Polizia-ereduaz, pare bat hitz

Polizia-ereduaz –

“Herriko poliziaren ongizate emozionalak eta hauen lanaren inguruan herritarrok dugun iritziak kezkatuta omen dago Oiartzungo Udala eta hau lantzeko prozesu herritarra abiatuko duela adierazi du.” Horrela hasten da Iker Urritegi Getariak “arazoa polizia bera danean” Oarso Aldeko Hitzan idatziriko artikuluan. Alabaina Oiartzungo udaletxearen kezka aipatzea aitzakia edo okasio ematen dio poliziaren izaeraren inguruan dauden iritzi edo jarrerei buruz  bere iritzi kritikoa agertzeko.

Polizia-ereduaz
Arg: geralt

Hau da, “Bestelako polizia eredu bat posible dela diote batzuek (…) funtzioa ezkutuan mantentzen den bitartean. (…) Bake soziala mantentzeko saiakeran, herriaren zerbitzura egongo den poliziaren antzezpena jarri dute oraingoan taula gainean (…) Horrela polizia zuritu eta normalizatzeko ahaleginean, kontrol soziala bera leuntzen da, mozorrotu, antzezpena gatazkarik gabeko herri baketsu batean kokatuz eta estatuari beharrezkoa zaion kasuetan gogortasun osoz kolpatuko gaituela ahaztuz. (…) Arazoa ez baita polizia eredu bat ala beste, arazoa polizia bera baita”.

Gauza gehiago sartzen ditu ere, azterketa sakonagoa eskatzen dutenak, baina oraingoz gaiari dagozkion bizpahiru kontuetan sartuko gara.

Alde batetik, arrazoia du (Pernandoren egia bezala) dioenean poliziak (Estatua bera eta oro har eta bere instituzio nagusiek) estatus quo-a, bideragarria mantentzea duela helburu, horren ondorioa izanik bake soziala lortzea. Alabaina, bake sozialaren inguruan interpretazio asko daude. Esate baterako, zapalkuntza soziala, nazionala zein matxismoa estaltzen duen sasi-bakea (Erromatar bakea deitu izan dena) estaltzen duen legedia eta jarduera polizialaz ari bagara, arrazoizkoa da ustea polizia eta instituzioen zeregina kaltegarria litzaigukeela.  Baina ez dut uste, polizi ereduaz ari garenean hori dela helburua. Aitzitik, zapalkuntza dagoen bitartean istiluak seguru izango direla, eta gu beti zapalduen alde egin behar dugu eta egitate hori estaltzearen aurka. Baina, badaude zenbait gatazka eta istiluen desagerpenak  onuragarriak zaizkigunak. Esate baterako, borroka armatuarekin amaitzea, bultzatzen zutenek hala nahi izan dutelako, denon onerako izan da. Ala ez?

Izan badaude zenbait istilu, herriaren lasaitasuna, elkarbizitza (kontzeptu hau beti ez da gaitzesgarria denen onerako denean ) kaltetu edo  inarrosten dutenak, eta horri aurre egiteko behar direla hala moduzko “ordenaren zaintzaileak”. Adibidez, futbola aitzakia, talde batzuk jende arrunta erasotzen dutenean, edo jaietan genero erasoak gertatzen direnean; berdin  gaueko ordu txikietan istiluak sortzen direnean  jende arruntaren atsedena urratuz; edo lau sos kentzeko kale gorrian gaizkile batzuk aiton-amonei erasotzen dietenean, ez al dira behar hiritarren aldeko lege eta arau  betearazleak? Deitu diezaiogun polizia edo udaltzaina. Beti bezala, kontua da ze legeaz, zer nolako Estatu eta instituzioaz ari garen, nahiz eta denak gizarte burgesaren parte izan. Ala berdin zaigu diktatura edo demokrazia liberala, polizia guztiz errepresiboa edo kontrolatu daitekeena lege demokratikoen bitartez? Dena ez da zuri edo beltz. Hor datza gakoa.

Beste adibide bat, Euskal Estatu Sozialistaren aldarrian dabiltzanei (aldarriekin ni ere ados nagoela) berdin zaie beren jarduera legala ala ilegala izatea? Toleratua are onartua, edo zigortua?. Eta behin, delako Estatu Sozialista burutzen badugu, izango du poliziarik ala ez, eta zein izango da bere izaera? Herritarren ongizatea zaintzeko ala zigortzeko. Sozialismoa Erreala zeritzan erregimenaren polizia badu zer ikusterik horrekin.

Anarkisten eta  sozialisten azken helburua berbera da (Leninen Estatua eta Iraultza liburuarekin ados baldin bagaude), hau da, Estatua eta klase sozialak desagertzea. Baina erregimen hori komunista litzateke, ez sozialista, zeina trantsizio epeaz definitzen den. Hortan datza sozialisten eta anarkisten arteko desadostasun nagusia. Anarkistek ez dutela estatua onartzen, ez kapitalista ezta sozialista ere, eta, kontsekuenteki, inongo polizarik ere ez.

