Politikak, Jarrerak, Erabilera

Politikak, Jarrerak, Erabilera –

Eusko Jaurlaritzak Euskara: Erabilera, Jarrerak, Politikak ikerketa argitara eman du. Bereziki azpimarratzeko modukoak iruditu zaizkit arlo sozioekonomikoarekin lotutako datuak, nahiz eta analisia orokorregia den.

Euskararen ulermenari dagokionez, kontuan izateko datua ageri da: 15 urtetik gorako EAEko biztanleen % 77 euskara ulertzeko gai dira (% 45ek ulermen maila ona dute eta % 32k “zertxobait” ulertzen dute); gainerakoek ez dute ezer ulertzen. Lan esparruan normalean erabiltzen den hizkuntza gaztelera izaten da eta, ikerketaren arabera, % 10 inguru aritzen da beti euskaraz lantokian.

Pertzepzioei dagokienez, inkestatuen % 85en arabera, EAEn euskaraz hitz egiten dakienak aukera handiagoak ditu; ikerketan ez da ageri, hori esaten dutenetatik, zenbat leudekeen prest euskara ikasteko. Hala ere, hizkuntzaren prestigioa ez dago maila berean inondik inora, izan ere, % 45ek erantzun dute euskaraz hitz egiten jakiteak prestigio handiagoa ematen diola pertsonari. Aldea dago bi datuon artean. Euskarak ateak irekitzen ditu, baina ez du status sozialik ematen. Horrenbestez, hizkuntza prestigiatzen ere lan egin behar da. Hizkuntza gutxiagotuek bizirauteko, prestigio soziala eskuratu behar dute esparru guztietan, lan merkatura zabalduz, garapen ekonomikoarekin lotuz, komunikabideetan presentzia irabaziz, erreferente egokien gidaritzapean.

Jarrerei gagozkielarik, oraindik ere gehiengoak uste du euskararen garapena denborarekin konponduko dela, neska-mutilek eskolan ikasten dutelako… Urte hauetako irakaspena da hizkuntzaren etorkizuna ezin dela eskolaren esku bakarrik utzi eta gainerako esparruak ere bere egin behar dituela. Euskalgintzak oso argi dauka, baina ez du asmatu hori gizarteratzen.

Bestalde, gehienen arabera, euskara ez da zama bat enpresentzat eta merkatarientzat, nahiz eta % 21 iritzi horretakoa den. % 86k erantzun dute hizkuntza guztiek garrantzi bera dutela gizateriarentzat eta bizi iraun dezaten neurriak hartu behar direla. Ez da ezer esaten (ez baita galdetu) zer eratako neurriak izan behar diren. Oso erraza da ados egotea hemen adierazten denarekin… Ekintza zehatzetan sartuko bagina, inkestatuen iritziak desberdinak izango lirateke. Azpimarratu ere egiten da neurri politikoak hartu behar direla, nahiz eta ez izan guztien gogoko. Atal honetan. Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi duen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko dekretua datorkit gogora… Horren harira, % 81ek adierazi dute kontsumitzaile eta erabiltzaileek beti eskubidea dutela euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko saltoki, enpresa eta administrazioaren aldetik.

Ziur naiz ikerketa honen datuak aztertu ez ezik, kontuan ere izango dituztela Eusko Jaurlaritzan hizkuntza politikaren ardura dutenek, Administrazioari baitagokio hizkuntza politika eraginkorra definitzea eta euskara

z bizi ahal izateko baldintza politiko, juridiko, sozial eta ekonomiko egokiak bideratzea gizarte-eragileekin elkarlanean eta egoki koordinatua. Ea hurrengo ikerketan faktoreen hurrenkera aldatzen den – “Euskara: Politikak, Jarrerak, Erabilera” – eta hizkuntza politika egoki baten gidaritzapean, jarreretan eta erabileran eragiten den.

Irudia | | | Creative Commons By SAPolitikak, Jarrerak, Erabilera

Politikak, Jarrerak, Erabilera

Euskaltzalea

2 pentsamendu “Politikak, Jarrerak, Erabilera”-ri buruz