Publikoa bada, publikoa da!
Publikoa bada, publikoa da! –
Azken aldian, azkar batean atzeman izan dugu publikotasunaren eta pribatutasunaren arteko eztabaida. Pandemiak sortutako egoeraren ondorioz, hezkuntza zein osasun publikoaren garrantzia non geratuko zen galdetu diogu behin baino gehiagotan gure buruari. Hala nola, gobernu ordezkari ezberdinek, bakoitza bere irakurketaren baitan, zerbitzu publikoak babesteko eta indartzeko asmoa plazaratu nahi izan dute azken hilabeteetan.
Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, noski. Kale artean, lantokietan edota hedabideetan ikus daitezkeen eredu argiak asko dira, baita zerbitzu publikoen menpe dauden lan baldintzen prekarizazioaren inguruan ere bai. Baina badira hainbat adibide «izkutuko curriculumaren» menpean instituzio ezberdinen pribatizazioaren alde egiten dutenak, hala nola, hezkuntzaren alorrean esaterako. Edo beste modu batera esanda, nola eragiten dute enpresa pribatuek insitituzio publikoen sektoreetan? Nola transmititzen dituzte haien balio ekonomizistak eskola publikoaren inguruko ideologiaren oinarrian? Hona hemen hainbat adibide:
Lehenik eta behin, espainiar Estatuko argitaletxe batek ikaskuntza-zerbitzuarekin loturiko sari batzuk antolatzen ditu, urtez urte. Aurten ere, pandemiak sorturiko egoeraren ondorioz, hauek antolatu eta izurriteak sortu duen parada baliatu du honi loturiko sariak antolatzeko. Argitaletxeak berak instituzio publikoen laguntza izan du hauek antolatzeko eta, haatik, enpresa pribatuak izan dira hauek finantziatu dituztenak. Herriarentzat eta komunitatearentzat sortutako proiektuak enpresa ezberdinen ordainsari.
Bigarrenik, beste argitaletxe famatu batek pedagogia eta metodologia berritzaileen inguruko hitzaldi-sorta argitaratu du jarraian datozen asteetan. Bertan, hezkuntza alorrean aurki daitezkeen hizlari eta aditu garrantzitsuenetarikoak aurki daitezke; doainik eta hezitzaile ororen eskuetan. Berriz ere, etekin pribatuak jarriz erdigunean; formakuntza zuzena zein publikoak ekar dezakeen onura gutxietsiz. Hezkuntza komunitatearentzat sorturiko adimen intelektuala enpresa ezberdinen ordainsari.
Hirugarrenik, ospe handiko tanpoi eta konpresa ekoizle enpresa multinazional bat hamaika eskoletatik dabil bere sexualitate tailerra musutruk eskainiz ikasleriari. Zeinen jatorrak! Berriz ere, horrenbeste eztabaida, gatazka zein naturaltasun eza sortzen dituen gaiak desnaturalizatuz. Hezkuntza komunitateak horrenbeste beharko lukeen ber-hezkuntza hezkidetzailea hutsalduz enpresa ezberdinen ordainsari.
Eta azkenik, punta puntakoa den merkataritza elektronikoko mundu enpresa potenteenetariko bat hortik dabil ere, eskolaz eskola, bere etekinen ehuneko bat donazio gisa itzuliz eskoletara; hauek bere zerbitzu erraldoi horretan eros dezaten. Hezkuntza komunitateak tokiko merkataritza guneetan egin beharko lituzkeen erosketak enpresa handien artifizialtasunean ordainsarituz.
Agerikoa da, hortaz, hamaika eredu aurki ditzakegula non enpresa pribatuek inplizituki hezkuntza publikoan eragiten duten. Bien bitartean, politikagintzan dabilen ordezkariak publikoaren aldeko apostu sutsua saltzen jarraituko du. Hezkuntza publikoan lan egiten dugunok ere kontraesan txiki horien onarpenean buruhausteak izaten jarraituko dugu. Eta hezkuntza komunitatearen inguruan darabilen edozeinek zalantzak izango ditu benetan publikoa dena, publikoa den ala ez.
Gure Estatu propioa berreskuratu eta hari jarraipena ematen ez diogun bitartean ezin da publikoaz edo pribatuaz hitz egin gure gizarteko ezein esparruan.
Nolanahi ere publiko frantzesa edo espainiarra izango da. Baina hori ez da gure “publikoa”.
Komenigarria litzateke gure herriaren baitan pentsamendu deskolonizatu eta loturarik gabea hedatzea.
