Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute (Hiri Kondairak)

Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute (Hiri Kondairak)

katxonderstan+%282%29

Ingelesez, AFOAF esaten omen zaie (A Friend Of A Friend), eta lagun batek kontatutako gezurretako istorio sinesgarriak dira (Lagun Baten Lagun Batek). Benetakoak balira bezala zabaltzen dira, eta gurera ere iritsi dira. Are gehiago, hemen bertan gertatu balira bezala zabaltzen dira. Nolabait, euskalherriratu egin ditugu.
.
Gaur hemen hizpide izango duguna ez da berez Euskal Herrian eta Euskal Herriko herritarrontzat sortutako Hiri legenda edo legenda urbanoa, baina azken egunotan inguru honetan dezenteko zabalkundea izan duenez [2014koa da jatorrizko testua], atal honetan sartzea erabaki dut.
.

Pultserak-eta egiteko gomatxoak

Pultserak egiteko gomatxoek minbizia sortzen dute (Legenda Urbanoak)Nork ez du ikusi goiko argazkikoaren antzeko pultserarik? Nork ez du inguruan haurren bat halako gomatxoekin pultserak egiten?

Bada, arriskutsu baino arriskutsuagoak dira hainbat artikulutan irakurri dezakegunez. Bada gomatxoei “etsai isil” deitzen dietenik ere.

Albiste horien arabera gomatxoek minbizia sor dezakete: osagaietako bat azido ftalikoa dute, eta AEBko Ingurumena Babesteko Agentziaren arabera -ba al daki inork agentzia hori benetan badagoen?- ia amaiezina da azidoak sortzen dituen kalteen zerrenda:

– Epe motzean, begien, larruazalaren edo arnasbideen narridura.

– Epe luzean, konjuntibitisa, errinokonjuntibitisa, bronkitisa, arnasteko arazoak…

– Eta arazo larri-larriak ere bai: minbizia eragitea, hormonak kaltetzea, jaiotzetiko akatsak sortzea eta, hortik aurrera, hitz beldurgarri bezain potoloez osatutako abar luzea dator.

Hori guztia egia dela “ziurtatzeko”, hau eskaintzen digute: inora ez daramaten estekak, erreferentzia lausoak eta konprobatu ezin daitezkeen ikerlanak, Apostasiaren aurkako blog honetan ikus dezakezuenez (gaztelaniaz).

Ez dirudi oso sinesgarria, ezta?

Baina, zer dakigu zehazki?

Azido ftalikoa produktu askotan erabili ohi da; itsasgarrietan, arropetan eta PVCan, adibidez.

Produktu gehienen etiketetan ez da zehazten azidoa dutenik edo zenbat azido duten.

Gaur egun, gomatxoek ez dute inolako lege murrizketarik Europan, eta halako produktuak inportatzen dituzten herrialdeetako osasun erakunde bakar batek ere ez du aurkako iritzirik eman.

Arrisku bakarra haurrek gomatxoak irenstea da; beraz, tamaina txikiko beste hamaika gauzarekin bezain adi egon beharra dago.

Orduan…

Zantzu guztien arabera, “Minbizia sortzen duten gomatxoen legenda” LSDa zuten kalkamonien legendaren eguneraketa da.

Baina nork ziurta dezake %100ean gomatxoek ez dutela arriskurik? Nor ausartzen da esatera legenda urbano bat ez dela inoiz inon egia izan?

Horra hor legenda urbanoen indar petrala!

.
Halako istoriorik badakizu, estimatuko nuke bidaltzea, zabalkundea emateko. Posta elektroniko hau dut: martinkitto3@gmail.com. Bestela, Twitterren ere aritzen naiz, eta #euskalleiendaurbanoak erabil dezakezu.

.

.

Egiaz edo gezurraz harago, Katxonderstango Errepublika dago: deprimiturik eta oprimiturik gabeko lurraldea

.

Pultserak egiteko gomatxoek Pultserak egiteko gomatxoek Pultserak egiteko gomatxoek

Tximua naiz, eta Katxonderstango basoetan bizi naiz, ikasitakoa desikasten. Noizean behin Oiartzun Irratira egiten dut bisita, eta, azkenaldian, Barretartian ere sartu dut burua. Zuentzat guztiontzat mezu bat dut: agur eta umore!