Publizitatea, sormena, eta euskara, osagai gozoak EUSPOT sukaldatzeko

EUSPOT 2025 –

PUBLIZITATEA, SORMENA ETA EUSKARA, OSAGAI GOZOAK EUSPOT SUKALDATZEKO

Publizitatea, sormena, eta euskara, osagai gozoak EUSPOT sukaldatzekoEUSPOT (Euskarazko Spot Lehiaketa) erreferente bilakatu da Euskal Herrian. Euskarazko sormena sustatzeko helburuarekin abiatu zen 2012an eta sortu zenetik hamaika babesle eta kolaboratzaile izan ditu. Aurten, iaz bezala, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango du.

Harrobia landu, talentua erakarri eta publizitatea euskaraz sortu. Era berean, aurtengo helburu nagusia gazteak euskarazko publizitatera gerturatzea izango da, Euskal Herrian sortzen den publizitatearen oinarri izan dadin gure hizkuntza. ‘Zer da laguna izatea?’ sugerentziaz beteriko galderari erantzun beharko diete aurtengo proposamenek.

euspot 2025Aurkeztu da Euspoten edizio berria Aretxabaletan, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean. Hauek parte hartu dute: Aitor Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Garikoitz Iturbe, Aretxabaletako alkatea; Arantzazu Lagunilla, Arteman Komunikazioko zuzendaria; Maddi Iregi, Bai Euskarari Elkarteko aholkularia; Naiara Okina, Arizmendi ikastolako komunikazio arduraduna; eta Xabi Igoa, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Komunikazio arloko zuzendaria.

Ez dago arloko ikerketa edo eta azterketarik, ez dago berme handiko iturririk kontsultatzeko zein izan den azken urteotako euskarazko publizitatearen bilakaera. Ez dago analitikarik jakiteko gaur publizitate agentziek edo eta marketin eta komunikazioko profesionalek zenbat ikus-entzunezko spot eta iragarki sortzen dituzten euskaraz.

Susmoa da, ordea, euskaraz sortu baino, jatorriz gaztelaniaz sortzen diren publizitate piezak euskarara itzultzen direla, eta itzulpen hutsak direla. Publizitateak inspiratu egin behar du, eragin egin behar du, era pertsonal eta kolektiboan. Publizitateak jarrerak eta jokabideak aldatu behar ditu, eta hori guztia komunitatearen hizkuntzan.

Hortaz, ezinbestekoa da euskal publizistek, agentziek eta arloko agenteek euskaraz sormena garatzeko gai izango diren profesionalak sustatzea, talentuan eragitea eta euskarazko sormena bultzatzea.

“Publizitateak inspiratu egin behar du, eragin egin behar du, era pertsonal eta kolektiboan. Publizitateak jarrerak eta jokabideak aldatu behar ditu, eta hori guztia komunitatearen hizkuntzan”.

Aurtengo gaia: “Zer da laguna izatea?”

Helburu horiekin sortu zen 2012an (14 edizio) EUSPOT. Nerabezaro bete betean aurkitzen da, eta adin tarte horrek oso bereak dituen ezaugarrietatik abiatuta, aurtengo edizioak adiskidetasun harremanak izango ditu inspirazio iturri. Zer da laguna izatea? gaiari erantzun beharko diote Euspot-zaleen proposamenek.

Gaur gaurko gaia da. Agenda politikoan ere badago gaurko gazteen arteko harreman sanoak sustatu beharra, sareek eragiten dituzten mehatxuak aintzat hartuta, teknologiek ahalbidetzen dituzten komunikazio eta harremanetarako jarrerak, bertatik bertarakoak, harreman inklusiboak, dibertsitateari aurre eginez eraikitzen direnak, eta beste hamaika adibide.

Kanpaina bat egingo balitz, administrazioak edo eta enpresa pribatu batek sustatuko balu, nolakoa izango litzateke zure proposamen sortzailea? Azken urteotako uztari eutsiz jarraitzen du Euspotek eta aurten ere sekulako babesle eta laguntzaile zerrenda batu da euskarazko spot lehiaketaren deialdira.

Publizitatea, sormena, eta euskara, osagai gozoak EUSPOT sukaldatzekoHonako hauek dira babesle eta antolatzaileak:

Babeslea:

  • Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antolatzaileak:

  • Aretxabaletako Udala
  • Arteman Komunikazioa
  • Mondragon Unibertsitatea
  • Arizmendi Ikastola

Laguntzaileak:

  • Bai euskarari Elkartea
  • Music Library

Ibilbide oparoa: 900 spot Euskal Herri osotik

Ondo errotutako lehiaketa da Euspot eta orain arteko edizioetan 900 spot inguru jaso dira. Ez dago zalantzarik gaur gaurko gizartean ikus-entzunezkoen eragina izugarria dela eta horren ondorioz ikus-entzunezkoen formatuak interes izugarria eragiten duela, bereziki gazteen artean. Euspot, ordea, ez da soilik gazteei zuzenduta dagoen lehiaketa, asko dira urteetan parte hartu dutenen profila, jatorria eta interesa. Era berean, egokia da gogoraraztea irudimena eta sormena direla Euspot elikatzen duten iturri nagusiak. Hortaz, lehiaketa irekia da eta edozeinek har dezake parte. Adin eta maila guztietarako sariak daude eta, aurten ere, espero da lehiaketa Euskal Herri osora hedatzea, marka guztiak hautsiz. Informazio gehiago: www.euspot.eus

Telebista formatu konbentzionala

30 segundoko iragarki bat sortzea da helburua, gazteen artean harreman osasuntsuak eta errespetuzkoak sustatzeko. Adiskidetasuna balioan jarriko duen spot sortzaile eta originalak bilatzen dituena.

Harreman osasuntsuak funtsezkoak dira garapen integral, sozial eta emozionalerako, eta beharrezkoak dira nortasuna eraikitzeko eta ongizate orokorra lortzeko. Harreman osasuntsu horiek eraikitzeko orduan, lagunek garrantzi handia dute. Adiskidetasuna errespetua, babes eta onarpena izatea da, epairik gabe norbera izateko aukera. Harreman horretan lekua eta elkarren laguntza izateko aukera izatea, eta bidea elkarrekin egitearen sentsazioa. Lagun bat altxor bat da, zaindu beharreko harreman estu, sendo eta orekatua.

Zeintzuk dira harreman osasuntsuen oinarriak? Nola jakin harreman bat osasuntsua dela?

3.000 euro baino gehiago saritan

Sei sari banatuko dira.

Sari nagusiak:

  • Spotik onena (1.000 euro).
  • Publikoaren saria (500 euro).
  • Gazteen saria (18 urtetik beherakoak) (500 euro).
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300 euro).

Sari gehigarriak:

  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500 euro).
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250 euro).

Parte-hartzaileek 2025eko maiatzaren 26a bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko. Lanen iraupena 30 segundokoa izan behar da gehienez. Aurten ere formatua librea izango da, spota edozein formatutan grabatu ahal izango dela: horizontalean ala bertikalean.

Ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioa

Aurten ere antolakuntzak ikus-entzunezko publizitatearen gaineko formazioak eskainiko ditu Euskal Herriko ikastetxe, ikastola eta eskoletan, spot egileen harrobia indartzeko asmotan. Formazio saioen helburua izango da gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea. Azken urteetan 5.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte Euspoteko formazio saioak hezkuntza zentro ezberdinetan.

Euspot.eus-ek 20.000 bisita

Nabarmentzekoa da euspot.eus webguneak urtero 20.000 bisita inguru jasotzen dituela eta sare sozialetan 2.000 jarraitzailetik gora dituela. Parte hartu nahi dutenek, lehiaketako briefinga eta oinarriak Euspoteko webgunean dituzte eskuragai. Eta http://www.euspot.eus/parte-hartu loturako galdetegia bete beharko dute lana aurkezterakoan. Informazio gehiago www.euspot.eus atarian lor daiteke.

Publizitatea, sormena, eta euskara, osagai gozoak EUSPOT sukaldatzeko

Nola zaude?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude