Politika egin baina prozesua trabatu gabe
Bilduk, eta bere baitan dauden independienteek, estrategikotzat jotzen zituzten M22ko hauteskundeak. Hamarkada bat erakundeetatik kanpo zeramatenei ahotsa itzultzea ez ezik, prozesuaren beraren biziraupen eta sostengua zegoen jokoan. Bilduri aurkezteko aukera emanda, honek sekulako emaitzak izatea ere aurreikusten zuten, nahiz eta baikorrenak ere ez bermatu azkenean izandakoak.
M22 gauean, emaitzak ikusitakoan, prozesuari, horrela, bultzada handia eman ziotela herritarrek esan zen, baina datozen lau urteek zer ekarriko duten jakin gabe, honek bere ifrentzua ere baduela jabetu da bat baino gehiago. Aurreko batean nioen bezala, Bildu gobernatzeko posizioan egongo da leku askotan, eta EAJ eta PSE ataka estuan jarri ditu horrek. EAJ eta PSEren arteko itun bistakorik ez da izango, baina politika egiten aurrez-aurre izango ditu Bilduk, eta hori begien bistan dago.
Bake prozesuak aurrera egin nahi badu baina, alderdi guztien babesa beharko du Bilduk. Eta eztabaida politikoa asko gaiztotzen bada, EAJ eta PSE lagun baino etsai izango ditu ziurrenik. Bilduri herritarrek babesa eman diote, eta ez lukete, halere EAJk eta PSEk hori ahaztu behar.
Andoainen gertatzen ari dena lekuko.