Pradales Lehendakaria eta 15 sailburuak
Pradales Lehendakaria eta 15 sailburuak –
Imanol Pradalesek lehendakari karguaren zina egin du gaur, Gernikako juntetxean, Jose Antonio Agirre lehen lehendakariak erabili zuen antzeko formula erabiliz, Carlos Garaikoetxeak, Jose Antonio Ardanzak, Juan Jose Ibarretxek eta Iñigo Urkulluk erabilitakoaren berdina: “Eusko lur gainean zutunik, Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean apalik, Gernikako zuhaitzpean, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo betetzea zin dagit”. Estatuaren ordezkari gisa hartu du kargua, baina Espainiako Konstituzioari eta koroari leial izatea espresuki aipatu gabe. Demokrazian gobernatuko duen seigarren lehendakaria izango da, eta 300 bat gonbidaturen aurrean izan da Gernikako gaurko ekitaldia. Legebiltzarreko 75 legebiltzarkideek eta Iñigo Urkullu, Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariek ere ekitaldian parte hartu dute; Bertan izan dira Maria Jesus Montero Espainiako gobernuko lehen presidenteordea, Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoaren presidentea eta Baionako alkatea, Felix Taberna Nafarroako gobernuko lehen presidenteordea, Fernando Clavijo Kanarietako presidentea, Javier Velasko Txileko enbaxadorea eta Kanadako Gobernuko zenbait kide ere bai. Ekitaldia amaituta, Imanol Pradales lehendakaria Zuhaitz Zaharra dagoen lekura gerturatu da, 1936an Agirre lehendakariaren zinean entzun zen Agur Zaharra doinua entzuten zela. Gernikako Batzarretxeko ohorezko liburuan sinatu du ondoren.
Arratsaldean gobernu berria osatuko duten sailburuen izenak eman ditu ezagutzera Pradales lehendakariak. 8 gizon eta 7 emakumek osatuko dute exekutibo berria, 10 EAJ eta 5 PSEkoak. Bi lehendakariorde izango ditu Pradalesek, Ibone Bengoetxea eta Mikel Torres, eta Maria Ubarrechena izango da Jaurlaritzaren bozeramaile berria. Hemen Eusko Jaurlaritza berria osatzen duten 15 sailetako buru eta aurpegiak: Ibone Bengoetxea Otaolea lehen lehendakariordea izango da, horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika saila zuzenduko du. Mikel Torres izango da bigarren lehendakariordea, Ekonomia, Lan eta Enplegu sailaren ardura izango du egungo Portugaleteko alkateak. Noël d´Anjou Olaizola ere gobernu berriko kidea izango da, Ogasun eta Finantza saila gidatuko du iruindarrak. Jaurlaritzaren bozeramailea Maria Ubarrechena izango da, urretxuarra Gobernantza, Administrazio digital eta Autogobernua sailburua izango da. Mikel Jauregi Letemendiak Industria, Trantsizio energetikoa eta Jasangarritasuna zuzenduko ditu. Bingen Zupiria Segurtasun sailburua izango da. Begoña Pedrosak Hezkuntza zuzenduko du. Denis Itxasoren ardurapean izango da Etxebizitza eta Hirigintza Agenda. Osasun saila Alberto Martínezen esku egongo da. Nerea Melgosak Ongizate, Gazteria eta Demografia saila zuzenduko du. Susana García Chueca Mugikortasn Jasangarria sailaren sailburua izango da. Juan Ignacio Pérez Iglesiasen esku egongo da Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza. Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua izango da. Amaia Barredok Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza saila zuzenduko du eta María Jesús San José izango da Justizia eta Giza Eskubideen sailburua.
Pradales Lehendakaria eta 15 sailburuak
8 gizon eta 7 emakume. Orain guztia sexua da batzuentzat… Norabidea galdu dugu.
Nik 15 espainolista ikusten ditut, ez dakit… Niri herria axola zait, ez nork duen zakila eta nork alua.
Batzuentzat guztia sexua, eta beste asko batere sexurik gabe… Hau injustizia!!!
Izan zitezkeen ere 8 emakume eta 7 gizon. Zergatik ez?
Ondo dagoen bezala berdintsu egotea arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak. Izatekotan, nafartar (garai eta behe), lapurtar eta zuberotarrak sumatzen ditut faltan.
Eta zeintzuk dira euskaldun euskaltzaleak, edo euskara ere badakitenak, edo espainoldun espainolzaleak? Eta zein hizkuntzatan arituko dira elkartzen direnean? Zeinek inposatuko du hizkuntza? Lehendakariak ala lehendakariordeak?
Eta zer demontrerengatik aipatzen da Jaungoikoa erakunde ez-konfesional baten kargu hartzean?
Berak nahi duen moduan zin egin dezake kargua hartzerakoan, hautu pertsonala da hori.
Berdin dio noren hautua den.