Prebisibleak gara
Prebisibleak gara
Bidaiatzeak (fisikoak ala mentalak) ez du norberaren pentsamendua aldatzen, erlatibizatzen, sendatzen, askok (benetako nazionalistek, eta ez hemengoek seguru asko) hori besteekiko aldarrikatzen badute ere. Baina distantzia hartzen laguntzen du. Eta gauzak perspektiban ikusten.
Badaukagu euskaldunik atzerrian, hona begiratu, gu ikusi eta samurtasunez, errukiz eta maitasunez hartzen gaituena. Baina geu ere izan gaitezke denon artean (edo denon aurka) sortzen ari garen herri honen lekuko kanpotik bueltatzen garenean.
Eta bolada batean egunerokotik urrunduta, hona begira jarri, eta nork ez du sentitu nagia, aldez aurreko nekea, etsia, berriz ere gure mundutxo honetan murgiltzeko. Ematen du joan gineneko azkeneko berrien hurrenkera zuzenean datozela gu iristen garen eguneko egunkariak, sare sozialak eta antzekoak.
Eta ikuspegi horretatik, askotan edo gehienetan, txundigarriak gara geure miseria txikietan, tematiak gure jarreretan, aspergarriak. Baina, askoz okerragoa, higigaitzak, gure posiziotik ezin mugitu aritzen gara.
Esan bezala, denbora urruntze horren ostean bueltatu eta sare sozialetan segituan ikusiko dugu, aurreikusi genezakeen bezala (tamalez), hainbat berriren aurrean, bakoitzak hartuko duen jarrera: urliak, Sopelara iritsiko den Interneteko kable famatuaren aurrean, adibidez, beti bezala, esango du ez dela beharrezkoa eta euskaldunoi ez digula onik ekarriko; sandiak jarraituko du bere irakasle jarrera gero eta distanteagoarekin, Interneten topatu duen jostailu eraldatzailearen berri lau haizetara zabaltzen, bera izan baita aurrenekoa topatzen; berendiak eutsi egingo dio bere triperre ospeari, mundua berari kontra egiteko sortu zela pentsatuta.
Eta denek, den-denek, zer edo zer “inportantea” esateko dutenean, sistematikoki joko dute gaztelania ederrera berebiziko berri hori lau haizetara a los cuatro vientos zabaltzeko.
Benetan ematen du geure txiringitoa babestu eta indartu nahi dugula, on orokorraren alde baino gehiago, ordea, besteen aurrean oilar eta ez integratzaile.
Prebisibleak gara, oso, eta gainera ez gara gure neurrira egin dugun zorrotik mugitzen.
Prebisibleak gara mota guztietako iritziak ditugulako? Ondo ulertu badut.
Gazteleraz zabaltzearenean bai ados nagola, gutxi batzuk izan ezik, nazkagarria da nola euskara baztertzen degun nahiz ta iruzkinak ustez euskara defendatzen ari.
Bidaiatzen dudanean edo beste herrietan gertatzen danari buruz irakurtzerakoan, gero ta gehiago tematzen naiz nirean.
Hau da , leku guztietan Nazionalistak direla ta oso, munduko biztanlea dala erraten duena, nazionalista sutsua izaten da normalean.
Ongi izan.