegunean erantzun digute galdetu egin behar dutela, baina, beste kasu batzuetan egin izan badute, zergatik ez digute baietz esaten?».
Sortuk jarri zuen plaka batek soilik gogoratzen du kalean Rosa Zarra, Arkupe tabernaren ondoan, gomazko pilotakada jaso zuen lekuan. «Ideala guretzat EAJk egia aitortzea izango litzateke, hura baitzegoen gobernuan orduan. Eta hori guztia Atutxak pertsonifikatzen du, hark ukatu baitzuen gertatutakoa». Irazustak 22 urte zituen 1995ean; amaren aldean zegoen tiro egin ziotenean, eta gero Barne sailburuaren hitzak entzun behar izan zituen: han ertzainik ez zegoela adierazi zuen sailburuak. «Baina ez da gertatuko. Barkamena eskatuko balu, esango balu hura gaizki egon zela, garai korapilatsua zela, eta barkamena eskatuko balu, onartu egingo nuke, gorrotorik ez izaten erakutsi baitigute etxean. Amorrua bai, baina gorrotorik ez».
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen
Zaharra naiz baina egun hura gogoan dut oraindik.
ETAk J M Aldaia bahituta zuen eta horren kontra manifestatzen ari ginen Amaran. Astero bezala, ezker abertzalearen kontramanifestazioa aurrez-aurrez genuen, bere jarrera oldarkorra zela eta, Ertzaintzak kargatu behar izan zuen, gu babesteko. Gomazko pilota batek Rosa Zarraren sabelean jo zuen. Transplantatua zegoen eta konplikatu zen. Tristea, baina zer egiten zuen andre horrek pertsona baten askatasuna eskatzen genuenok erasotzen?
Ertzaintza ez zen izan heriotz horren errudun bakarra ezta nagusia ere.