Portukoa
Iruñeko lehen dama haur tikia zela joan zen Burgosetik Portugaletera. Bizkaiko Zubiari begira bizi izan zen Nafarroara ikastera etorri arte. Opusko unibertsitatean egin zituen lagunek lagundu zuten Iruñean goiti egiten. Zinez goiti egin ere: NUPeko irakasle, Nafarroako Gobernuko kontseilari, bertako alkate… eta, asteburu honetatik aitzina, UPNko lehendakari.
Alderdi nabarristaren erraiak ezagutzen dituztenek diotenez, hiriburutik kanpora Barcina ez da bereziki estimatua UPNko militanteen artean. Haren nafartasun zalantzazkoa ez ezik –edo beharbada, horrexegatik- neurriz gaineko PPzaletasuna egozten zaio. Abertzaleak eta ezkertiarrak ez dira, bertzalde, bakarrak haren ibilbidean agintekeriaren, pertsonalismoaren eta gorazalekeriaren itzala ikusten dutenak. Nolanahi ere, orban horiek ez dira traba izan, Miguel Sanzek bere ondorengoa izateko hautatu zuenetik. Nafarroan ere, PRIren Mexikon bezala, dedazoak funtzionatzen du. Azken hilabeteetan, Corellakoak beltz egin du lan alderdiaren barnean bere kuttunari bideak zelaitzeko. Lortu ere lortu du. Igandeko kongresuan, Yolanda Barcinak ez du bere kontra lehiatuko den aurkaririk izanen. Hala izanagatik, bere programa bozketaren aurretik aurkeztu beharrean haren ondotik aurkeztuko du. Badaezpada ere.
Nafarroaren esentziak gorpuzten dituen alderdiko burutza Nafarroatik kanpo sortu eta hazi den lagunaren eskutan egonen da. Inork ez du dudarik egiten UPNko lehendakaritzatik Nafarroako lehendakaritzara jauzi eginen duela, bi urteren buruan, hauteskundeak berriz ere egiten direnean. Euskadiko Erkidego Autonomoarekin harreman goxoak aurreikus ditzakegu orduan. Patxi Lopezekin, bederen, ez zaio zertaz mintzatua faltako: Hego Euskal Herriko bi lehendakariak, konstituzionalistak eta kinta berekoak izateaz gain (1959koa to, 1960koa no) herri berekoak izanen dira. Biak Portukoak. Urrats bat aitzina, dudarik ez, eraikuntza nazionalean.
Ni ere Portugaletekoa naiz. Badira urte batzuk handik atera nintzela, baina lekutxo bat egina diot bihotz-zolan (barkatu milikeria).
Ez dakit zenbat bider entzun behar izan dudan nire bizitzan “Portugaletekoa eta euskalduna?” galdera (andrea oraindik harritzen da horregatik), eta uste dut luze joko duela erretolika horrek.
Badirudi euskalduntasuna toponimo zaharretan bakarrik azaleratzen dela: Abatsolo, Okillu, Urioste. Uste dut udalerri bakanetakoa dela udal-itzultzailerik ez duena (50.000 biztanle ditu), Gabon aldera “Felices fiestas” baino opatzen ez duena, idazkunetan ere euskara baztertzen duena (Maria Diaz Harokoaren estatu berrian, esaterako)…
Gogoan dut duela 15 bat urte udal-lokal bat eskatu behar izan nuela hitzaldi bat antolatzeko, eta eskabidea euskaraz bete nuenez eskabideak elebiduna izan behar zuela gaztigatu ninduten funtzionarioek (garbitasuneko andrea lagun). Halaxe maiseatzen gintuzten, eta gaituzte.
Esaten digute hizkuntza despolitizatu beharra dagoela, eta horraino konforme, baina haiek dira destainaz eta amorruz politizatu egiten dutenak. Ba al dakite haiek zer den arrotz, atzerritar, sentitzea norberaren herrian? Doazela Portugaletera eta hitz egin dezatela hango euskaldunekin. Gora-nahi erdaltzaleak izan arren, euskaldun apal eta maratz asko baitira.
Besarkada bat denei.