Puerto Ricok ez du libre izan nahi

Estatus politikoari buruz galdetu zieten igandean Puerto Rico-ko biztanleei. %61 Ameriketako Estatu Batuetako estatu bat gehiago izatearen alde dago. Independentziaren aldeko botoa %5 izan da.

Estatu Batuekin Askatasunez Elkartutako Erkidegoa da gaur egun Puerto Rico. 1967, 1993 eta 1998 urteetan bezala, galdeketa antolatu zuten herrialdean. Bi galdera eman zitzaizkien irlako lau milioi biztanleei.

  1. Egungo status politikoa mantendu nahi duzu? %52ak ezezkoa bozkatu zuen.
  2. Nahiago duzun status politikoa: %45ek AEBtan erabat integratzearen alde egin zuen. Subiranotasuna handitzearen alde %24ek, %4 independentziaren alde eta hautesleen laurdenak zuri bozkatu zuen.

 

Babes handiena lortu duen aukerak, Statehood/Estatidad, AEBetan integratzeak, zera esan nahi du:

  • AEBtako 51. estatua bihurtzea.
  • AEBtako hiritarren eskubide eta betebehar berberak izatea.
  • Kongresuan ordezkaritza izatea eta hauteskunde presidentzialetan bozkatzea.

Galdeketa ez da loteslea, eta AEBtako Kongresuak hartu behar du erabakia. Emaitzek erakusten dutena da Puerto Ricon ez dagoela batere argi herrialdearen etorkizuneko statusaren nahia. Izan ere, %44 dagoena mantentzearen alde dago, eta gainontzeko balizko aukeren artean inork ez du gehiengo zabalik. Dena den, AEBtan integratzearen aldeko botoa da gehien hazi dena.

 

4 pentsamendu “Puerto Ricok ez du libre izan nahi”-ri buruz

  • Argitu beharrekoa agian, gaur egungo egoera zein den eta zer onura eta zailtasun dituzten EEBBko harreman horretan. Eskubide, betebeharren arteko emaitza nola bizi duten herritarrek. Boto batzuen handitze tendentziak zer esana izango du horretan, edo EEBBekiko liluraren ekarpenak bultzatzen du hori. Galdera bat baino gehiago.

  • Sarrera interesgarria. Baina edukia kontuan hartuta, izenburua aldatuko nioke: “Puerto Ricok ez du independiente izan nahi” egokiagoa dela uste du. Izan ere, askatasunez herritarrek independentzia ez den beste estatus bat aukeratzen badute Puerto Ricok libre izan nahi du, baina ez independiente. Alegia, libre izan daitekeela independiente izan gabe; eta baita independiente ere libre izan gabe.

    • Joseba Uria 2012-11-08 17:50

      Jon, eskerrik asko. Ez naiz Puerto Rico-ko auzian aditua, eta ez dut iritzietan urrun joan nahi izan. Baina, titularrarena argitzeko: Karibeko irla bateko biztanleek nahiago dute 2.500 kilometratara dagoen Kongresuaren menpeko izan, boterea bertako herritar eta agintarien esku uztea baino. Bistan da gehienek uste dutela AEBren menpe izateak onura gehiago dakarzkiela. Amerika Latinoko BPG per capita handiena dute eta esportazioen %90 AEBra doa (wikipedia). Ongizate ekonomikoaren truke, erabaki propioak hartzeko libertateari uko egiten diote.

  • Donostiarra 2012-11-08 18:28

    Nire ustez, Puerto Ricoko biztanleek ere ez dakite zer den egokiena beraientzat, ez daude kontzientziaturik… eta “American dream”a bizitzeko gogoz egongo dira oraindik. Pena handia ematen dit, baina behintzat ikusi det interes eta jakinmin falta hori ez dela soilik hemengo gauza.