Galdakaoko XLIX hitzaldi zikloa
Galdakaoko XLIX hitzaldi zikloa –
ORREAGAREN XLIX. HITZALDI ZIKLOA
Askatasuna lapurtu zioten herri bati ezkutatu zaion iragana azaldu nahi dugu ziklo honetan. Baita etorkizuneko Euskal Herria jorratzen duen liburuaren aurkezpena ere. Urtero bezala, Torrezabal Kultur Etxean izango dira hitzaldiak, 19:00etan. Hauek dira oraingoan ekarriko ditugun hizlariak eta gaiak:
Apirilaren 9an, Juan Martin Elexpuruk emandako “Euskarazko izenak erromatar garaiko aldare eta hilerrietan” hitzaldiarekin irekiko dugu zikloa.
“Segurutzat ematen diren zenbait etimologia -esaterako, euskarazko hobi latinezko foveum-etik datorrela- ezeztatuta geratuko litzateke Sardinian hitz edo erro hori usu agertzen bada hitz hasieran, erdian, amaieran …”
Apirilaren 16an, XXII. Mendeko Euskal Herria eraikitzeko “Eziña ekiñez egina” liburua aurkeztuko digu Salba Dalmau idazleak.
“Alde batetik, nire kezka nagusiena Euskal Herriaren etorkizuna da, oso-oso gogorra izan daitekeela aurreikusten baitut. Izan ere, euskarari dagokionez, gauza batzuk berreskuratu ditugun arren, erabilera maila ez da igo. Ezta jaiotze tasa ere, eta jaiotzeak sustatu egin behar dira… baloreak sustatu behar dira, azalduz zein garrantzitsua den seme-alabak izatea”.
Apirilaren 30ean, “Emakume abertzaleak 100 urteko ibilbidean” hitzaldia eskainiko digute Begoña Bilbao, Karmele Perez eta Gurutze Ezkurdia irakasleek.
Liburuak 1922ko maiatzean sortu eta emakume abertzaleak batu zituen Emakume Abertzale Batza erakunde politikoaren ibilbidea jaso eta aztertzen du.
Maiatzaren 7an, azkenik, Asisko Urmenetak aurkeztuko digu “Gora Euskal herrientsak” bere liburu berria. Irudikatu maistra bat euskaldun berria… irudikatu Iruñeko udalaren burtsa eskuratu duela Bartzelonara Montessorirekin berarekin ikastaroa egiteko… irudikatu ezazu iruñearatu eta, ez duela etsitu lehendabiziko Euskal Eskola eratu arte… eta irudikatu mintzaldia eman duela “EMAKUMEEN ETORKIZUNAZ” feminismotik eta euskaraz duela 100 urte! Irudikatu beste errientsa zenbaitzuekin jardun dela Gipuzkoako, Lapurdiko, Zuberoako, Arabako… Irudikatu orduko Euskal Unibertsitatearen eratzeko ahalegina! Irudikatu gerla eta ostekoa, faxisten purgak eta ahanztura… Irudika dezagun JULE FERNANDEZ ZABALETArekin!