“Publiko / pribatu ? Hezkuntza sistema propioa”

publiko-pribatu_Naroa_Anabitarte_BilboHori du izenburutzat datorren asteartean Orreaga taldeak Bilboko Kafe Antzokirako iragarri duen hitzaldiak. Hori, eta “Estatu propioaren beharra” azalpenak, han azaldu ditzaketen nondik norakoen zantzu bat iradokiz.

Gure artean aspalditik eztabaida handia sortu izan duten kontzeptuak dira publiko eta pribatuarena, baina ba al dakigu benetan zertaz ari garen? Ohartzen al gara hitzen esanahiak (beti bezala) ezin duela izan unibertsala eta ezin izan daitezkeela konparagarri bi kontzeptuok herri eta kontextu politiko desberdinetan?

Publiko adjektiboa, edozein hiztegira joz gero, herritar guztiei dagokien zerbait izendatzeko erabiltzen dugula aurkituko dugu. Aro modernoan Estatuak kudeaturiko zerbitzu edo erakunde eta karguei buruz aritzeko erabili izan ohi da. Horrarte denok egon gintezke ados. Munduko Herri askotan ez legoke arazo haundirik publiko eta pribatu kontzeptuen arteko bereizketa ulertzeko beraz. Baina hori al da gure kasua? Okupaturiko herria izanik, bi estatu inperialisten mende egonik, Herri askeen adibideek balio al diezagukete kontzeptuok argitzeko? Ezezkoan nago.

Herritar guztiei dagokiena bada publikoa, Herriarena den zerbait bada publiko, gure estatua berreskuratu artean ezinbesteko baldintza dela esango nuke estatu okupatzaileek kudeatua edo/eta finantziatua EZ izatea. Hau da, publikoa izango bada, gure Herriarena izango bada zerbait, gaur gaurkoz ezinbestekoa dela uste dut herritarron poltsikoetatik finantzatua izatea eta gure eskuetan izatea haren kudeaketaren kontrola. Gure estatua berreskuratzean noski, egoera hori ere aldatuko litzateke

Hitzaldiaren izenburua ikusita kontzeptuok bereziki hezkuntzaren eremuan duten eraginaz arituko direnez, ikastolen mugimendua, euskal eskola “publikoa” deiturikoa, murrizketak…izango da zeri heldu eta zeri buruz hausnartu.

Hitzaldia arratsaldeko 20:00tan hasiko da eta Naroa Anabitarte izango da hizlaria. EHUko irakaslea da bera, baina ez dakit sigla hauen esanahiarekin oso ados egongo den…

 

5 pentsamendu ““Publiko / pribatu ? Hezkuntza sistema propioa””-ri buruz

  • Ezinbesteko eztabaida herri honek bizirik jarraitu nahi badu.

  • Fermin Galparsoro 2013-03-08 15:35

    Aurreko astean Pako Arisitik euskeraren inguruko hitzaldia emon eban Kafe Antzokian, orain Hezkuntzari buruzkoa antolatu dabe.
    Zapalkuntza eguneroko bizitzako arlo ezbardin guztietara hedatuta dagoen bezala, askatasunaren aldeko borroka ere arlo ezberdin guztietan planteatu beharko da.
    Aukera izanez gero ez dot hitzaldia galduko.

  • Gure publikoa eta zanpatzen gaituen herriena guztiz kontrakoak dira. Gure ezkerra eta beraiena batera ezinak dira. Eta gure eskuina, herri zapaldu batekoa izateagatik, eta kolaboratzailea ez den heinean, beraien “ezkerra” baina ezkerragoa da, beti. Zanpatzaileen eta gure artean kontzeptu guztiak aldatzen dituen goitik beherako marra potolo bat dago: Zapaltzailea eta zapaldua banatzen dituena, hain zuzen ere.
    Ni ere Kafe Antzokian izango naiz.