Etxebizitza EAEn, politika benetan publikoaren beharra
Politika benetan publikoaren beharra –
«Gure lana ondo egin dugu». Esaldi autokonplaziente horrekin hasi zuen bere hitzaldia Mario Yoldi Jaurlaritzako etxebizitza-zuzendariak. 2024ko uztailean, Etxebizitza Itun Soziala delako foroaren agerraldi publiko bakarrean. Lasai asko. Eta ez zuen soilik azken legealdia baloratu, Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren ibilbide osoa baizik.
Egungo datuek, baina, ez dute erakusten lan onaren emaitzarik. EAEko alokairu-prezioak gailur historikoan daude gutxienez 2023ko udatik: hilean 800 eurotik gora, batez beste. Babes publikoko etxebizitzak eskatzeko Etxebideren zerrenda ere, errekor historikoan dago, 105.000 eskatzailerekin, zeinetatik %80ak, 84.000 eskatzailek, alokairu soziala eskatzen duten. Horietatik, gainera, 26.000 eskatzailek azken 18 hilabetetan eman dute izena: eskaria %46 igo da urte eta erdian. Datu horrek oso ondo erakusten du egoeraren larria. Azken 7 urteotan EAEn alokairuak %26 igo direlako eta soldatak %16 inguru: EAEko maizterrek gutxienez %10eko botere-galera eduki dute. Ez da gutxi.
Datuok sistemaren porrotaren seinale dira. Edo justu kontrakoa: sistemak ondo funtzionatu duen seinale;ondoegi, helburua etxebizitzen balio immobiliarioa handitzea bazen. Hori izan baita etxebitzapolitiken zio nagusia Francoren garaietatik: Arrese etxebizitza-ministroak «propietarioak nahi ditugu; ez proletarioak» bota zuen 1959an, eta Jaurlaritzatik ere ez da oso politika ezberdina jarraitu, funts horri dagokionez bederen, etxebizitza-eskumena 1981ean eskuratu zuenetik. Jabegoaren kultura sustatzen jarraitu duelako azken 44 urteotan. EAE delako Espainiar Estatu osoan etxea erostearen truke fiskalki oraindik desgrabatzen duen autonomia-erkidego bakarra, horretarako urtean 320 milioi euro bideratuz. Eta hori gutxi balitz, Jaurlaritzak etxeak erosteko hipoteken abal publikoak iragarri ditu 2025erako. Jabe nahi gaituzte, ez jare.
Europako eredu arrakastatsuena ikustea ez legoke soberan. Vienan beste zerbait egiten dute, oso bestelakoa, eta lortu dute hango alokairu-prezioa Hego Euskal Herrikoa baino merkeagoa izatea, eta hango gazteak hemengoak baino sei urte lehenago emantzipatzea. Zer egin dute? Bi gauza bereziki: alokairu sozialaren aldeko apustu iraunkorra (Vienako etxeen %60 da alokairu babestukoa) eta merkatu-prezioen erregulazioa. Bi ideia horiek gero eta barneratuago daude Hego Euskal Herriko diskurtsoetan, baina politika zehatzak ez doaz norabide berean. Jaurlaritzatik haien burua zuritzen dute argu diatuz Vienan jada 100 urte daramatzatela etxebizitza-politika hori egiten. Baina ez dute aitortzen Jaurlaritzak dagoeneko 44 urte daramatzala berea gauzatzen, Vienan daramatenaren ia erdia, eta porrot egin duela. EAEko alokairu babestua ez delako parke osoaren %2,5era ailegatzen: denboraren erdia izan dute, bai, baina Vienakoaren %4a baino ez dute lortu.
44 urteotan alokairu sozialeko parke nahikorik osatu ez dutenez (28.000 etxe daude EAEn alokairu sozialean, Bizigune programako 8.000 etxeak barne hartuz), eta eskatzaileak askoz gehiago direnez (28.000 horiez gain, beste 84.000, lehen esan bezala) prestazio batekin ordezkatzen dute etxebizitza-eskubide subjektiboa, 2015etik legez aitortuta dagoena: diru kopuru bat ematen da, hilean 300 eurokoa, merkatu librean alokairua ordaintzen laguntzeko. 2025ean 180 milioi euro bideratuko dituzte EAEn prestazio ezberdinetara (etxebizitza prestazio ekonomikoa, prestazio osagarria, Gazte lagun, Emantzipa eta alokairurako AES laguntzak), zuzenean joango direnak zorro publikotik etxejabe pribatuen poltsikora, alokairu burbuila oraindik gehiago puztuz. EAJk eta PSEk 2016tik Jaurlaritza tandemean gidatzen dutenetik gero eta gehiago zabaldu da prestazionismo iraunkorra, soluzioa izatetik urrun, arazoaren parte ere bilakatu dena.
«Europan baino bost urte beranduago emantzipatzen dira gure gazteak. Etxebizitza-politika benetan publikoa egiteko garaia da. Jabegoaren eta negozioaren aldeko politikarekin jarraitu ordez, justizia sozialean oinarritutako etxebizitza-politika egiazki publikoa egiteko garaia»
Alokairu sozialeko parkea handituko balitz, prestazioak alde batera utzi ahalko lirateke, etxe bat esleituta daukan herritarrak ez duelako prestaziorik behar. Alokairu sozialeko etxebizitza kopurua nabarmen handitzea, gainera, prezio-igoera gelditzeko eta are prezioak jaitsi arazteko bidea da. Horretarako parke publikoa gutxienez hirukoiztu beharko litzateke, eskariaren eta eskaintzaren arteko harremanean eragiteko. Etxebizitza-politika benetan publikoa horretan zentratu beharko litzateke. Vienan bezala.
