Rajoy eta El Pais, katalanez eta beranduegi

Hilabete baino gutxiago falta da azaroaren 9rako, eta adituen arabera, datorren aste hau erabakiorra izango da galdeketa (data horretan) gauzako den edo ez jakiteko. Bien bitartean, orain arte kataluniarrei irainak, gezurrak eta akusazioak soilik bideratu dizkietenek -Espainiako Gobernuak eta bere eskutik jaten duten hedabideek- estrategia aldatzea erabaki dute. Galdeketaren erabat kontrako izaten jarraituagatik, Katalunia, katalana eta kataluniarrak errespetuz eta mimoz tratatzea (edo itxura egitea bederen) omen dagokie orain.

Bide horretan, El Pais egunkariak katalanez idatzitako eduki propioak izango dituen sareko edizioa (elpais.cat) aurkeztu zuen urriaren 6an. Rajoyk, bestalde, webgune hori bera baliatu du katalanezDialogoaren zubiak” iritzi artikulua argitaratu eta Espainia anitzaren apologia egiteko. Kataluniarren gehiengo zabal batek galdeketa ezinbestekoa dela uste duen honetan, behartutako atsegintasuna eraginkorra izateko beranduegi da ordea.

El País, katalanez sarean

Rajoy eta El Pais, katalanez eta beranduegi

Urriaren 6az geroztik, El Paisek katalanezko edizioa izango du sarean. Bertan, espainolezko ediziotik itzulitako edukiak zein eduki propioak bilduko dituzte, eta azala ere berezia izango du. Orain arte Quadern izeneko gehigarria ere katalanez zen arren, sarean espainolez soilik irakur zitezkeen El Paisen edukiak. Erabaki honekin, bertako hizkuntzara egokituz eta Autonomia Erkidegoei erreferentzia egiten dien CCAA domeinutik ezabatuz, beste autonomia erkidegoen gainetik kokatzen du Katalunia egunkari espainiarrak. Hala, Katalunia “baloratzen dutela erakutsi” eta bertako panorama mediatikoa aberastea ei dute helburu. Unionismoaren aldeko kanpaina eraginkorragoa izan dadin katalanez ere egin nahi dutela, alegia.

Aurkezpen ekitaldian izan ziren, besteak beste, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, eta Alicia Sanchez Camacho, PP kataluniarraren burua.

Rajoyk ere katalanez hitz egiten du intimitatean

Jose Maria Aznarrek utzitako desastre ekonomiko eta sozialak gogoratu (eta pairatu) arren, ateraldi bikainak zituela aitortu behar zaio. Horietariko batean, intimitatean katalanez hitz egiten zuela eman zuen aditzera, bozak irabazi nahian-edo.

Antza denez, Mariano Rajoyk ere ohitura bera du, eta horrenbestez, ez du inongo zailtasunik izan, Hispanitatearen egunean bertan eta El Pais-en edizio berria baliatuz, katalanez idatzitako artikulua argitaratzeko. Katalanezko edizioa albiste bikaina dela adierazi ostean, “Espainiaren hizkuntza eta kultura aniztasunak denak harrotzeko modukoa dela” aipatu du bertan. Bere arabera, egunkari berria “espainiarrek katalanei dieten errespetua eta miresmenaren erakusgarri izango da”. Bukatzeko, “legearen barruan adostasunerako bideak daudela” adierazi du, eta Trantsizioko lorpena ekarri du gogora. Horrenbestez, konstituzioaren markora mugatu du eztabaida edo dialogoaren neurria. Ezer berririk ez eguzkipean.

Zorionez edo zoritxarrez, katalanez idazte hutsak ezer aldatuko dutela uste badute,  Espainia aldean oraindik oso galduta daude.

Rajoy eta El Pais, katalanez eta beranduegi