Poliedroaren ertzak
Poliedroaren ertzak –
Maixabel amaitu eta gero, jarlekuan jarraitu genuen pare bat minutu. Kredituei begira, disimuluz. Irentsi behar genuen. Urdaileko matazak denbora hartu zuen guztiz askatu arte. Gauez ni baino dezente gazteago den lagun batek hots egin zidan. Beste belaunaldi bateko emakumea da. Berak ere ikusi berria zuen filma. «Eta?», galdetu nion xaloki. «Ez, ez; esan zuk lehenengo», erantzun zidan. Tanteatzen ari zen. Hitz bakarra esan nion: «hunkigarria». Ez zuen gehiago behar. Orduantxe hasi zitzaion bere berbaro jariotsua borborka ateratzen, Cumbre Viejako labaren antzera. «Ez dakizu zenbat negar egin dudan… zelako korapiloa sortu zaidan bihotzean…». Esperientzia terapeutikoa izan zen berarentzat. Baita niretzat ere. Gehien hunkitu zuena, Maixabel Lasak erakutsitako indarra, barruko eta kanpoko haize guztien kontra aurrera egiteko erakutsi zuen kemena. Film beharrezkoa, gure iragan hurbil gordinarekin bat egiteko aukera ematen duena.
Justu duela urtebete Non dago Mikel? ikusi genuen eraikin berean, pareko aretoan hain zuzen ere. Eta sentsazio berberarekin atera ginen zinematik. Hunkiturik. Eztarriko korapiloa irentsi ezinik. Mikel Zabalzarekin batera atxilotua eta torturatua izan zen Ion Arretxeren lekukotasun gordin eta zehatzak zulatu zigun arima. Bere hitzek (Maixabelenak bezala) ez zuten —inondik ere— herrarik transmititzen. Haren berbaroak sinesgaiztasuna islatzen zuen. Gogoeta erabat humanoa egiten zuen: «Torturatzen ninduten bitartean, nik pentsatzen nuen… hemen, hainbeste egun zuen artean igaro ondoren, eta… joe, ez al natzaizue sikiera pixka bat ongi erori?». Basamorturik idorrenean, lorea. Dokumentalean sinesgarritasun bera isurtzen zuten Mikel Zabalzaren amak, arrebak, bere ilobek eta haren bikotekide Idoia Aierbek. Zoritxarrez, ez amak, ez Idoiak, ezta Ionek ere ez zuten dokumentala ikusterik izan, lehenago hil baitziren. Patuaren miseriak.
Euskal gatazkak mila aurpegi ditu. Poliedroaren antzekoa da: hainbat aurpegi, ertz eta erpin ditu. Hemendik begiratuta, sentsazio bat hartzen duzu. Handik ikusita, beste bat. Perspektiba kontua da. Bere osotasunean behatu behar da, baina. Gertatzen dena da poliedroaren aurpegi batzuek distira eta oihartzun dezente handiagoak dituztela beste batzuek baino, haien gainean jarrita dauden fokuak askoz indartsuagoak direlako. Esaterako, Patria bezalako produktuek mainstream-en laguntza osoa eta HBO bezalako plataforma handien irismena duten bitartean, Non dago Mikel, Bolante baten historia, Paperezko hegoak edota Caminho longe bezalako dokumentalek, adibidez, urteak behar izaten dituzte pantailara eraman ahal izateko. Eta lortu baldin badute ere, hainbat lagunen konplizitate eta crowdfunding kanpainei esker izan da, herritarren babesari esker, alegia. Beraz, ez da soilik perspektiba kontua. Fokuak eta baliabideak ere oso garrantzitsuak dira.
Poliedrotik poliedrora. Berreskura dezagun 1983an Joan Mari Irigoienek (besarkada bat Joan Mariri), errealismo magikoaz kutsaturik, idatzi zuen Poliedroaren hostoak eleberrian ageri den pasarte bat. Nobelan bi familien arteko liskarra azaltzen da. Elizalde eta Ibargoyen sendiak aurrez aurre ageri dira testu osoan zehar, 150 urtean. Bada niri biziki deigarria egin zaidan pasarte bat. Beñat Sarasolak azaldu zuen Sautrela programan (2014). Bertan on Meliton apaizak ibargoyendarren etxera egindako bisita kontatzen da. Honela:
«Egun berean, Bonifazio Elizalde gerrillariaren aginduz, Ibargoyendarren etxera hurbildu zen don Meliton apeza:
-Berri txarrak ekartzera nator, zure senarra hil dute.
-Ausentzia bat hiltzea ez hiltzea bezala da, erantzun zion Martaren kristalezko ahotsak.
Liluraturik geratu zen apaiza […]. Martak, apaizaren liluramenduaz konturaturik, aurrera ekin zion:
-Gizonek gerra egiten besterik ez dakizue. Karlistak eta liberalak, batzuak eta besteak, denak berdinak zarete. Eta entzun, hemen heroeak inor izatekotan, gu gara, emakumeak».
Ez ote da gauza bera orain ere gertatzen ari? Gure gatazkaren aitzindari gizonak izan ordez emakumeak izan balira berdin egongo ginateke orain? Zientzia-fikzio egitea da, badakit. Baina Yoyesekin gertatu zena etorri zait burura, edota Carmen Gisasolak bultzatu zuen Langraiz bidearekin jazotakoa. Emakume hauei kasu egin balitzaie akaso beste egoera batean egongo ginateke orain. Gauden egoeran gaude, bai; baina atzera begiratzeak oraina interpretatzen eta etorkizuna diseinatzen lagunduko digu.
Ondotxo dakigu denok interes handiak daudela jokoan. Batzuek garaile eta garaituen arteko kontakizun hutsera eraman nahi dute auzia. Errelatoaren bataila gudu-zelai berria da. Politikariak hitz eta pitz ari dira, baina elite politikoen diskurtsoa gero eta aspergarriagoa da. Urrunetik sumatzen da. Nago beren eragina ere gero eta ttipiagoa dela. Haiek ere jabetu dira. Horregatik, narratiba kanonikoa lortzeko bideak pantailetara egin du jauzi. Ikus-entzunezkoen nagusitasuna inoiz baino agerikoagoa da. Fikzioaren bidez jendearen oroimenera eta bihotzera iristea oso erraza da, eta, gainera, eraginkorragoa da, batik bat gatazka gertutik bizi izan ez duten belaunaldietara iristeko.
Gizarte zibiletik ekimena berreskuratu behar da. Gatazkak sortutako traumari konponbide sendatzailea eman nahi badiogu, diskurtso hiper-ideologizatu eta bideratuetatik aldendu egin behar dugu. Gogoan ditugu denok duela urte batzuk alderdi desberdinetako emakumeek sortutako Ahotsak mugimendu interesgarria, baita hainbat udalerritan (Errenteria kasu) burutu ziren esperientzia txalogarriak edota fokuetatik at —diskrezio osoz— pentsamolde desberdineko herritarren artean gauzatu diren beste hainbat foro ere. Sendatzaileak izan dira.
Kontakizunak, osatzailea izateko, poliedrikoa izan behar du. Egiari zor zaion errespetua kontuan hartuz, narratiba desberdinak barneratuz. Justizian, oroimen poliedrikoan eta egian sustatutako bizikidetza behar dugu. Poliedroaren ertzak, erpinak eta minak kontuan hartuta, baita aurpegiak ere, noski. Nago, zeregin horretan, gizonezkook pauso bat atzera eman behar dugula eta emakumeek beste bat aurrera.
…
BERRIArentzat egindako kolaborazioa