Orain arte aipatutako urteroko 500 milioi euroak (erosketa-desgrabazioetako 320 eta prestazioetako 180) parke publikoa handitzera bideratu behar da, lehenbailehen. Etxebizitza merkeak erostera, esaterako, ondoren alokairu sozialean jartzeko. Besteak beste, babes publikoko etxeak lehentasunez erosiz (Jaurlaritzak sistematikoki uko egiten dio eskubide horri): prezioa legez mugatuta dutenez, erraza da aurretik planifikatzea urtean zenbat erosi nahi diren. Beraz, Jaurlaritzak bide honetatik urtean erosten dituen lauzpabost etxebizitzen ordez, bada garaia urtean 500 inguru erosteko, alokairu sozialeko parkea handituz.
Etxe huts guztiak merkatu arazi beharko lirateke dagoeneko. Pizgarrietan zein zigorretan sakonduz. Alegia, alokairu sozialeko Bizigune programa hobetuz, aitzakiarik egon ez dadin; eta etxeak huts mantentzen tematzen diren jabeei ekonomikoki gehiago zigortuz, etxe hutsen kanona behingoz aplikatzen hasiz. Horretarako hoberena litzateke Jaurlaritzak lidergoa hartzea, baliabide gehiago dituen heinean, bai etxe hutsen izendapena egiteko bai ondorengo alokairu nahitaezkoak martxan jartzeko. Gutxienez 10.000 etxe daude EAEn jada kanona ezartzeko baldintzetan, jarraian bi urte baino gehiago daramatelako hutsik. Jaurlaritzak agintea hartu behar du etxebizitza-larrialdi honen erdian, etxe hutsik egon ez dadin.
Berdina esan daiteke alokairu-prezioaren mugaz. Jaurlaritzak, agintea hartu ordez eta area tentsionatuak gobernutik izendatu ordez, Katalunian egin den moduan, nahiago izan du baliabide gutxiago dituzten udalen esku utzi prozesu osoa. Jaurlaritzari dena atzeratzeko asmoa igarri zaio: hasieran esan zuen auzoka egin zitekeela izendapena, eta, hanka sartu ondoren, aitortu zuen udalerri osoak ere kontuan hartuz egin daitekeela; esan ez duena da garrantzitsua: autonomia-erkidego osoa ere izenda liteke area tentsionatu. Datuek hori abalatzen dute, herritarren batez bestekoak diru-sarreren %30a baino gehiago bideratu behar duelako hipoteka eta etxeko gastuak ordaintzera. Jaurlaritzak lidergoa hartu behar du alokairu-prezioen gorakada gelditzeko.
Alabaina, EAJ eta PSEren Jaurlaritzak etxebizitza negozio gisa jotzen jarraitu nahi du, azken 44 urteotan egin moduan. EAJ, EAEko 2015eko Etxebizitza Legearen kontra bozkatu zuena, ez dago Vienako ereduaren alde, ez duelako bultzatu nahi alokairu soziala eta ez duelako mugatu nahi etxebizitzaren prezioa. PSEk, Jaurlaritzaren parte gisa, Espainiako 2023ko Etxebizitza Legea Konstituzio Epaitegian salatu du; eta azken asteotan estrategia makurra martxan abiarazi du,etxebizitzaren alorreko erru guztiak udal-gobernuei, bereziki oposizioaren esku daudenei, egotziz.
Eta horrekin oso lotuta, adreiluaren burbuilako soluzio bera berriz ere proposatu du Jaurlaritzak: lurzoru urbanizagarri gehiago klasifikatzea, etxebizitza gehiago eraikitzeko. Berdin die gaur egun EAEn babes publikoko 75.000 etxe jada egotea planifikatuta, eraikiak izateko zain. Zoru gehiago behar ei da, gainbalio gehiago, negozio gehiago. Eta horretarako dator kolaborazio publiko pribatua deiturikoa: eraikitzailei alfonbra gorria jartzeko, 2006ko Lurzoru Legeak ezarritako erreserba publikoak txikituz. Etxe babestu gehiago lortu nahi dituzte promotore gajoei etxe babestu gutxiago eskatuz. Bai bitxia.
Etxebizitza negozio immobiliario gisa ulertzen jarraituz ez da etxebizitza-eskubidea gauzatuko. Ezin zaie promotorei etxebizitza-politika publikoa moldatzen utzi. Hori jada egin da 44 urtez eta emaitzak gure aurrean dauzkagu: Europan baino bost urte beranduago emantzipatzen dira gure gazteak. Etxebizitza-politika benetan publikoa egiteko garaia da. Jabegoaren eta negozioaren aldeko politikarekin jarraitu ordez, justizia sozialean oinarritutako etxebizitza-politika egiazki publikoa egiteko garaia.
…
Unai Fdez. de Betoño
UPV/EHUko Arkitektura Eskolako irakaslea eta Gasteizko Udaleko zinegotzi ohia
…
Galde 48 udaberria/2025
Politika benetan publikoaren beharra
Etxebizitza EAEn, politika benetan publikoaren beharra