Realaren argilunezko mendea
Reala ez zen sorreran Real Sociedad de Futbol, Club Ciclista de San Sebastian baizik. Izen horrekin irabazi zuen sorrera urtean Espainiako txapelketa. Izen aldaketa, Alfonso XIII.ak Erret titulua eman zionean gertatu zen, sortu eta hurrengo urtean.
Ez zen Realarekin hasi ordea futbolaren historia Gipuzkoan. Mendearen haseran baziren futbol partiden aztarnak. San Sebastian Recreation Club, Vasconia, Esperanza eta Fortuna Old Boys taldeak Reala baina lehenagokoak dira, eta neurri batean, asko zor diete txuri-urdinek talde hauei.
Reala 1909koa izan arren, taldearen zelai mitikoaren, Atotxaren, sorrera 1913koa da. Realaren eta Athleticen arteko derby batekin estreinatu zen. Ordurako Bilboko taldearekiko harremana gaiztotua zegoen, Irungo taldeekin (Real Union sortu arte bi talde ziren: Racing eta Sporting de Irun) bezalaxe, Euskal Herriko eta Gipuzkoako futbol erreferentzia nagusia zein zen baitzegoen jokoan.
Futbol kontuetara itzuliz, 1928an Espainiako Txapelketako finala galdu zuen Santanderren Bartzelonaren aurka, eta 1929an sortutako lehen ligan laugarren izan zen, liga hartako goleatzaile nagusia Paco Bienzobas izan zelarik. Hurrengo urtean liga irabaztetik oso gertu geratu zen talde bera.
Baina Errepublikarekin Realak aldaketa garrantzitsuak izan zituen. Hasteko izena aldatu zion taldeari, ordura artekoaren ordez Donostia FC jarriz, eta Erregearen koroa Donostiako ezkutuarengatik ordezkatuz. Ez zuen proiektuak etorkizun handirik izan baina, krisi ekonomikoak eta jokalarien salmentek, bigarren mailara eraman baitzuten taldea lehen aldiz, 1935ean.
(Atzoko ekitaldiaen albiste Berrian)
Gerran liga bertan behera geratu zen, eta frankistak boterera ailegatutakoan, Real Sociedad izena berreskuratu zuen. Horrek ez zion baina aurreko urtetako loriarik ekarri, eta bigarren mailatik lehenengora igotzen eta lehenengotik bigarrenera jaisten eman zituen hainbat urte. Harik eta Puertollanon, 1966-1967 denboraldian ,behin-betiko igoera lortu zuen arte. Lehen mailan mantentzeko lehen estualdiak igarota, 1973-1974 urtean UEFAra sailkatzea lortu zuen. Lehendabiziko partida Txekoslovakiako Banik Ostrava taldearen aurka jokatu zuen, eta 0-1 galdu zuen. Baina Realak beste aro bat hasi zuen. Handik bost urtera, Alberto Ormaetxea entrenatzaile karguan zela, Europako txapelketa batean lehen garaipena lortu zen Milango Interren aurka, eta hurrengo urtean lehen Espainiako liga irabazi. Liga eman zion hamaikako hartan ziren Realaren historiako jokalaririk onenetakoak izan diren Arkonada, Zamora eta Satrustegi.
Urte loriatsuak izan ziren: 1982an bigarren liga, 1983an superkopa, 1987an Errege Kopa. Jokalari bikainen lehen belaunaldi hari ondorengoa hartu zieten, Bakero eta Begiristainen adinkideek. Baina hemengo jokalariekin bakarrik ezingo zela eta, eztabaida zegoen, eta eztabaida horretan etorri zen John Aldridge, ordura arteko fitxaketen politika irauliz.
Aldridgen ostean beste hainbat etorri ziren, zapore gazi-gozoa utziz.
1990eko hamarkada aurrekoen ohorerik gabekoa izan zen, mende berriarekin Denoueix entrenatzaile zela, azken jardunaldira arte Real Madrili liga irabazteko zorian egon zen arte. Hurrengo urtan lehen aldiz Champions Leaguen jokatzeko aukera izan zuten, eta horrek ligan zailtasunak ekarri zizkion. Hor hasi zen berriz jaisteko jolasean, 2007an maila galdu zuen arte.
Reala, ehun urteko historia argi-ilunezkoaren ondoren, bigarren maila da orain
(Atzoko ekitaldien albiste Berrian)