Eta beste mailako desadostasuna. Anarkistek, sozialistek eta komunistek ez bezala (Irakurri Leninen “Ezkerkeriaren haur gaixotasuna komunismoan”) ez dute onartzen demokrazia liberalen instituzioetan jardutea. Alegia, beren barruan (kalearekin batera) herritarrentzat eta langileriarentzat ahalik eta lege eta erabaki hoberenak lortzea. Izan parlamentuetan edo udaletxetan.

Gauzak garbi. Kapitalismoaren barruan gauzatzen diren diren aurrerapen progresista guztiek bi aurpegi dituzte. Alde batetik, aurre egiten diete errepresioari eta esplotazioari, eta, aldi berean, lortzen diren abantailak direla medio, baretu egiten dute egoera, eta, hein handi, batean kapitalisten onerako da hori. Horrekin esan nahi dugu grebaren ondoren soldata hobeak lortzea ez dela onuragarria, nahiz eta horren ondoren borroka eten? Nahiz eta jakin polizia polizia dela beti, berdin zaigula nolakoa den? Polizia edo armada ez da inoiz  demokratikoa izango (armak erabiltzen eta estruktura bertikala duten instituzioak ezin dira demokratikoak izan ); alabaina, bai kontrolatua eta arautua modu demokratikoaz. Ez da gauza bera mozal legearen baitan aritzea, edo beste lege motaz. Ez da gauza bera armarik gabeko udaltzaingoa edo armatua inposatzea denon kalterako, Jaurlaritzak nahi duen bezala. Edo zeregin ez jazartzalea izango duen udaltzaingoaren aldeko izatea. Ez da gauza bera, eskuin muturreko sindikatu korporatiboen eragin pean ari den polizia edo beste motako sindikatuen pean. Ez da berdina torturatzeko aukera guztiak duen polizia edo jarduera hori debekatua duena. Azken adibidea. Thatcher anderearen aroaren aurretik, bobiak (polizia) ez zuten armarik erabiltzen eta ia ezta borrarik ere. EAJk erreferentea omen zuen eredu hori. Baina meatzariak jipoitzeko behar zuen polizia antolatu eta egokitu zuen neoliberalismoa berriaren agintariak. Harrez geroztik, Bretainia Handiko polizia askoz errepresiboagoa da. Eta Ertzantzak ez du zer ikusterik delako “bobbi” haiekin.

Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Ertzaintzaren ferekak edo matte-matteak gozatu izan dugunok (baita garai bateko Oreretako munipenak ere), ez diogu desio belaunaldi berriei trantze horretatik igaro daitezen. Horregatik, bai, beharrekoa da polizi ereduaz hitz egitea, lege demokratikoez ahalik eta kontrolatua egon daitezen, nahiz eta jakin polizia beti arazoa izaten jarraituko duela; baina jakinik arazo guztiak ez direla berdinak. Eta hori ez litzake gauza txarra Estatu Sozialistaren alde jardutenentzat ere. Ala zenbat eta errepresio gehiago hobe?

Polizia-ereduaz  Polizia-ereduaz  Polizia-ereduaz  Polizia-ereduaz Polizia-ereduaz  Polizia-ereduaz  Polizia-ereduaz

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

4 pentsamendu “Polizia-ereduaz, pare bat hitz”-ri buruz

  • Gaur egun, gero eta kaleko istilu gehiago ikusten ditut, eta hauei aurre egiteko, polizia, edo udaltzaingoa, edo herritarrez osatutako patruilak, edo ze demontre, baina zerbaiten beharra egongo delarena ez daukat inolako zalantzarik. Ereduari buruz gabiltzanean, behintzat egoeraz jabetu beharra dago, eta tamalez, egun, egoerak itxura eskasa dakar.

  • Noski Tximino… Arazo sozial estrukturalei konponbide sozial estrukturalak ematerik ezin da planteatu, ezta? Polizia, armak, segurtasuna, kartzela… Den-dena zure ipurdia salbatze aldera. Salba dezala norberak bere ipurdia, horretarako ondokoa akabatu behar badu ere. Eta horrela doa mundua, betiko erantzunak: armak, gerrak, gorrotoa…, betiko ondorioak: armak, gerrak, gorrotoa…
    Gizatasun amini bat ez letorkiguke gaizki, ez duzu uste?
    Kale patruilak… Ze pena, benetan.

  • Ziriñe, ez dakit non bizi zaren, baina hirigune handi batean biziko bazina, daukagun elkarbizitza arazoaz jabetuko zinateke; eta zoritxarrez, berriro diot, zoritxarrez, arazo horiei uneko erantzun bat eman behar zaie. Eta ondoren, nahi baduzu, gizarte kapitalista zishetereopatriarkatuak dakartzan arazo estrukturalak nola bideratu daitezkeen inguruan hitz egingo dugu, baina uneko arazoak, konpondu behar dira.

  • Arazo sozial estrukturalak ezin dira polizia bidez konpondu. Are, sistema honetan ere ez. Alabaia sistema goitik behera aldatzen ez dugun bitartean, gutxienez, errepresio tresnak kontrolatu, gutxiagoitu eta bar helburutzat har genezake. Ala ez? Dena ez da zuri ala betlz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude