RED sisteman eta galdetegietan, Gizarte Segurantzaren hutsak agerian.
Gizarte Segurantzak galdetegien banaketan Nafarroan euskaldunok kontutan hartu behar gaitu eta Hego Euskal Herriko euskaldun guztiok euskaraz erabiltzeko moduan RED sistema prestatu behar du.
Administrazioan Euskaraz taldeak Gizarte Segurantzaren jarduna hobetzeko eskaera publikoa egin nahi du.
Enpresa edo erakunde bakoitzean dauden langileei buruzko gestioa egin ahal izateko (esate baterako, altak, bajak, gizarte seguruen ordainketak…), Gizarte Segurantzak zeregin batzuk ezartzen ditu. Horretarako RED sistema ezarrita dauka. 2011ko urtarriletik ezin da papera erabili eta enpresa eta erakunde guztiak behartuta daude RED sistema erabiltzera.
RED sistema gaztelaniaz soilik erabiltzeko prestatuta dago. Estatuko Administrazioak askotan ahazten du beste hizkuntzak badirela Estatuan. Horien artean euskara dago eta ahaztu egiten du.
Zerbitzuaren kalitatea hobetzeko iritzia emateko eskatzen du batzutan Gizarte Segurantzak, horretarako galde-sorta eskura jarrita.
Gizarte Segurantzaren RED sisteman ahalik eta lasterren euskaraz erabiltzeko aukeraren aldeko gure iritzia eta eskaera jakinarazi nahi dizkiogu guk.
Ez hori bakarrik. Iritzia eskatzeko galde-sorta hauek Nafarroan euskaraz ere banatzeko eskatzen dugu guk.
Arazoa ez da galdetegiak euskaraz ere egiteak lana ematen duenik. Ez da hori. Euskarazko galdetegiak eginak badaude baina ez dira banatzen. Soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan banatzen dira. Horrela gertatu da orain dela gutxi.
Beraz, Gizarte Segurantzak galdetegien banaketan Nafarroan euskaldunok kontutan hartu behar gaitu eta Hego Euskal Herriko euskaldun guztiok euskaraz erabiltzeko moduan RED sistema prestatu behar du.
Iruñean, ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.
Ordezkaria: FRANCISCO JAVIER CASTRO GONZALEZ.