Prozesu hegemonikoa Gasteizko Mercedes-Benzeko grebetan
Prozesu hegemonikoa Gasteizko Mercedes-Benzeko grebetan –
Mercedesen grebak handiak izan ziren lantaldea osatzen duten ia 5.000 lagunek ulertu zutelako eskubide eta lan-baldintzak galtzeko mehatxua zutela. Mehatxu honi grebarekin erantzun zioten, eta jarraipena erabatekoa izan zen. Honek aukera eman zuen murrizketarik gabeko lan-hitzarmen berri bat lortzeko, inflazioari lotutako soldata igoerekin, malgutasun txikiagoarekin eta, batez ere, seigarren gauez lan egin beharrik gabe.
Baina nola lortu zen Mercedeseko langileek mobilizaziorako jauzi hori egitea? Konfrontazioaren jatorria izan zen lantegiko zuzendaritzak negoziatzeko egin zuen proposamena. Beste murrizketa batzuen artean, gaueko txandari gau bat eransteko asmoa zegoen, horrela 6 eguneko lan efektiboraino iritsiz. Enpresaren asmo hau lantaldearen zati handi bat haserretu zuen; negoziazioan seigarren gaua lerro gorria zen. Gogoeta hau egin zuen ere enpresa-batzordeko sektore batek, ELAko delegatuak buru zirela; haatik, enpresa hitzarmenak bata bestearen atzetik sinatu izan zituzten sindikatuak ez zeuden hain itxita. Ez sindikatu hauek, ez eta enpresak ere, ez zekiten oraindik, baina mehatxua edota aukera politikoa egoztea hor zegoen, eta protesta zikloa hastear zen. Ekintza sozialerako markoa Mercedesen sortu zen enpresak seigarren gaua inposatu (nahi) zuelako.
Horrenbestez, McAdam, Tilly eta Tarrowen analisi-teoria oinarritzat hartuta, konfrontazio politikoan prozesu eta mekanismoak aktibatzen hasi ziren. Behin mehatxua eta aukera egotzita, lantalde guztia polarizatu egin zen eta betidanik sinatu izan zuten sindikatuetatik desertzioak gertatu ziren, kontrabotereko sindikatuetara. Halaber, Mercedesen hain emaitza ona izan zuten sare klientelarrak behin behinean desegin ziren. Identitate aldaketa bat egiaztatu zen: enpresaren aldeko sindikatuetako kide izan ziren langileen iritzia aldatu egin zen.
Egoera berri hau iritsi zen Mercedeseko langile bakoitzaren eskari partikularrek bat egin zutelako aldarri komun batean, “6.Gaua Ez!¡Sexta noche, no!” lelopean. Aldarri hau hasieran partziala izanagatik ere, aurrerago eskari orokor gisa ulertu zen eta, aterki partekatu horren pean, lantegiko mobilizazio guztia antolatu zen. Leloko esaldi elebiduna borrokan hegemoniko eta nagusi bihurtu zen. Lortu genuen seigarren gauaren aurkako jarreran ere lantaldearen beste aldarriak txertatzea; horrek eragin zuen, teoriko populistek esango luketen moduan, “aldarri ekibalentzialen” katea: soldatei inflazioaren pareko igoera aplikatzea; abusuzko malgutasuna mugatzea; lanaldia murriztea, etab. Helburua zen ‘6.Gauari ez!’ oihukatzea eta murrizketarik ekarriko ez zuen lan-hitzarmen duin baten aldeko borroka gauza bera izatea. Hala izan zen.
Halako operazio hegemoniko Ernesto Laclauk teorizatu zuen: “Ez dago hegemoniarik eskari demokratiko anitzetan oinarritutako identitate herrikoi bat eraiki gabe”. Mercedeseko kasura itzulita, hasierako eskaria partikularra bazen ere (gau bat gehiago lan egitearen ukapena), lantalde guztiak hitzarmenaren alde egindako aldarri bilakatu zen. Mobilizazio sindikalean eskari guztiak artikulatu zituen zerbait orokorragoaren adierazle bihurtu zen.
Grebak ez ziren bukatu ELAk nahi izango zukeen moduan, izan ere enpresaren aldeko sindikatuek hitzarmen berri bat sinatu baitzuten orduan zeukaten gehiengo absolutuari esker. Seigarren gaua ezartzea saihestu zen, baina hitzarmenak lantaldearen baldintza sozial eta ekonomikoak murriztu egin zituen. Hala ere, borroka beti da emankorra eta hau da emaitza: Orain ELAk Mercedesen aitortza handiagoa du, afiliatu gehiago erakarri ditu eta hauteskunde sindikaletan 1.000 botoen sabaia gainditu du. Honek arrazoia eman digu urtetan egindako ibilbideari buruz, baita atal sindikalak erabili dituen tresnei dagokienez ere: Langileekin elkar hartuta egunez egun egindako lana, antolakuntza, plangintza eta borroka.