“Praktikotasuna da gure masterren berezitasun nagusia”
ENPRESAGINTZAKO UNIBERTSITATE MASTERRAK
Mikel Mesonero MONDRAGON UNIBERTSITATEko Enpresagintzako graduondoko koordinatzailea da, eta berak azalduko digu Oñatin eta Irunen kokatuta dagoen Fakultate honen Unibertsitate Masterren eskaintzaren ezaugarri nagusiak.
Bolognako prozesuarekin bat datozen Unibertsitate masterrak beharrezkoak dira? Lau edo bost urte ikasten eman ostean, zergatik master bat egin?
Galdera ona. Bolognako prozesuarekin batera graduak martxan jarri ziren orain dela urte batzuk. Graduak, normalean, orotariko orientazioa izan dute, ikasleei ate ezberdinak zabaltzen dizkienak. Unibertsitate masterrak, normalean, espezializaziora daude zuzenduta. Espezializazio hau ezagutzetan (Finantzak edo Marketin digitala, adibidez) nahiz sektoreetan (Turismo aktiboan, esate baterako gure kasuan) koka daiteke.
Gaur eguneko egoeraren aurrean, ikaslearentzat espezializazio honek lan merkatuan posizionamendu bat lortzeko bide bat izan daiteke, eta ezberdintasun puntu bat eman diezaioke.
Finantzak, Marketina eta Turismo Aktiboa aipatu dituzu. Arlo hauei buruzkoak dira Enpresagintzan ikasi daitezkeen Unibertsitate Master guztiak?
Ez, hauek bakarrik ez. Gure eskaintza zabalagoa da. Hurrengo urtera begira bost master ofizial ditugu:
- MBA – Enpresa Zuzendaritza Masterra
- Enpresa Kooperatiboen Kudeaketan Unibertsitate Masterra
- Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra
- Marketing Digitala Unibertsitate Masterra eta
- Turismo Aktiboaren Enpresak Sortu eta Kudeatzea Unibertsitate Masterra
Lehenengo biak, batez ere, jada lanean ari diren profesionalei zuzenduriko Masterrak dira. Enpresa ikasketarik ez dituzten, baina enpresan jardun nahi duten ikasleentzat ere oso egokiak izan daitezke; esate baterako, Zuzenbidea edo Soziologia egin duen ikasle batentzat.
Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritzako Masterra, bere aldetik, edozein erakundeko Kontabilitate edo Finantza saila gestionatzeko gaitzen du ikaslea. Gaur egungo globalizazio prozesuaren baitan, enpresek aurre egiten dituzten erronkei erantzuteko finantza-arloa ondo menperatzen dituzten profesionalak behar dituzte.
Marketing Digitala unibertsitate masterra, ekonomia digitalean ari diren enpresen Marketing saila kudeatzeko gaitzen du ikaslea. Internet eta teknologiak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzen jakin behar dute enpresak, eta horretarako ondo prestatutako profesionalak behar dituzte.
Azkenik, Turismo Aktiboaren Enpresak Sortu eta kudeatzen Unibertsitate Masterrak beste motatako espezializazio bat eskaintzen du. Kasu honetan, ezagutza arlo bat baino, sektore batean espezializatzen du ikaslea. Turismoa sektore estrategikoa izanik, bertan sortuko diren aukerak aprobetxatu ahal izateko gaitzen du master honek.
Masterren aukera hain zabala izanik, zeintzuk dira Enpresagintzak eskaintzen dituen berezitasun edo abantailak?
Lehenik eta behin, eta beste ezaugarrien gainetik, praktikotasuna. Gure masterrak ekintzari bideratutako masterrak dira. Ezagutza tresna bat da, baina ez helburua. Ikasleak enpresa edo erakundeen errealitatea ezagutuko du, eta horrela ikasle orok praktika edo proiektu bat egin beharko dute enpresa batean.
Bestalde, ikaslea bere ikaste prozesuaren jabe izango da. Bidea markatu baino, gure lana bide hori egiten eta ikasleak duen potentzialtasuna guztia garatzen laguntzea da.
Azkenik, enpresa munduan geroz eta inportanteagoak diren gaitasun pertsonalak landuko ditugu, besteak beste: talde-lanean aritzea, ekintzailetasuna, arazoei aurre egitea edo lidergoa. Gaitasun hauek ez dira normalean jorratzen modu arautu batean, eta etorkizuneko lan merkatuko profesionalentzat ezinbestekoak izango dira.