Poliziaren indarkeria
Poliziaren indarkeria –
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Nathalie Flores. 37 urte. Hila. Tiroz. Baionan. Polizia kontrol batetik ihes egitean. Urtarrilaren 11n hil zuen Frantziako Poliziako agente batek, eta berriak harridura eragin eta hautsak harrotu zituen. Alliance sindikatuak babesa agertu zion tiro egin zuen poliziari; bere burua defendatzeko egin omen zuen tiro. Poliziaren sindikatuak emaztea bera kriminalizatu du: drama hark erakusten omen du “zenbait erabiltzaileren portaeraren bilakaera polizia nazionalen kontra”. Emazte gazte hura ez da gehiago hemen esplikatzeko zergatik ihes egin zuen kontroletik, baina ez bide zen armatua, ez “gaizkile arriskutsua”, bestela goraki azpimarratuko zuketelako. Eta lekukorik ere ez dago, polizia haiek salbu.
Zabaldu diren xehetasunen arabera, polizien bizia ez zegoen arriskuan gidariaren kontra tiro egin zuten unean. Egia da polizietako bat belaunean zauritu zuela autoz ihes egitean, baina poliziak tiro egin zuen eskapatzen ari zen norbaiten kontra, eta ez eraso egiten ari zen baten kontra, ordurako haiengandik urrundua zelako (horrek ez du erran nahi eraso egiten ari balitz zilegi zatekeela hiltzea; tiro egitekotan ere, poliziak ahalegindu behar du ez hiltzeko gisan tiro egiten). Eta baldintza horietan tiro egitea ez da sartzen legeak onartzen duen “defentsa eskubidearen” baitan.
Elkarretaratze bat izan zen hilketa salatzeko. Baina boterearen ordezkariak eta indakeria gaitzetsi behar dela ahobeteka ari direnak franko isilik egon dira. Hiltzea gaizki bada, polizia batek hiltzea ere gaizki da. Baina poliziak hiltzen duenean, ez da gaitzespen handirik entzuten. Baionako gertakariak ez du loturarik, bistan da, orain eztabaidatzen ari diren Frantziako Segurtasun Orokorreko Legearekin. Ez du loturarik… eta badu. Zergatik nahi da debekatu eta trabatu polizien irudiak erakustea? Zergatik nahi da zaildu kazetarien lana eta galarazi herritar xumeek beren sakelako telefonoekin polizien gehiegikerien lekukotasunak grabatzea?
Azkenaldian poliziaren irudi oldarkor franko ikusi dugu. Ikusi ditugu herritar xumeen kontra oldartzen. Gogoan dugu duela zenbait hilabete ertzainek nola zanpatu zuten emazte xahar bat; berriki ikusi ditugu Donostiako irudiak, etxeratze agindua baino ia oren bat lehenago gazteen kontra oldartzen… Gero, istiluak daudenean, bertsio ofizialak gazteak jotzen ditu erruduntzat, Frantziako Poliziaren sindikatuak Nathalie Flores kriminalizatu duen bezala.
Beharrik baditugula irudi horiek! Baina, funtsean, poliziaren bortizkeriarako bilakaera hori eta legearen aldaketa eskutik lotuta doaz.
Azken urteetan Hego Euskal Herrian (eta Espainian) Mozal legea indarrean dago, eta kazetari, argazkilari eta herritar anitzek isun andana bat ukan dute horregatik. Poliziaren bortizkeria erakustea gero eta zailagoa da. Eta Frantziak gauza bera egin nahi du. Poliziaren bortizkeria erakustea zailtzen bada, informazio eskubidea urratzeaz aparte, herritarren askatasuna murrizten da, poliziaren bortizkeria errazten eta poliziaren inpunitatea laguntzen. Eta, bitartean, poliziaren presentzia gero eta handiagoa da (lehen ere ez zen, bada, ttipia!).
Eta orain, Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko hainbat pasabide itxi dizkigute, atentatuen beldur direlakoan. Eta irekiak diren mugetan kontrol sistematikoa dago, larruaren kolorearen arabera, kontrolatua izateko arrisku ttipiagoa edo handiagoa izanik. Poliziaz jositako herria herri zapaldua da; herritar bentzutuak eta beldurtuak nahi dituzte. Ikaratzekoa da nora eraman gaitzakeen bide horrek.