Polizia albiste denean
Polizia albiste denean –
Herri honetan hedabideak gehiegitan izan dira albiste: itxi dituztelako, isun astronomikoak jarri dizkietelako, diru laguntzarik jasotzen ez dutelako… Hedabideak ez lirateke albiste izan behar, ez horrelako kontuengatik, bederen.
Polizia ere ez litzateke albiste izan behar.
- Emakume bat erail zuten Gasteizen, eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain aitortu du erakundeak ez direla andrearen bizitza bermatzeko “gauza izan”, eta gainera zehaztu du «erakundeen arteko komunikazioan izandako huts batzuen ondorioz» sortu zela babesgabetasuna. Testuinguru honetan hiru ertzain zigortuak izan dira, emakumeei komisarian tratu desegokia emateagatik, eta Arartekoak neurriak eskatu ditu horrelakorik errepika ez dadin.
- Ertzainak Borrokan plataformaren sorrera.
- Ertzaintza sortzean EAJ buru belarri aritu zen botere guneetan ahalik eta afiliatu gehien sartzeko, eta Roke Retolazak zuzendu zuen nukleo gogorra. Hamarkadak pasa ahala zeregin horretan ziharduten pertsona esanguratsuenak erretiratu egin ziren.
- 2009an Rodolfo Aresek polizia eraberritu zuen, jeltzaleen eragin ahalmen urria are gehiago mozteko. Baina PSE-PP Jaurlaritzara iritsi baino lehen ere Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, militar espainiarrak… denetik sartu zen Ertzaintzan. Jendea jipoitu dute, enboskada armatuak egin, hil, torturatu… eta testuinguru horretan ertzain berrien profila ere asko aldatu zen.
- Iñaki Egaña historialariak OCI (Oficina Central de Inteligencia) aipatzen zuen duela bi urte argitaratutako artikulu honetan. Bere aburuz OCI botere faktiko bat da beste botere baten barruan. Inteligentzia zerbitzu honek (hemengo CNI-ren antzeko zerbait dela dio egileak) informazioa eskuratu eta gordetzeaz arduratzen da, eta dirudienez ez dira batere abegikorrak datu guzti horiek EAJren bueltan dauden segurtasun eta inteligentzia enpresekin elkarbanatzerako orduan.
- Egun maila apaleneko ertzain baten soldata 2500€koa, aparteko orduak, desplazamentuak eta dietak kontutan hartu gabe.
- Noticias taldeak zabaldu duenez, ertzain hauek Jusapol sindikatuaren egitemo modua kopiatzen ari dira urratsez-urrats, eta horretaz gain, Ertzainak Borrokan taldeko kideek txapelokerren Jucil elkartearekin kontaktatu dute asesoritza jasotzeko.
- Aitor eta Galder. Gazte hauen aurkako akusazioek ez dute ez hanka eta ez buru, eta 2023 artean bi gazte “terrorismo” akusaziopean espetxeratzeak zientzia fikzioa dirudi. Ertzain batzuek literatura asko idatzi behar izan dute beren informetan. “Pide números reservados para sus agentes, «debido a la amenaza que ha sufrido el colectivo de la Ertzaintza históricamente, como los acaecidos en Alsasua, por parte de ETA y el mundo radical en el País Vasco». Harrigarria, baina egia. Ertzaintzak ez dauka inongo zereginik Altsasun, eta aski garbi dago nondik jotzen dien haizeak informea idatzi dutenei.
- Espainiako Poliziak jaiegunak eskaintzen zituen Irunen atxilotutako migrante kopuruaren arabera. Etorkin bat atxilo hartzearen truke hiru jaiegun lortuko zituzten; bi atxilo hartuta, lau egun; eta hamar hartuta, bost. Honen aurrean… zer esan?
Eskuina eta eskuin muturra ertzaintzaren ernamuineraino sartua dago, eta hori ez da soilik ezker independentistak sufritu duen zerbait, geroz eta agerikoagoa da vascongadetan herritar guztiak kaltetzen dituen errealitate bat dela. Arazo oso, oso sakona dago Ertzaintzarekin eta bere agenteekin, eta ez bazaio errotik heltzen zinez zaila izango da bizikidetzan eta normalizazioan pausoak ematen joatea.
Ertzaintzak egindako 336 tortura kasu egiaztatu dira, eta txosten hori hautsez estalita dago kaxoiren batean. Horri heltzea, hori bai albistea, hori.
…
Jende jatorra, eüskaldün,abertzale eta ezkertiarra Ertzaintzan sartzeko garaia heldu ote da??? Bestela, nola buelta eman errealitate latz honi???
Bada, ertzainen azken manifan, Gasteizen, “Borroka da bide bakarra” eta “Jo ta ke irabazi arte” ziren lelo oihukatuenak.