Beraz interes pribatuak dituen hezkuntzan sinistu beharko dugu. Noiz arte? eta nolakoak izango dira jasan beharko ditugun gizarte arrakalak? maila sozioekonomiko ertain-baxukoak publikora soilik doz eta…
Hezkuntza pribatua (nahiz eta kontzertuaren menpe egon) ekonomia neoliberalen menpe dago eta nor onartzen duenaren jaun eta jabe da gaur egun.
Zuen eraso bortitzak jasoko ditudalakoan (irainak barne seguraski),
Agur bero bat,
Nineu
Argi dago bizi garen estatuen menpekotasunean, ezinezkoa izango zaigula publikotasuna oinarrian egotea. Marko berriak, desberdinak, berritzaileak eta denontzakoak beharrezkoak dira hezkuntza publikoan sinestu ahal izateko.
Bestetik, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza sistema jarraitzen dugun bitartean, inoiz ez da pertsona erdigunean jarriko, nire ustez. Helburuak oso bestelakoak direla pentsa daitekeelako.
Publikoa bada, publikoa delako.
Freudegaz bat nator,
Espaniar edo frantziar publikoa bada, espaniar edo frantziar publikoa da.
Bitartean gurea, gure jendearendako, defendatu daigun, gure modura.
Itzelak gara euskaldunak. Faltsukerian maisu-maistrak. Hara! IMQra banoa, nora nora? Herriak sorturiko osasun sistemara? Ala osasun pribatura? Arratsalde batean klinika batera noanean ginekologoarengana, nora noa? Klinika pribatu batera. Ordaindu eta ospa. Eremu guztietan daukagu oso garbi zer den pribatu eta zer publiko, hezkuntzan izan ezik. Bueno, zalantza eta itzulinguru horiek ezker abertzalean baino ez daude. Ezker abertzaleko gehienek ikastolan dauzkate euren seme-alabak, asko eta asko irakasle ari dira sare publikoan eta estu eta larri ari dira diskurtso bat asmatu nahian. Lotsagarri ari zarete. Eskola publikoak eta eskola pribatuak (kontzertatuak ere pribatuak dira) daude, ez dago besterik. Ez etorri adarra jotzen horrekin. Nahikoa da!
Euscal Herrian dauden ikastetche guzti guztiac languileec ordainduricoac dira. Gurhasso içan daitecen ala seme-alabaric eduqui ez deçaten arren. Ez dago batere dohainic denic.
Privatuac ala publicoac içan, languileec ordainduricoac dira denac. Privatuetan gurhassoec plus handiago bat ordaincen dute, logicoa den beçala.
Nire semeec ikastolan ikassi çuten eta neuc publicoan lan eguin dut aurthen jubilatu naicen arte. Contradictioneric ez.
Beude biak, publikoa eta pribatua, eta bego askatasuna gurasoek aukeratu ahal izan dezaten.
Hezkuntza “publikoak” badu jabe bat: Estatua, eta ekonomia neoliberalaren menpe dagoen izakunde bat da ere: akzioak igortzen ditu, inbertsioak burutzen ditu, kredituak eskatzen ditu, langileriaren ustiapenaz elikatzen da, zuzendaritza propioa du bere interes propioekin eta egituraketa bertikala du, eta edozein empresa ez bezala, fiskalitatea eta biolentziaren monopolioa du. Eta hori gutxi balitz, euskaldunon kasuan gure herriaren autodeterminazio eskubidea ukatu eta bere biziraupena mehatxatzen duten Estatu arrotzak eta zapaltzaileak dira. Eta, horren jakitun izan arren ere, bada “publikotasun” horren defentsa sutsua egiten duenik. Negargarria benetan. Aizu, frankismoko eskola nazionalak “publikoak” ziren ere, eta 60. hamarkadako ikastolak, berriz, “pribatuak”. Defendatuko ote zenuke estatu frankistaren hezkuntza-sistema “publikoaren” gurtzaile zaren horrek? Eta zergatik defendatzen duzu, bada, 78ko erregimen espainolaren edo frantziar estatu zentralistaren hezkuntza-sistema? Non dago ezberdintasuna azaleko itxurakerian ez bada?
Kontradikziorik al dago enpresa “pribatu” batean lan egiten hezkuntza edo osasungintza “publikoa” erabiltzen baldin badut? Eta kiroldegi “publiko” batean lan egiten badut baina gimnasio “pribatu” batera baldin banoa? Eta Etxebiden lan egiten baldin badut baina promozio “pribatuko” etxe baten jabe bakarra baldin banaiz ala Errekaleor auzo askean bizi baldin banaiz? Industria saliburu “publikoa” izaten energia sektore “pribatua” defendatu dezaket? Soilik ezkertiar puroak eta benetako sozialistak izan daitezke funtzionarioak?